Mitologiaren bidez erkidegoko eskualdeak ezagutzeko 'Izena badu, bada' gidea argitaratu dabe

Bizkaie! 2016-10-24 13:02   Kulturea

Jaurlaritzearen menpeko Basquetour agentziak plazaratu dau material didaktikoa, ume eta gazteentzat. Ikastetxeetan 3.000 ale banatuko dira.

Liburutxuaren azala | Ikusi handiago | Argazki originala

Turistei Euskal Autonomia Erkidegoko eskualdeak erakusteko sortu eban Basquetourrek material didaktikoa. Orain, ikasleentzat egokitu dabe edukina, bertoko neska-mutilek ingurune geografikoa ezagutu daien. Sei ibilbide dakarz liburuxkeak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurretatik.

Euskal mitologiako pertsonaiak eta istorioak dira ibilbideen oinarria. Modu horretara, kondaira bakotxaren jatorrizko lurraldea ezagutzeko aukerea emongo jake ikasleei. Ibilbide bakotxa pertsonaia mitologiko nagusi bati lotuta dago. Era berean, Toti Martinez de Lezeak idatzitako istorioak tartekatu dira Izena badu, bada liburuxkan.

Eusko Jaurlaritzeak eta Basquetourrek erkidegoko ikastetxeetan banatuko ditue gidearen 3.000 ale. Ganera, modu digitalean deskargau leiteke, hemen.

Honeek dira Izena badu, bada liburutxuko sei ibilbideak, eta Basquetourrek horreen ganean emon dituan azalpenak:

Amari: Euskal kulturearen jainkosea da Amari, Mari edo Amalur, gauza guztien sortzailea. Ikusten dana eta ikusten ez dana, ona eta txarra, ezaguna eta ezezaguna. Naturearen indarrak kontrolpean ditu, lurraren eta eguzkiaren sortzailea dan ezkero.

Iratxoak: Txikiak, egonezinak, bihurriak eta hiperaktiboak dira iratxoak. Indar izugarria daukien eta praka gorriakaz ibilten diran jeinu txikiak dira. Iratxo txiki horreen jaubeak orratzontzi baten gordeten ditu. Beti dagoz prest agintzen jaken edozein zeregin beteteko, ezinezko lana izan arren.

Erraldoiak: Indar itzela daukie, mendi eta basoetan bizi dira eta egun banaka batzuetan haranera bajatzen dira. Oldarkorrak diranez, leku batzuetan herritarrak hareen ikaraz bizi dira. Beste leku batzuetan, ostera, izaki onberak eta atseginak dira. Kristautasuna heldu aurretik gure lurretan bizi ziran jentilek garia landatzen erakutsi euskuen, baita ehotzeko harria eta tresnak egiteko burdinea be.

Herensugeak: Dragoi ugari dagoz gure mendien barrunbeetan. Lur azpian bizi dira eta osinetatik zein kobazuloetatik urteten dabe azalera. Dragoiaren edo muskerraren itxurea hartzen dabe. Zazpi buru daukiez eta gizakiak zein animaliak jaten ditue.

Sorginak: Gure herriko txoko askotan kontetan dira sorginen istorioak. Araban, esaterako, 60 leku baino gehiagotako toponimiak zerikusia dauka sorginakaz (Sorginzubi, Sorginarrate, Sorginerreka...). Gizakiena baino potere handiagoak eta jokera gaiztoa ditue sorginek eta Akerbeltz bihurtutako deabruaren aginduetara dagoz.

Lamiak: Adats luze horidun emakume ederraren itxurea hartu ei dabe gehienetan. Ahatearena moduko hankak edo ahuntzaren apatxak euki leikeez. Itsasotik hurre, itsas-laminaren antza hartzen dabe. Ura oso gustuko dabe. Ibaiertz, urmael, erreka, ur geldi eta iturburuetan bizi dira, baina kobazuloetan be bai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu