Bilboko galeriek, museoek eta espazio kulturalek bat egin dabe Art District-en udagoieneko denporaldian

Bizkaie! 2016-10-19 08:05   Kulturea

Emozioen ARTEan izenburupean egingo dabe Bilbao Art District ekimenaren udagoieneko tartea. Jardueraz betetako asteburuagaz ekingo deutsie egitarauari, urriaren 21ean eta 22an.

Aldama Fabre Galleryn egin dabe aurkezpena Bizkaiko Foru Aldundiko, Bilboko Udaleko eta galerietako ordezkariek | Ikusi handiago | Argazki originala

Laugarren urtez erreskadan, Bilboko arte galeriek bat egin dabe euren erakusketak modu bateratuan aurkezteko. Galerietako proposamen barriak gizarteratzeko, jarduera moltso zabala dakar Art Districtek oraingoan be: Tailerrak, berbaldiak, kontzertuak eta abar. Uriko museo, eragile kultural eta erakunde ugarik bat egin dabe ekimenagaz.

Art Districten helburuetako bat artea persona guztiei, batez be gazteei, hurreratzea da. Ekimenaren bultzatzaileek nabarmendu dabenez, galerietan altxor politak topau leitekez, edonoren gustua asetzeko moduko artelanak dagoz eta. Ganera, arteaganako zaletasuna ez dala derrigorrez garestia izan behar azpimarratu dabe Art Districten aurkezpenean. Galerietan egiten dan lana kalera ateratzea, horrenbestez, funtsezkotzat jo dabe.

Urriaren 21 eta 22ko asteburuan, barikuan eta zapatuan, galerietako ateak zabalik egongo dira. Halandabe, galerietako arduradunek gogoratu dabe euren ateak, egon, urte guztian dagozala zabalik. Erakusketa barriak aurkeztera joango dira asteburuan hainbat artista, eta herritarrek eurakaz berba egin ahal izango dabe. Iván Chacón, Rut Olabarri, Amadou Tunkera, Sra. Polaroiska, Irene Linares eta abar egongo dira galerietan.

Horrezaz gan, udagoien honetan kalidade handiko beste artista askoren lanak ikusi ahal izango dira Bilboko galerietan. Erakusketa kolektiboak ez eze, ibilbide oparodun artista batzuk izango dira protagonista, berbarako, Miriam Ocariz, Carmelo Ortiz de Elgea, Iñaki dela Fuente eta Toni Crabb. Antolatzaileek museoetako erakusketak ikustera be animau ditue herritarrak. Guggenheimen dagoan Francis Baconen ganeko erakusketea edo Bilboko Arte Eder Museoan Carmelo Ortiz de Elgeari eskainitakoa nabarmendu ditue.

Era berean, zuzeneko emonaldiak eskainiko dira, doban. Ainara LeGardon musikariak soinu-performancea egingo dau, Ana Capilla jantzariak arte eszenikoak eta arte plastikoak lotuko ditu eta performance bat egongo da, Jone Saitua eta Idoia Garairen eskutik. Bisitaldi gidatu ugari be antolatu dira asteburuan: SC Galleryk, adibidez, uriko hormetan dagozan muralak ezagutzeko txangoa eratu dau eta Aldama Fabre Galleryk, ostera, Niloufar Banisard artistearen lana ezagutzeko beste bisitaldi bat iragarri dau.

Makina bat ekitaldi dagoz, beraz, Bilbao Art Districten udagoieneko denporaldian. Gehienak astegoien honetan izango diran arren, egitaraua, berez, hiru hilerako da. Horreek ekintza guztiak batzeko, Emozioen ARTEan izeneko gida bat argitaratu dabe. 15.000 ale banatuko dira, doban, uriko museo, galeria, turismo-bulego eta abarretan. Egitarau hori hemen deskargau leiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu