'Enaz superheroia'

Bizkaie! 2017-01-27 18:40   Euskaldunak munduan

Behe Kanpalekuan pare bat egun emon ondoren, oraindino, han goian bizitakoa onartzen gagoz, izan bere, arinegi da ondorioak atarateko, eta are gitxiago erabagiak hartzeko.

Hasi besterik ez gara egin; ez gara prisakaz ibili behar; kontu handiz hartu behar doguz gauzak, eta eguraldia asmetan saiatu behar gara. Hormetatik igotea oso ondo egongo da, baina neuk geldiune bat bere egin nahi dot arnasa hartu ahal izateko.

Nik uste jenteak supergizonak garela uste dauela; zoroak, kontrolik eta sensibilidaderik bakoak, burdinezko gizonak garela, hau da (neure kasuan, zementuzkoa). Baita heriotzeari bildurra galdu deutsagula be. 

Baina ez da holan. Gauzak sentidu eta sufridu egiten doguz, eta ez dugu hemendik joan nahi; ekintzen ondorio eta arriskuak geure egiten doguz, batzuetan balentria handiagoagaz, eta besteetan, erabagi ez hain onakaz.

Indartsu sentiduten naz, eta neure taldekideakaz batera, Chomolugmari aurre egiteko gogo eta kemena dodaz. Bidebatez, espedizino honen talde osoari eskerrak emon nahi deutsadaz, partaide guzti-guztiak lan ederra egiten dagozalako.

Alex Txikon ez da inor, baina eurei esker munduko gailurrera neguan eta oxigeno artifizialik erabili barik igoteko ahaleginetan jarraitzen dot; eurei esker gagoz ezerezean, isiltasunean. Berba gitxitan, bakardade berezi honetan.

Bestalde, ibilbidean igaro behar doguzan serak arriskutsu horreeen (artelan gisara sortuak, horren ederrak, ikusgarriak, eta era berean, horren gaiztoak) azpitik igaro nazen bakotxean, arnasik barik gelditzen naz.

Noizbehinka, eztarria estutu eta bildur horrek sortzen deustan presinoak, bihotz taupadak arintzea dakar; artelan horreen azpian ahalik eta denpora gitxien igarotea dodalako helburu,

Horreetako baten azpitik igaro behar izan nazen bakotxean, seko gelditu naz; lasaitu, arnasa hartu, arriskua aztertu eta zorigatxeko arazorik izan ez daigun eskatzen dot arren. Hau da, izotz-bloke handiek geure gain egin ez deien eskatzen deutsat natureari.

Azken egunetan sentidu dodan bildurraren antzekoa da, izozketarik ez eukiteko bildur hori, 7500 metrotik gora gengozan 23ko goiz haretan legez.

Baina, zinez, orain bi egunera arte, menditik bajatu eta 24 ordura arte, ez nazela kapaz izan galtzerdiak kentzeko; bai, koldarkeriagaitik izan da. Ez nituan neure hankak izoztuta ikusi nahi, eta bildurragaitik nahiago izan dot errealidadea ez ikusi. Orain, zorionez, ez daukat ia minik, baina horrenbeste sufridu dot eta erronkea hemen amaituko zala be planteau dodala. Baina, ez da holan izan.

Beraz, ez dira supergizonak ezta super emakumeak existiduten. Ni behintzat, ez naz horreetako bat; izan bere, begiratu ze bildurtia nazen. Eta, jakin badakit, ez dala lehen edota azken aldia izango, galtzerdiak kentzean sekulako bildurra pasauko dodana. Izan be, ni enaz superheroia.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu