Euskerea ikasten dabizen helduentzako tailerrak izango dira Durangoko Azokan lehenengo aldiz

Bizkaie! 2016-11-07 10:23   Kulturea

Ikastaro zein tailerretan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena emotea ikasleak@durangokoazoka.eus e-posta erabilita, zemendiaren 15a baino lehen.

Durangoko Azokeak publiko guztietarako hamaika jarduera izango ditu aurten be: mahai-inguruak, kontzertuak, antzezlanak, proiekzinoak, barriketaldiak... Eta aurtengo nobedadeetako bat Ikasle Egunaren eskutik helduko da, abenduaren 2an, Azokako lehenengo egunean. Egun horretako goizean, urtero legez, milaka eta milaka ikasle izango dira Landakoko erakusleihoak ezagutzen eta antolatutako jardueretan parte hartzen. Nobedadea arratsaldez helduko da, izan be, lehenengo aldiz, euskerea ikasten dabizen helduek tailerretan parte hartzeko aukerea izango dabe: euskaltegietako ikasleek, berbalagun taldeek, irakurketa klubek... Gauzak holan dirala, Azokan modu aktiboan parte hartzeko aukerea emongo jake.

Jarduerotan parte hartu gura daben euskaltegi edo ganerako taldeek izena emon beharko dabe aldez aurretik, ikasleak@durangokoazoka.eus e-posta erabilita, euren datuak idatziz (izen-abizenak, helbidea, telefono-zenbakia, e-posta eta taldearen ikasle kopurua). Izena emoteko epea zemendiaren 15ean amaituko da.


Durangoko Azokeak antolatu dituan tailerrak honakoak dira:

- Durangoko Listoriatura ezagutzeko bisita gidatua, Areto Nagusiak antolatuta. Irakurketa taldeei begira egindako bisita gidatu honek istorio txikiz osotutako ibilbidea egingo dau Durangoko Alde Zaharretik, uri honegaz loturea izan daben idazle eta euskaltzaleen barri emonez. Tarteka irakurketak be egingo dira. Bisitea 16:00etan hasi eta 18:00etan amaituko da.

- Kabi@k antolatutako Wikipedia Maratoia. Kultureagaz lotutako artikuluak erabiliz, parte-hartzaileek wikipediaren funtzionamendua ezagutu eta bertan editetan ikasiko dabe. Ikastaro honetan gitxieneko euskera mailea izatea beharrezkoa izango da, eta honako taldeei begira antolatu da: esperientzia-geletako ikasleak, historia-zaleak eta abar. Tailerra 16:00etan hasiko da, eta Euskal Wikilarien Kultura Alkarteagaz antolatuta dago.

-  Hip-hop tailerra Endika Albellagaz Ahotsenean, berbalagun taldeei, euskaltegietako ikasleei eta oro har euskerea erabilteko gogoa daben ikasleei begira. 121 Crew musika taldeko kide ohiak azalduko dau testuak zelan idatzi behar diran DJ baten erritmora moldatzeko. Tailerra 17:00etan hasiko da.

- Bikoizketa tailerra Irudienean, zine-klub eta berbalagun taldeei begira. Telebistan ohikoak diran telesail eta filmetako pasarteak zelan bikoizten diran ikasiko dabe parte-hartzaileek, bikoizle profesionalen eskutik. Bikoizketea gauzatzeko prozesua ezagutuko dabe jatorrizko lanak ikusi eta euren ahotsa grabatuta: irakurketea, entsegua, personaiaren ahotsa bilatzea, interpretazinoa eta abar. Saio bi egongo dira: 16:30etik 18:00etara eta 18:30etik 20:00ak arte (talde bakotxean asko jota 20 laguneko taldeak egongo dira).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu