Myroslav Latyk ukrainiarrari emon deutsie Bilbao Web Festeko Urrezko Otsoa

Bizkaie! 2016-11-02 10:14   Zinemea

Websailik onenaren Zidarrezko Otsoa, bestalde, Ren: The girl with the mark britainiarrak irabazi dau.

'5baksiv.net' filmeko egileak eta epaimahaiko kideak | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbao Web Fest jaialdiaren bigarren edizinoak interneterako sortutako telesailik onenak batu ditu eta sektorearen jokera barrienak ezagutzeko aukera parebakoa emon dau. Gero eta arrakasta handiagoa dauen sektore baten, Bilboko jaialdia be hazkundean dago.

Aurtengo edizinoan, 30 websailek parte hartu dabe sail ofizialean. Koldo Serra zinemagilea eta Leyre Berrocal aktorea egon dira epaimahaian, baita nazinoarteko jaialdietako ordezkari batzuk be. Zidarrezko eta Urrezko Otsoak dira banatutako sari nagusiak.

Ukrainia aldera joan da Zuzendari Onenaren Urrezko Otsoa. Produkzino handien tekniken parekoak erabilita, websail bikaina sortu dau Myroslav Latyk zuzendariak 5baksiv.net websailean, epaimahaiak azaldu dauenez. Bost euroren truke, edonoren desioak beteteko prest dagozan lanbako biren gorabeherak kontetan dira sailean. Lehenengo atalean, esaterako, untxi jantzita joan beharko dabe ume baten urtebetetze jaira eta umeek pinturazko pistolakaz eraso egingo deutsie.

Websail onenaren Zidarrezko Otsoaren irabazlea Kate Madison britainiarrak zuzendutako Ren: The girl with the red mark izan da.  Ikutu magiko handiko websaila da eta R.R. Tolkienen mundua gogora ekarten dau. Horri esker, websailik onenarena ez eze, zuzendaritza artistikorik onenaren saria be eskuratu dau lan horrek.

Aktore onenaren saria Victorie Belezy frantsesak irabazi dau, Osmosis websailean egindako beharragaitik (zientzia fikzinozko lan onenaren saria be irabazi dau websail horrek). Gizonezkoetan, Ettore Nicolettik irabazi dau, Arthur-en egindako pertsonaiari esker. Bigarren mailako aktorerik onenak Vernetta López (Run, Rachel, run) eta Julián Kartún (Aventuras del corazón roto) izan dira.

Generoaren araberako sariak be banatu ditu Bilbao Web Festek: Zientzia fikzinoan Osmosis, thrillerrean Arthur, draman This new world, abenturan Discocalypse eta komedian The wizards of Aus izan dira irabazleak. Dokumentalik onenaren Zidarrezko Otsoa Kanadako Vie saisonnière-ri emon deutsie.

Amets sailean, produkzino independenteen atalean, Brontzezko Otsoak banatu dira. Menelik Simpson eta harek zuzendutako Darren has a breakdown websaila nabarmendu ditu epaimahaiak. Seungbae Moon, Caris Vujcec eta Maria Broniewska aktoreak be saritu ditue Amets sailean.

Amaitzeko, sari bereziak be emon ditue Bilbao Web Festeko bigarren ekitaldian. Atzerriko jaialdietako zuzendariek Bilbon ikusitako websail onenak aukeratu ditue, euren jaialdietan parte hartu daien. Lau zuzendarik euskal produkzinoak aukeratu ditue eta, beraz, Bilbao Web Festi esker nazinoarteko proiekzinoa lortuko dabe hemengo lanek. Biziklautak arraun the world aukeratu dabe Rio de Janeiroko eta Frankfurteko jaialdietarako, Mucha mierda Miamirako eta Betray Montrealerako.

Bideoak: Ren: The girl with the mark eta 5baksiv.net.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu