Barruko piztia askatzeko deia egingo dau Kameratoia lehiaketeak

Bizkaie! 2016-10-25 13:17   Zinemea

Abenduaren 3tik 6ra, Durangoko Azokearen barruan, egingo da Kameratoiaren 12. ekitaldia, Biztu piztia lelopean eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta.

Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya, Kameratoia, sekula baino basatiago datorrela adierazo dabe antolatzaileek. Irudimena biluztera eta barruko piztia askatzera animau nahi doguz gazteak, dino Euskaltzaleen Topaguneak. 18 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu leikee.

Film laburrak gehienez sei minutukoak izango dira, formatu digitalean grabauta, eta euskeraz egongo dira, Topaguneak Kameratoiaren oinarrietan azpimarratu dauenez. Parte-hartzaileek euren materiala erabili beharko dabe filmak egiteko.

Izea emoteko epea zemendiaren 24ra arte egongo da zabalik. Apuntetan diran lehenengo 30 taldeek bermatuta izango dabe lekua Kameratoian, baina ganerakoak itxaron-zerrendan sartuko ditue. Izena emoteko fitxea, hemen.

Durangoko Azokako Irudienea gunean (Zugaza zineman) egingo dabe XII. Kameratoia, abenduaren 3an hasita. Lehenengo eguneko harrera ekitaldian, parte-hartzaileek landu beharreko gaiaren eta bete beharreko baldintzen barri izango dabe. Ondoren, 48 ordu izango ditue euren ikus-entzunezko piezak grabetako. Zehazki, abenduaren 5eko eguerdiko 12:00etan amaituko da film laburrak entregetako epea.

Sari-banaketea abenduaren 6an izango da, Irudienean bertan. Ekitaldi horretan, lan guztiak ikusi ahal izango dira eta epaileek euren erabagiaren barri emongo dabe. Hiru talde onenen artean 2.600 euro banatuko dira. Era berean, publikoaren saria eta parte-hartzaileen alde basatia biztuteko beste sari batzuk emongo dirala dino Topaguneak.

Kameratoiaren helburuetako bat, sortzaile gazteen ekoizpen artistikoak gizarteratzea da. Horregaitik, lehiaketara aurkeztutako pieza guztiak Creative Commons lizentziapean zabalduko ditu Topaguneak, autortu-partekatu eran.

Izen-emotea zabalik dago, beraz, ikus-entzunezkoen arloa landu nahi daben gazteentzat. Ganera, Kameratoia heldu arteko asteak berotzeko, sare sozialen bidezko lehiaketea martxan ipini dau Topaguneak. Zein izan da zure esperientziarik basatiena? galdereari erantzun behar jako, Twitter zein Instagramen #piztupiztia traola erabilita. Lehiaketa honen ganeko argibide gehiago, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu