Kirmen Uribek nobela barria aurkeztu dau, 'Elkarrekin esnatzeko ordua'

Bizkaie! 2016-11-22 13:33   literaturea

Aurretik be liburuaren ganeko zertzelada batzuk ezagunak izan diran arren, gaur egin dau agerraldia Kirmen Uribek, Susa argitaletxeko ordezkariakaz batera.

Kirmen Uribe eta liburuaren azala (Susa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Benetako personaietan oinarritutako istorioa dakar Kirmen Uribek Elkarrekin esnatzeko ordua liburuan. Ondarroako idazlearen hirugarren nobelea da, Bilbo-New York-Bilbo (2008) eta Mussche (2012) ditu aurretik argitaratuak. Karmele Urrestiren eta Txomin Letamendiren askatasun egarria agiri da lan barrian, Gerra Zibilaren osteko urteetan biek egin behar izan eben erresistentzia lana.

Ondarroako erizain bat zan Urresti eta Bilboko musikari bat Letamendi. Eresoinka taldean alkar ezagutu eben, erbestean. Sasoi haretako beste pertsonaia batzuk be inguruan izan zituen. Esaterako, Antonio Gezala margolariaren koadro bat da nobelearen abiapuntua (Artisten gaua Ibaiganen).

Erbestean egozala, 1943an, Urresti eta Letamendiri Bilbora bueltetako agindu eutsen Jose Antonio Agirre Lehendakariak. Zerbitzu sekretuetan lan eginaz, faxisten kontra burrukatzea zan euren zeregina. Euskal Herriaren historiaren atal bat jasoten dau liburuak. Uribek berak onartu dauenez, sarri ahaztu egiten diran gertakariak dira ordukoak. Era berean, familia baten bizipenak eta ezintasunak be erakusten ditu idazleak nobelan zehar.

Donostian egindako aurkezpenean Kirmen Uribek azpimarratu dauenez, nobelako pertsonaiak ameslariak dira, eta horregaitik oso maite ditu. Azken finean, familia horren historia berreskuratzen ahalegindu dala esan dau. Klandestinidadea, espioitzea, gerrea, kartzelea, errepresinoa... landu ditu Uribek.

Pertsonaia guztiak errealak dira eta benetako izen-abizenez agiri dira liburuan. Eszenak, ostera, fikzinozkoak dira. Sasoi haretako argazki eta agirietan arakatuta lortu dau Uribek ikutu erreala emotea kontakizun guztiari.

Kalean da, beraz, Elkarrekin esnatzeko ordua, irakurzaleen eskura. Euskerazko bersinoa ez eze, gaztelaniazkoa, katalanezkoa eta galegozkoa be eskuragarri dagoz. Hori bai, jatorrizkoa euskerazkoa dala dino Uribek eta, beste hizkuntzetako itzulpena koordinetea gatxa izan dan arren, ez deutsala originalari eragin.

Liburu-dendetan ez eze, zuzenean be ezagutu ahal izango da Elkarrekin esnatzeko ordua. Bihar, hilak 22, Bilboko Kafe Antzokian irakurraldia egingo dau eta 25ean, Donostiako Garoan. Zemendiaren 29an Gasteizko Oihanederren izango da. Abenduaren 1ean Iruñeko Karrikirin egingo dau irakurraldia, 4an Durangoko Azokan eta 16an Baionan.

 

Susako Gorka Arrese eta Kirmen Uribe idazlea Donostian egindako aurkezpenean (Susa)
'Artisten gaua Ibaiganen' koadroko eszeneagaz hasten da Uriberen liburua (Bilboko Arte Eder Museoa)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu