Alex Txikon Katmandura bidean da, bertako agentziak espedizinoa amaitutzat jo dauelako

Bizkaie! 2017-02-16 13:35   Euskaldunak munduan

Everest igoteko asmoari eutsi deutsala dino lemoarrak. Baina Nepalgo uriburura bajatu behar izan dau, laguntzino gehiagoren bila, materiala Behe Kanpalekuan itxita.

Everest neguan eta oxigeno barik igoteko proiektua kili-kolo geratu jako Alex Txikon alpinista bizkaitarrari, azken orduetako gertakarien erruz. Aste hasikeran huts egin eban tontorrera heltzeko ahaleginak, eguraldi txarragaitik. Behe Kanpalekura heltzean, albistea jaso dau Txikonek: Seven Summit Trek agentziak bertan behera itxi dau espedizinoa eta ez deutso gehiago lagunduko.

Alex Txikonek argi eta garbi adierazo eban, Behe Kanpalekutik, Everest igoteko beste ahalegin bat egiteko gogoa eta indarra eukazala. Seven Summit Treken erabagia ezagutu eta gero be, asmo horri eutsi deutso lemoarrak, baina plana aldatu behar izan dau, Katmandura bajatzeko. Sare sozialen bidez azaldu dauenez, Behe Kanpalekutik Nepalgo uribururako bidean dago orain.

Alex Txikonek azaldu dauenez, Behe Kanpalekura heldu zanean, agentziako kideak topau zituan kanpalekua kentzen. Bere ekimenez eta Txikoni ezer esan barik erabagi dau Seven Summit Trekek espedizinoa bertan behera ixtea.

Txikonen eta agentziaren arteko txarto-ulertuak, baina, egun batzuk lehenago hasi ziran. Haizeteakaitik Everesteko tontorrera heltzeko ahaleginean huts egin eta berehala, Seven Summit Trekek zabaldu eban Txikonek amaitutzat jo ebala espedizinoa eta etxera bueltauko zala laster. Mendizaleak, baina, ukatu egin eban hori.

Honenbestez, Katmandun zeregin garrantzitsuak izango ditu Txikonek. Lehenik eta behin, Everestera bueltetako babesa topau behar dau, izan be, Seven Summit Treken laguntzino barik, beste leku baten lortu beharko dau azpiegiturea. Txikonek eta bere taldeak Katmandutik zein Bilbotik bilatuko dabe urtenbidea. Lemoarrak dino dirua ez dala arazo. Bere ibilerei adi dagozan zaleei pazientzia eskatu deutsie.

Bien bitartean, Alex Txikonek erabagi dau espedizinoaren materialaren parte bat Behe Kanpalekuan lagatzea. Izan be, hara bueltau eta igoereari barriro ekiteko asmo sendoa dauka lemoarrak. Konfiantzazko kide bat dago Behe Kanpalekuan, materiala jagoten.

Alex Txikonek honakoa adierazo dau: Oso indartsu sentiduten naz, ez dot erronka hau bertan behera itxi nahi. Everest nire zain dago! Zer esanik ez, ganera, munduko txoko guztietatik jasotako mezuek emon deusten indarraz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu