Ander Manterolak eta Eduardo Junquerak jasoko ditue Begoñazpi Ikastolako 2016ko ‘Gazte Role Model’ sariak

Bizkaie! 2016-11-10 11:24   Kulturea

Sarituek hezkuntza, fantasia eta mobimentuaren ikurra dan eta Nestor Basterretxea eskultore bizkaitarrak eginiko Gazte Role Model Saria eskulturea jasoko dabe.

Urtero lan eta alkartasun baloreak aintzat hartuta, Gazte Role Model Saria Bilboko Begoñazpi Ikastoleak emoten dauen saria da. Aurten, abade, antropologo eta Labayru Ikastegiko sortzailea dan Ander Manterola eta injineru, fundatzaile eta Egile Corporation XXI Enpresa Korporazinoko presidente Eduardo Junquera izango dira sarituak. Bilboko Ikastola honek eskaintzen dituan sariok, Estadu eta Euskadi mailan, hezkuntza munduan erreferente dira, adierazgarri diran personen alkartasuna eta hobetzeko eten bako ahalegina lako baloreak geletara eroateagaitik.

Sari-banaketea, zemendiaren 14an, astelehenean, arratsaldeko 18:30ean, Begoñazpi Ikastolan izango da (Jesus Galindez etorbidea, 15 - Txurdinaga- Bilbo). Bertan izango dira Bilboko alkatea dan Juan Mari Aburto, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua dan Cristina Uriarte, Euskera, Kultura eta Kiroleko Foru Diputadua dan Lorea Bilbao eta Bilboko Eleizbarrutiko gotzaina dan Mario Iceta. Solidaridade ereduari jagokon saria, Ander Manterolak jasoko dau eta Eduardo Junquerak lan munduari jagokona.

Euskadiko gizarte eta lan munduko zazpi kidek osotzen daben epaimahaiak ondokoa nabarmendu dau: alde batetik, Junqueraren (Durango, Bizkaia 1955) lan-ibilbidea, euskal industriaren transizino garaian egile nagusia izatera heldu dana, Europan barrikuntzearen lider izanez, nahiz eta hori guztia umiltasun eta apaltasunez egin. 2014an, euskal enpresaririk onenaren saria be jaso eban. Beste alde batetik, Manterolaren (Zeanuri, Bizkaia, 1934) euskal kulturearen lan antropologikoa zein euskerearen inguruko lana, batez be, bizkaierearen ingurukoa, Begoñazpi Ikastolan komunikazino-hizkuntza dana. Era berean, epaimahaiak on Joxe Migel Barandiaranen ikasle zala egindako ikerketa lanengaitik be nabarmendu izan dau.

Begoñazpi Ikastolako zuzendaria dan Merkat Bernaolak dinoanez, epaimahaiak sarituen lana eta konpromisoa onartzeaz gan, harremanetan zein barrikuntza eremuan gazteek jarraitzeko eredu izateko egiten daben lana be goratu dau, lana autorrealizazino profesionaltzat hartuz eta herriagazko konpromisoa izanez.


Epaimahaikideak

Gazte Role Model Saria 2016ko’ epaimahaia, Euskadiko gizarte enpresa munduko zazpi adituk osotu dabe: Izaskun Artetxe Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen Ekonomia saileko idazkari tekniko ekonomikoa, Aitor Cobanera SPRIko Barrikuntzako zuzendaria, Alberto García-Erauzkin Innobasqueko presidentea, Iñaki Garcinuño CEBEKeko presidentea, Gaspar Martinez Bilboko Eleizbarrutiko idazkari nagusia, Nerea Begoña Eleizbarrutiko Ikastetxeetako zuzendaria eta Merkat Bernaola Begoñazpi Ikastolako zuzendaria.

Epaimahaikideen esanetan, aurtengo Gazte Role Model Saria jaso dabenak gazteentzako eredu izango dira enpresa munduan daben jarrera baikorragaitik, lan-garapenagaitik eta besteakanako ardureagaitik. Hain zuzen be, hauxe da 2008tik hona Bilboko Gotzaitegikoa dan eta 1.600 ikasle inguru dituan ikastola honetako sarien helburu nagusia.


Ikasleei esperientzaren barri emonez

Sarituek euren bizipen edo esperientzia Ikastolako geletan zabalduko dabe, izan be, ikasturtean zenbait berbaldi esakiniko ditue , bizitzan izandako helburuek zelan eragin deutsen azalduz, gaztetatik kontuan izan daiezan emongo deutsiezan aholkuak, hau da, lan munduan izan daben hobetzeko pasinoa zein ahalegin eta konpromisoaren barri emonez.

Sarituek hezkuntza, fantasia eta mobimentuaren ikurra dan eta Nestor Basterretxea eskultore bizkaitarrak eginiko Gazte Role Model Saria eskulturea jasoko dabe. Ekitaldian, Ikastoleak azken zortzi urteotan, sariok izan daben garrantziaren barri emongo deusku.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu