Javier Viar: 'Museoa bere historiako momenturik gozoenean itxiko dot'

Dabi Piedra 2017-01-09 16:03   Barriketan

Bilboko Arte Eder Museoko zuzendaria da Javier Viar 2002tik. Hamarkada eta erdiko lanaren ostean, baina, aurten bertan itxiko dau kargua. Erretiroa hartu aurretik, bere ibilbidean bizi izandakoaren ganean egin deusku berba eta amaitu barri dan 2016. urtearen balantzea egin deusku. Orain arte Madrilgo Pradon egon dan Miguel Zugaza izango da museoko zuzendari barria eta izendapen horregaz pozik dago Viar.

 

1.- Hamabost urtez Arte Eder Museoko zuzendaria izan zara. Ze balantze egiten dozu?

Emozino eta bizitasun handiko urteak izan dira, ze museoa hobetzeko aukerea izan dogu. Ni sartu nintzanean, museoa egituraz aldatu barri egoan, fundazino mistoa bihurtu zan. Hortaz, sistema barria probau egin behar zan, egokia ete zan ikusteko. Egia esan, nik uste dot emoitza bikaina emon dauela, plan jakin batzuk garatzeko aukerea emon deuskulako eta museoa bera egonkortu egin dauelako. Urteotan, erosketak egiteko modua izan dogu eta argitalpenak ohiko bihurtu doguz, adibidez boletina eta gidak. Hasikeran, behinik behin, egonkortasun ekonomikoa topau neban, gero krisia etorri zan. Baina krisiaren aurretik museoa modu harmoniatsu baten garatu ahal izan genduan eta horri esker lortu doguz gero zifra onak, bisitarien aldetik.


2.- Zure ibilbidean, zein da gomutarik onena ekarten deutsun momentua edo jazoerea?

Gordeten dodan gomutarik onena jentearena da, gugana etorri dan jentea. Inaugurazinoetan, esaterako, hurretik igarri ahal izan dot publikoak zelako interesa daukan museoagaz. Alde horretatik, laguntasun handia sentidu dot nik, hori zoragarria izan da. Jakina, erakusketa ederrak izan doguz, erosketa bereziren bat egin dogunean be une parebakoren bat disfrutau ahal izan dogu... baina omenaldirik handiena gugana etorri diran bisitariei egin nahi deutsiet.


3.- Eta damuren bat geratu jatzu?

Beti geratzen da egin nahi zenduan zeozer egin barik. Krisi ekonomikoak trabak ipini deuskuz eta asmo batzuk bete barik geratu jataz: Erosi ezin izan dogun koadroren bat, egin barik geratu diran erakusketak... lantaldea be ezin izan dogu nahi beste handitu, behargin gehiago beharrezkoak diran arren. Egia da krisiaren eragina ez dala arlo guztietan igarri eta, bitxia bada be, bisitarien aldetik izan doguzan zifrarik onenak krisiaren unerik txarrenetakoak dira.


4.- Krisia atzean itxita eta bisitarien kopurua goi-goian dagoala, uste dozu zure ondorengoari egoera onean itxi deutsazula museoaren ardurea?

Bai, nik uste dot museoa bere historiako unerik gozoenean itxiko dodala. Bisitarien urteko kopurua errekorretik hur egotea gero eta ohikoagoa da, aurten bertan historiako jentetsuenetan bigarrena izan da. Orain dala lau urte izan zan onena alde horretatik. Ganera, uste dot museoaren prestigioa sendotuz doala. Hau urte askotako lanaren emoitzea da, urterik urtera museoa aurrerapausuak egiten joan da. Gaur egun, programazino ondo finkatua dauka, prestigio itzela Espainian eta munduan.


5.- Urte askotako lanaren ondorioa da egoera gozo hau, zure esanetan. Zeren aldeko apustua egin dozu zuk zuzendari izan zaren artean?

Alde batetik, erakusketak, jakina, horreek diralako publikoa mobiduten dabenak, museoari bizia emoten deutsienak. Erakusketei esker, museoa erakunde dinamikoa da. Argitalpenak be bultzatu doguz, modu horretara gure bildumearen barri zabaldu dogu. Modu sistematiko baten gure bildumea ezagutzera emotea beti begitandu jat interesgarria. Horrezaz gan, erosketen bidez ahalegindu naz bildumea modu naturalean zabaltzen. Amaitzeko, apostu berezi bat be egin nahi izan dot, museo honen izakereagaz guztiz bat datorrena: Euskal artearen aldeko apostua. Arreta handia emon nahi izan deutsat euskal arteari, ez bakarrik azkenaldion egindakoari, ezpada edozein sasoitakoari. Dan-dana ezin izan dogu landu, baina euskal artean sakon aztertu barik egon diran hainbat alderdi jorratzeko pausoa egin dogu.


6.- Lehen be aitatu dozu krisi ekonomikoa. Zenbateraino eragin eutsan Arte Eder Museoari?

Nire agintaldiko bigarren zatia baldintzatu egin dau krisi ekonomikoak, hori holan da. Errekorteak egon dira, baina hori guri pasau jaku eta beste museo askori be bai. Azkenean, errekorte horreek goitik behera baldintzatu dabe gure politikea, bai artelan barriak erosteko orduan, bai erakusketa jakin batzuk antolatzeko orduan. Diruaren ordez, asmamena eta zorroztasuna erabili behar izan doguz.


7.- Miguel Zugaza izango da zuzendari barria, museoa ondo ezagutzen dau. Zelan hartu dozu izendapena?

Ederto hartu dot, erabagi bikaina begitandu jat. Kontuan hartu behar da, museo hau berezia dala eta Miguelek hona bueltau nahi izatea albiste bikaina iruditu jat, berak ondo ezagutzen dauelako hau. Museoaren zirrikitu eta sekretu guztiak ezagutzen ditu, baina baita inguruko lurralde kultural guztia be. Arte unibersalaz gan, bertoko arteari eskaintzen deutsan arreteak egiten dau museo hau berezi eta Miguelek ondo baino hobeto ezagutzen dau hori.


8.- Ze erronka izango ditu zure ondorengoak?

Ba, ez daukat idearik be. Hara, nik uste dot bakotxak topetan dituan erronkak norberak egindako plangintzen ondorio dirala. Orduan, berak museorako diseinetan dauen planaren arabera, erronka batzuk edo beste batzuk agertuko jakoz. Erronkak ez dagoz lehendik finkatuta. Dana  dala, nik uste dot, museoak baldintza edo erronka biri aurre egin beharko deutsela ezinbestean: Batetik, aurrekontu sendoagoa eta, bestetik, museoa handitzea, arlo fisikoan esan nahi dot. Pentsetan dot, horreek auzi biak funtsezko piezak izango dirala hurrengo zuzendariaren zereginetan eta museo honen etorkizunean.


9.- Beste alde batetik, urtea amaitu barri, 2016ko datuen barri emon dau Arte Eder Museoak. Igaz 270.000 bisitari joan ziran. Ze balorazino egiten dozue zuzendaritzan?

Ba oso pozik gagoz, nik balorazino bikaina egiten dot, besterik ez genduan behar! Igazkoa nire azken urte osoa izan danez museoaren gidaritzan, pozarren nago holako zenbakiak lortu izanaz. Erakusketak arrakastatsuak izan dira. Ganera, nabarmendu nahi dot, 2016an lortu dodala, azkenean, beti pentsau izan dodan moduko urte bat egitea. Hau da, hiru erakusketa klase nagusiei arretea emonda, antxinako artea, arte garaikidea eta euskal artea. Antxinakoan, Luis de Moralesena lako erakusketa garrantzitsu bat antolatu ahal izan dot, garaikideen artean be hiperrealismoarena oso ondo egon zan eta euskal artean Carmelo Ortiz de Elgeari eskainitako erakusketea aitatuko neuke. Alde horretatik, 2016ak perfekto urten dau, urtero egin nahi izango neukeen modura. Ganera, bisitarien aldetik erantzun bikaina izan dau gure proposamenak.


10.- Bilbora gero eta bisitari gehiago datoz, batez be udan. Esan leiteke Arte Eder Museoak asmau dauela azkenean horreek bisitariak erakarten?

Bai, datuak ikusi besterik ez dago. Udan oso nabarmena da eta, horri esker, aurtengo udan errekorrak apurtu doguz. Ikusi dogunez udea sasoi berezia dala, atzerritar asko egoten diralako, erakusketa jakin batzuetan jarri dogu arretea. Garagarrilean 22.000 bisitari izan genduzan, abuztuan 59.500 eta irailean 72.800. Gure historiako udarik onena izan da eta, horregaitik, pentsetan dot zeozer ikasi dogula urteotan.


11.- Eta bilbotarrek badaukie museora joateko ohiturarik?

Bai, gure publikoa oso fidela da. Museora datorren jentea hemen ingurukoa izaten da. Gure datuen arabera, bisitarien % 80 hemengoak dira, Bilbo eta Bizkai aldekoak. Ohiturea eginda daukan publikoa da gurea, bere egunerokotasunean sartzen da lantzean behin museora etortea. Publikoak gure museoari deutson maitasuna Museoen Lagun diranakan be ikusten da, asko dira. Inaugurazinoetan be igarten da jentearen beroa.


12.- 2017rako, zeintzuk izango dira museoaren proposamenik deigarrienak?

Ba, duda barik, laster baten zabalduko dogun erakusketea, Renoir-ena [Renoir: Intimidadea, zezeilaren 7tik maiatzaren 15era], izango da aitagarrienetako bat. Zezeilaren hasikeran inaugurauko dogu eta urteko proposamenik indartsuenetako bat izango da, alderdi mediatikotik, Renoirrek izen handia dauelako.


13.- Orain arte, eguaztenetan doban sartu ahal izan da museoan. Aurrerantzean, eguazten arratsalde eta domeka goizetan. Zer dala eta aldaketa hori?

Eguaztenetan jente larregi ez pilotzeko hartu dogu erabagia. Audientzia handiko erakusketetan arazoak izan doguz, eguazten batzuetan 8.000 lagun be alkartu dira aretoetan. Gure museoak badauka horri aurre egiteko egitura bat, baina zailtasunakaz. Orduan, doban sartzeko egunak bitan banatzea erabagi da, eguazten goizen eta domeka arratsaldeen artean.

Ganera, domeka arratsaldeetan museoa doban ipinita, urian jarduera kultural gitxiko ordu horreek dinamizetan lagundu nahi dogu. Uste dogu uriari bizia emongo deutsala domeka arratsaldeetan, edo horretan lagunduko dau behinik behin. Jenteak etxetik urtetea bilatzen dogu, museora etorteko eta, bide batez, uria okupetako, domeka arratsaldeetan bizia egon daiten eta Bilboko kaleak topaleku izan daitezan. Uriari onurea ekartea da asmoa, ze hori da gure zereginik garrantzitsuena, gu ez gagoz bakarrik, gu uriaren egiturearen parte gara.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa