Ipar Euskal Herriak leku berezia izango dau Durangoko Azokan

Bizkaie! 2016-10-26 13:50   Kulturea

Christine Etchevers lapurtarrak egin dau aurtengo edizinoko kartela. Edade eta gustu guztietako jenteari Durangoko Azokara joateko deia egin deutse Gerediagako Nerea Mujikak.

Nerea Mujika eta Christine Etchevers, kartelari eusten | Ikusi handiago | Argazki originala

Goiz dator aurten Durangoko Azokea, abenduaren 2tik 6ra egingo dabe eta. Igazko edizinoa, 50.a, zenbaki biribila izan zan eta aurtengoa, igazkoari segiduta, etorkizunera begirako erronkea izango dala dino Nerea Mujikak. Durangoko Arte eta Historia Museoan egin dabe aurkezpena.

Iparraldera begira egongo da 51. Durangoko Azokea. Izan be, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako sortzaileei eta proposamenei leku handia egingo deutsie. 30 ekitalditik gora izango dira, teknologiagaz, literatureagaz, zinemeagaz, musikeagaz eta abar zerikusia daukienak. Hamar urte bete dira Gerediaga alkarteak eta Iparraldeko EKE erakundeak hitzarmena sinatu ebela eta horregaitik erabagi dabe hango sormena erdigunera ekartea.

Horregaz lotuta, azokearen kartela Ipar Euskal Herriko artista batek egin dau, historian lehenengoz. Christine Etchevers baionarra arduratu da kartel koloretsua marrazteaz. Durangoko Azokearen dinamismoa, berotasuna eta pasinoa agertu nahi izan ditu diseinuan. Arte eta Historia Museoan egindako aurkezpenean izan da Etchevers, Mujikagaz batera. Han egon dira, ganera, Cristina Uriarte sailburua, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendaria, Aitziber Irigoras Durangoko alkatea eta kulturearen alorreko ordezkariak.

Aurrerantzean, Durangoko Azokearen inguruko euskarri eta produktu guztietan ikusi ahal izango da Etcheversen diseinua. Halandabe, Arte eta Historia Museoan be ikusgai ipiniko dabe kartelaren formatu handiko kopia bat, herritar guztiek ikusi daien. Zemendiaren 17an zabalduko dabe erakusketea.

Durangoko Azokeak urteotan izan dauen ereduari eustea izango da asmoa, Nerea Mujikak azaldu dauenez. Horregaitik, aurrekontua % 10 txikitu badabe be, azokearen izakereari eusteko modukoa dala uste dau Gerediagako presidenteak. Guztira, 670.000 euroko aurrekontua izango dala esan dau.

Euskal kulturearen plazea izaten segidu nahi dau, beraz, Durangoko Azokeak. Horretarako, gizarte guztiari deia egin deutso Mujikak: Gazteei, helduei, umeei, euskaldun barriei etortzeko eta azokea bizitzeko eskatu nahi deutsegu, baita euskal hiztunak ez diranei be, azpimarratu dau. Bizitzekoa DA izango da azokearen aurtengo leloa.

Gazteak eta orain arte azokan inoz egon ez diranak erakartea izango da helburuetako bat, Mujikak zehaztu dauenez. Lehenengo aldiz, esperientzia pilotu legez, helduentzako tailer batzuk egingo ditue abenduaren 2an, arratsaldez, publiko barria erakarteko asmoz.

Ikasleen Eguna izango da, ohiko legez, azokako lehenengoa. Gitxi gorabehera 6.000 ikasle espero ditue egun horretan. Horrek erakusten dau, urteak pasauta be, azokea gaztea dala oraindino, Mujikaren ustez. Hurrengo asteetan aurkeztuko dabe egitaraua modu zehatzagoan, izan be, argitaletxeen erakusmahaietan ez eze, ohiko guneetan be jarduera ugari izango dira: Ahotsenean, Saguganbaran, Irudienean...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu