'Orekeak ez dau balio aspaldi jausi zarenean'

Bizkaie! 2017-02-06 08:40   Euskaldunak munduan

Laugarren Kanpalekura (7950 m.) arteko bidea eginda, barriro Beheko Kanpalekuan dagoz ezpedizinokideak aro txarreko boladeari aure egiteko asmoagaz.

Zezeilaren 2an, Behe Kanpalekutik urten eta Bigarren Kanpalekurantz abiatu ginan (6350 m), eta dagoeneko hainbat alditan egin dogun ibilbidea izan arren, arriskutsua izaten jarraitzen dau. Khumbuko izotz-jauziaren barrenetik igaro, eta bakotxean gatxagoa dala jaubetzebn naz; izan be, neguan seguruagoa izango zala uste neban, baina erratuta nengoan, igoten garen bakotxean zailtasun handiagoak topetan ddoguzalako.

Mugara heldu gara; ez dogu material gehiago ezta baliabide nahikorik bere. Everesteko espedizio hau oso zorrotza izaten ari da hasieratik amaierara arte; dana guk egin behar izan dogu.

Zortzi ordutan heldu ginan Bigarren Kanpalekura. Ondo lotutako dendea jarri genduan bertan, baina bertan ez egoan ezer, haizeak bereak egin zituan. Beraz, materiala alde batetik eta bestetik topetan saiatu ginan.

Egitasmoa aldatu genduan; 3an, barikuan, deskantsua hartzen geratu ginan eta 4an, zapatuan, Laugarren Kanpalekura jarraian igotea. Ai, amatxu maitia, zelako zorakeria!!

3, barikua, isiltasun hutsean igaro genduan. Normalean, bromatan ibilten gara, eta barreka, baina danok isilik gagoz. Halan da be, ez deust horrenbeste harritzen, aurretik geunkana ez zalako ahuntzaren gauerdiko eztula. Arratsaldeko seiak dira eta lo sakuan lo egiten saiatzen gara; barriro be isiltasuna, eta beragaz batera, txolarreen soinu ederra. Bigarren Kanpaleku honetan, txolarre eta erroiez inguratuta gagoz.

23:30ak. Plazara urtetako ordua da; Norbu, Nuri, Furba, Cheppal, Pemba eta ni denda handian batzen gara. Urduri gagoz, hotz handia egiten dau, 30-35 gradu zero azpitik edo. Materiala hartzen dogu, ez jat askorik sartzen motxilan. Urduri nago, neguan gauez urteteak errespetu handia emoten deust. Minik barik urten nahi dot, hurrengoan, bestela, ezingo dot gailurrera jo.

Laugarren Kanpalekurantz abiatzen gara (7950 m.). Danok isilean. Gaua oso iluna dago, baina izarren distirak argitzen gaitu.

Ez ditut frontalaren pilak aldatu, eta ez dot ezer ikusten. Ni bai ni, pilek dirutzea kostauko balebe legez! Baina, egia esan, baliabide gitxi daukagunez, dana muturreraino eroaten dot. Esaterako, ez jat bape gustetan, Behe Kanpalekuan janaria egiten deuskuenean, janariaren erdia platerrean gelditzea!

Erritmo oso onean goaz, akaso, azkarregi. Neure gauzetan pentsetan noa… ai amatxu maitia!

Arrakaletan abiatzen gara, berez ez dira oso arriskutsuak, baina batean gelditu naz harrapaturik, eskerrak motxilak eutsi nauela, bestela... ez dot imajinau bere egin nahi, sakonera handiko ames gaiztoa bilakatu balitz. Bihotz-taupadak arindu egiten dira, bularrean presioa sentiduten dozu eta ito egingo zarela emoten dau. Eskerrak pemba atzetik etorrela eta lagundu deustala. Kontzentrazinoa barriro be bereganatzen eta aurrera egiten saiatzen naz.

Goizeko 03:00rak dira. Hotz handia egiten dau, eta haizea gogor joten hasi da; errimaia banan-banan eskaletan hasten gara, eta izozturik gelditzen naz. Gorantz begiratu, eta izar batek neure begiradea atzemoten dau, ganerakoak baino ederragoa da, eta berau eskuratzea dot helburu. Gaua oso gogorra da, eta motibazinoa bilatu behar dogu.

Lehen soka finkoetatik ahalik eta arinen eskaletan saiatzen naz, hotzak neure atzamarrak gatibu hartu ez daizan, aitatutako izarraren babesa sentiduten dodan bitartean. Zerua oso hur daukagula emoten dau baina zer demontre, unibersoan dagoz!!

Goizeko 05:00ak dira. Hirugarren Kanpalekuan gagoz (7250 m). Ia ez dodaz hankako atzamarrak sentiduten. Erritmoa arindu eta ahal dogun arinen egiten ougu aurrera, izozturik gelditu ez gaitezen. Ordu bete igarota, zerua ez da horren iluna, eta eskuratu nahi neban izar hori desagertu egin da.

Bailaran behera begiratu eta egunsentiagaz zur eta lur gelditzen jat, segurutik, inoiz ikusi dodan politena baita. Nere aurrean, Chomolugmaren (Everest) edertasuna, panoramikea, ...baina, era berean, haizea gogor dabil eta gero eta hotz handiagoa egiten dau.

Egurra emon, eta noizbehinka, Isiltasunaren Bailararantz begiratzen dot. Egunsentiaz gozau, eta jarraitzeko indarra lortzen dot.

200 metroko luzeran, 6 zatikapenetan banatutako soka zaharrak erabili doguz; bertikal hutsa hasten da. Bigarren Kanpalekurantz begiratzen dot, eta oraindino be, eguzkiak ez dau joten. Momenturik gogorrak biziten gagoz, haizeak gogor joten dau.

Azkenean!! Eguzkia bigarren kanpalekuan joten hasi da, beraz, goizeko 09:00ak eta 10:00ak dirala esan nahi dau horrek, eta 7800 metrotara gagoz. Geure eskuman, Lhotseko laugarren kanpalekua igaro dogu, eta dagoeneko 8 ordu daroaguz itzalean.

Trikimailuak ez dira onenak, baina batzuetan, funtzionau egin dabe, eta nik huts egiten ez dauen bat apliketako beharra sentiduten dot: belauniko jarten naz lurrean, odolaren zirkulazinoa zarrtzen dot denpora tarte labur batean, eta bat-batean, karranpa mingarri batzuk sentiduten hasten naz; horixe da seinalea. Orduan, zutunik jarri eta odola zanetatik martxan hasten da barriro. Igarotako mina, azaldu ezina da, malkoak be jausi jataz minagaitik, baina hau desagertzean, hankako oinazpia be sentidu neike...

Goizeko 11:00etan eguzkiak aukerea emon, eta azkenean, zeozertxu berotzen hasiak gara, edurrezko zati konplikatu bat igaro, eta azkenean, Everesteko Hego Tontorra (7950 m) ikusten dogu!! Gainean daroadazan 15 kiloak bertan itxi (dendea, gasa, sokak...), eta beherantz egiten dogu jarraian Cheppal eta biok.


% 200eko kontzentrazino-mailea beheraino

Rapelean, harriak jausten doaz, gehienbat, zatikapenetako azken 300 metroetan. Ez dakit zer egiten nagoan, gorantz begiratzen dot, harri batek bertan itxi ez naian. Azken rapela, azkenean!! Gorantz begiratzen dot eta ez dodaz Norbu, Nuri eta Furba ikusten. Cheppalek eta neuk glaziarra igarotzen dogu.

Harrigarria, benetan: leher eginda dago, begietan sekulako mina, gau osoa betaurreko barik emon dodalako, eta orain begiak zarratzen badodaz, min gitxiago sentiduteko, lo seko gelditzen naiz. Zutik lokartzen ikusi dodala konturatzen naz, baina indarrak atera eta espedizino honetako neure bigarren gutizia eskuratzea dot helburu. Antxinako gauzak gordetea gustetan jat eta aspaldiko oxigeno botila bat berreskuratzen saiatzen naz, etxean dodazan besteakaz gorde ahal izateko.

Egia esan, ez dago bape eskuragarri, aparteko esfortsua egin behar dot eskuratzeko; jota amaitzen dot, eta jesarri beharra daukat; bitartean, Cheppalek harrituta begiratzen nau, zoro hau zertan dabilen pentsauko dau, segurutik.

Bigarren Kanpalekura heldu eta planteamendua argi daukat, Behe Kanpalekura heldu nahi dot jarraian. Cheppali komentau eta ez deust jaramonik egiten, deskantzetan doala dino. 15 minututan zeozertxu edan eta Behe Kanpalekura bitarteko 25 kilometroak egiteko prestatzen naiz. Oso nekatuta nago, baina urteakaz indarrak dosifikiketan ikasten dogu, eta izotz-jausia egoki egon ezkero, iheltzeko moduan nagoala jakin badakit.

Erabagi eta pausu bakotxa aztertzen eta ondo pentsetea ezinbestekoa da holako erronka batean. Geure esku dagoan guztia emon behar dogu, amesa lortu nahi izan ezkero. eta, batzuetan, zabaldu nahi ez doguzan ateak zabaldu behar izatea be badakar.

Cheppalekin berba egin, eta walkia eskatzen deust, bertan gelditzeko ahaleginak egingo dituala igartzen deutsat, baina lasai egon daitela esan deutsat. Tarte konplikatuetan banan-banan igaro ohi garela esan deutsat, eta beraz, ondo joango nazela, Pabloren urteak dirala eta bertan ospatu nahi dodala.

14:45ak dira. Erritmoa dezente arindu ezkero, gau aldean biltegira heldu gaitekez, horixe da helburua. Izotz-jausiak bere horretan mantentzea, besterik ez dot eskatzen. Gainera, egunotan urakana sartuko da, eta ahalik eta arinen bajatu behar gara hemendik.

Helburu txikiak marketan dodaz beti, eta falta jatazan gorabeherak buruz dakizkit, ibilbide guztia bezela. Azkenean, heldu gara biltegira, eta Aitor hurreratu jaku, Coca Cola bategaz eta Gatz geure txakurtxuagaz.

Bizi garen morrena igarota, Behe Kanpalekura heldu gara; jesarri eta min handia daukat oinetan, atzamarrak negar batean dagoz, baita begiak eta ezpanak bere. 18 orduren ostean, jota nago!!! Baina hori bai, pozik.

Afari ederra eta urteetako pastel hobea Pablorentzat, merezidu dau-eta. Momentu batez, etxean gengozala sentidu dogu. Egun berezia izan da, segurutik, sekula ahaztuko ez doguna.

Eta, gaur, lerro honeek idazten nagoan bitartean, indartsu nago, egunotan egindako esfortzu guztien ondoren, eta ia ezer jan barik, eta 5 ordu lo egin ostean bere, ez naz nekatuta sentiduten, eta gorputzak egurra eskatu, eta hurrengoan tontorra laztantzeko aukerea izango dogula badakit.

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu