'Busturian etxetik kanpo' bideoa aurkeztu barri dabe

Bizkaie! 2016-10-24 13:49   Kulturea

Busturian errazoi desbardinakaitik, bizimodua etxetik kanpo egin dabenen testigantzetan oinarritzen da lan hau.

Oraintsu Altamirako liburutegian, Busturian etxetik kanpo dokumentalaren aurkezpena egin eban Labayru Fundazinoak. Bertan izan ziran egitasmoan parte hartu daben lekukoak, herritarrak, Udaleko arduradunak Aitor Aretxaga, alkatea, Idoia Etxebarria eta Naiara Ruiz, zinegotziak; eta Labayru Fundazinoko ordezkariak Adolfo Arejita, zuzendaria, eta Akaitze Kamiruaga, egitasmoaren arduraduna eta egilea.

Aurten Europako Ondare Jardunaldiek proponidu daben gaiagaz bat eginda, Busturian errazoi desbardinakaitik, bizimodua etxetik kanpo egin dabenen testigantzetan oinarritzen da lan hau. Arlo ugari landu dira; batetik, Busturitik kanpora urten ebenak: batzuk gerraostean, hemengo egoera gogorrari igeska; beste batzuk, osteko hamarkadetan bizimodua atarateko Ameriketara zein Australiara joan ziranak. Batzuen bidaia joan-etorrikoa izan zan, beste batzuk, ostera, joanekoa baino ez eben egin. Horrezaz gan, euren bizimodua itsaso zabaletan itsas-gizon moduan egin dabenak be hartu dira kontuan.

Baina Busturia abiaburua izateaz gan, harrera-lekua be izan da. Horregaitik XX. mendearen erdialdean hemengo ekonomiaren goraldiak erakarrita etorri ziranen lekukotasunak be landu dira.

Bideoak 42 minutuko iraupena dauka.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu