Albert Oehlen alemaniarraren margolanak ikusgai Bilboko Guggenheim Museoan

Dabi Piedra 2016-10-20 12:32   Kulturea

Bigarren Mundu Gerrearen osteko belaunaldiko kidea da Oehlen. Askatasun artistikoa ardatz dala, Irudiaren atzean izeneko erakusketea atondu dau Petra Joos komisarioak.

Petra Joos eta Albert Oehlen | Ikusi handiago | Argazki originala

Bigarren Mundu Gerrearen osteko Alemanian jaiotako artisten belaunaldiko kide ezaguna da Albert Oehlen (Krefeld, 1954), baita polemikoenetako bat be. 1980ko hamarkadatik gaur egun arteko koadroak dagoz Bilboko Guggenheim Museoan zabaldutako erakusketan. Elementu figuratibo asko dagoz margolanetan baina, funtsean, abstrakzinorako jokerea dauka Oehlenek. Zuri-baltzezko serie batzuk izan ezik, koloretsuak izan ohi dira bere koadroak.

Petra Joos da erakusketako komisarioa. Ez dau atzera begirako baten moduan antolatu, begirada espezifiko bat bilatu dauelako. Askatasun artistikoaren inguruan Oehlenek dauen jarrerea erakustea izan da Joosen asmoa. Hasikera baten, askatasunaren kontzeptua bere osotasunean landu gura izan eban komisarioak, baina Oehlenek polemika garratz bat baino gehiago izan ditu horren kontura, poltikea be tartean dala. Hartara, askatasun artistikora mugatu dau gaia.

Lehenengo begiradatik harago joanda, koadroetako irudien atzean dagoanari arretaz begiratu behar jakola azaldu dau Petra Joosek. Erakusketearen izenburua be horregaz lotuta dago: Irudiaren atzean. Oehlenen sortze prozesua berezia da eta, horregaitik, adi-adi begiratu behar da koadroetako elementueak identifikau ahal izateko. Esaterako, koadro abstraktu askotan, elementu figuratiboak dagoz.

Artista alemaniarrarentzat, forma figuratiboak garrantzitsuak dira, baita koadro abstraktuak sortzeko orduan be, Guggenheimen egindako aurkezpenean azaldu dauenez. Zer sortu erabagiteko, lagungarri ei jako figuraren bat marraztea, gero inguruan elementu abstraktuak sartu baino lehen. Figuratiboa abstraktuaren abiapuntua da, baina irudi horreek ez daukie esangurarik niretzat, zehaztu dau.

Koadro abstraktuak marrazteko orduan, askatasunaren kontzeptua giltzarria dala dino Oehlenek: Hurrengo marrea norantz marraztu? Gora, behera, albo batera? Hor artisteak badauka askatasun bat, adierazo dau. Koloreakaz eta formakaz espazioari ordena emotea, horixe da alemaniarraren artelanen atzean dagoan ahalegina. Koadro bat egiten hasi aurretik, ez daukat lortu nahi dodanaren irudi bisualik buruan, prozesua baino ez, dino.

Era askotako elementuak dira Oehlenen artelanen inspirazino. Arbolen formea serie oso baten oinarria da. Espresionismoaren, surrealismoaren eta publizidade komertzialaren zertzeladak be badagoz beste lan batzuetan. Materialei jagokenez, azken urteotan aluminioaren ganean marrazten hasi da, mihisea baino aproposagoa begitantzen jakolako.

Petra Joos komisarioak hiru sasoitako beste horrenbeste serietan banatu dau erakusketea. Lehenengoan, 1980ko hamarkadako koadroak dagoz, danak abstraktuak. Bigarren seriea 1990eko hamarkadakoa da eta ordenagailuz egindako irudiak dira, horreek be abstraktuak. Amaitzeko, gaur egun lantzen dabilen seriea dago. Abstrakzinoa nagusi dan arren, lan figuratiboak dagoz tarteka-marteka eta autoerretratu bi be bai.

Hiru serie diran arren, alkarregaz lotuta dagoz eta instalazinoa lotura hori erakusteko pentsauta dago, azaldu dau Albert Oehlenek, gauza bat lantzen nabilenean, horrek beste batera eroaten nau eta, holan, serie batetik bestera jarraipen bat dago.

Albert Oehlenek loturea dauka Bizkaiagaz. Urtero etorten da Ispasterrera eta hango egonaldiek inspirazinoan laguntzen deutsiela adierazo dau. Herrian, berez, ez dago gauzak askorik, lau etxe dira, baina bizikletea hartzen dot eta Laga, Laida, Ea eta ingurutik ibilten naz, azaldu dau. Guggenheimeko erakusketan, Ispasterren marraztutako koadro bat dago, Titulu bakoa izenburuduna. 2016koa da obrea. Collage erako lan horretan, publizidade munduko ikurrak eta kolore gorria nabarmentzen dira.

Guggenheim Museoko 105. aretoan dago Albert Oehlenen erakusketea. Zezeilaren 5era arte ikusi ahal izango da. Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendariak adierazo dauenez, Gerra osteko belaunaldiko artista askoren obrak daukaguz geure bilduman, baina Oehlenen lana be ekarri nahi izan dogu.

Albert Oehlenek Ispasterren egindako koadroa (argazkia: Guggenheim Bilbao Museoa)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu