Getxoko XV. Komiki Azokea: Zemendiaren 18tik 20ra

Bizkaie! 2016-11-07 13:55   Kulturea

Getxoko XV. Komiki Azokea Areetako Geltokia plazako karpan izango da ondoko ordutegian: 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara (domekan 20:00etara arte). Sarrerea, barriz, 1,50 euroan egongo da salgai.

Zemendian barriro jatorku binetearen mundua Getxora. Aurten, Komiki Azokeak 15. urteurrena ospatuko dau eta hiru egunez, Areetako Geltokia plazako karpeak komiki eta merchandising dendek, aldizkariek, fanzineek eta argitaletxeek jarritako 60 postu baino gehiago hartuko ditu. Ez dira faltako erakusketak, argitaletxeen aurkezpenak, berbaldiak, mahai-inguruak, tailerrak, rol-jokoak eta abar barne hartuko dituan jarduera-egitarau zabala be. Egitarau osoa ikusteko klik egin hemen.

Urtero legez, hainbat egilek bisitauko dabe Azokea eta zaletuek sano maite dituen sinaduren txandetan parte hartuko dabe. Aurtengo konbidaduen artean nabarmendu behar da, David Aja ilustratzaile gaztea, azken urteotako azal-egile ospetsuenetarikoa eta Marvel argitaletxearentzat hainbat lan egin dituena. Valladolideko artisteak sari garrantzitsuak eskuratu ditu, esaterako Harvey, Eagle eta Eisner sariak.

Paul Pope be egongo da azokan; komiki alternatiboaren eredu, Pope mundu osoan ezaguna da super-heroien komikian eginiko lanakaitik, berbarako, Batman: Year 100, zaleen artean ospe handia lortu ebana. Era berean, Alex Robinson etorriko da Getxora; 2001. urtean, Eisner saria irabazi eban eta Malas ventas eleberri grafiko ezagunaren egilea da, 2005eko Angoulêmeko komiki-jaialdiko sarien erabateko irabazlea izan zan.

David Rubín be ez da faltako azokan, Europako panoramako egile espainiar ezagunenetakoa, hain zuzen be.

Horrezaz gan, beste egile bi nabarmendu behar dira: eskarmentu handiko Horacio Altuna ilustratzaile argentinarra eta José Ibarrola. Lehenengoak lan ospetsuak egin ditu Carlos Trillo gidoilariagaz, esaterako El Loco Chávez eta Las puertitas del Sr. López; bigarrena izen handiko sortzailea da Euskadin. Biei omenaldia egingo jake Getxon euren jarduera luze eta emonkorra saritzeko. Egile konbidaduen zerrendea honako honeek osotzen dabe, besteak beste: Chris Hunt, Mamen Moreu, Dani Fano, Quan Zhou Wu, Ana Oncina, Rayco Pulido, Natacha bustos, Kike Infame, Marcos Prior, Víctor Santos, Susanna Martín, Núria Tamarit, Harkaitz Cano eta Iñaki Holgado.

Era berean, Bizkaia Zubian Astiberri argitaletxe bilbotarren 15 urteko jarduerearen inguruko erakusketea kokatuko da. Algortako Torrene Aretoan, barriz, Zure komikia maite dugu erakusketeak Bizkaiko eta Gipuzkoako komiki-sustatzaileen lana hurreratuko deusku eta Areetako Glass kafetegian, barriz, Señor Verde eta Infame & Co. artisten Morirse en Bilbao izeneko erakusketea izango da ikusgai.

Getxoko XV. Komiki Azokea Areetako Geltokia plazako karpan izango da ondoko ordutegian: goizean, 11:00etatik 14:30era eta, arratsaldean, 17:00etatik 21:00etara (domekan 20:00etara arte). Sarrerea, barriz, 1,50 euroan egongo da salgai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu