Zinebik mundu osoko zinemagile barrien 9 opera prima lehiatuko diran saila jasoko dau lehen aldiz

Bizkaie! 2016-10-17 12:01   Zinemea

Film laburretan lan egin ondoren, 58. Zinebik film luzeen munduan lehenengo pausuak emon nahi dituen produktore eta egile gazteei laguntzen jarraitu nahi dau.

Zemendiaren 18tik 25era, 58. Zinebi, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak bost kontinenteetako zinemagile barrien opera primei eskainitako nazinoarteko lehiaketea jasoko dau lehen aldiz. Fikzino, dokumental eta animazino film luzeei zabalduta egongo dan Zinebi First Film (ZIFF) sailaren lehenengo edizino honetan bederatzi film izango dira ikusgai, eta horreetako sei Estadu mailako estreinaldiak izango dira. Saria, barriz, 7.000 eurokoa izango da.

Mundu osoko film laburren lehiaketa garrantzitsuenetakoa legez dauen nortasun historikoan oinarrituz, sari horren bitartez Zinebik, film laburretan lan egin ondoren film luzeen munduan lehenengo pausuak emon nahi dituen produktore eta egile gazteei laguntzen jarraitu nahi dau. Beste alde batetik, ikus-entzuleek, lan barri-barri horreen bitartez, zinema garaikidearen panoramea osotzen dauen sorkuntzako jokera, estilo eta argumentu aniztasunera hurreratzeko aukerea izango dabe.

Holan, zinema dokumentalari eskainitako Beautiful Docs eta azken aldiko euskal produkzinoei eskainitako Bertoko begiradak sailez gan, film luzeen dimensino barri bat gehituko dau Zinebik, sarri askotan industria handian eta areto komertzialetan topetea gatxa dana, jaialdiak urtero aurkezten dauen zinema proposamenaren parte garrantzitsu legez.

Lehiaketearen lehenengo edizino honetan 9 film luze lehiatuko dira Zinebi First Film Saria jasoteko. Film horreen produkzinoan 13 herrialdek hartu dabe parte: Argentinak, Bulgariak, Txinak, Danimarkak, AEBek, Arabiar Emirerri Batuek, Frantziak, Israelek, Libanok, Qatarrek, Errumaniak, Tunisiak eta Turkiak. Politika, gizarte, ekonomia, erlijino eta kultura alorretatik hain anitzak diran guneetan, lehenengo lan horreen egileek euren zinemea eszenaratzean estilo ezaugarri bereziak eta borondate kritikoa be badauen subjektibotasunez betetako begiradak erakusten ditue.

Aukeraketa honetan, ikus-entzuleek mundu garaikidean gizakiek bizi behar dituen gorabeheren funtsezko gaiak topauko ditue, urietako bizitzea, natureagazko loturea, inmigrazinoa eta horrek kulturan dituan ondorioak, maitasun hartu-emonak, nortasun personala eta kolektiboa, errealidadea eta fantasia edo familia barruko hartu-emon barriak, besteak beste.

Aukeratutako filmen artean azpimarragarriak dira Locarnoko Nazinoarteko Zinema Jaialdian (Suitza) urrezko lehoinabarra jaso eban Ralitza Petrovaren Godless; Veneziako Nazinoarteko Zinema Jaialdiko Kritikearen Astean Opera Prima Onenaren Etorkizuneko Lehoia - Luigi de Laurentiis Saria irabazi eban Ala Eddine Slimen Akher Wahed Fina; eta Locarnoko zinemaldiaren azken edizinoan, Gazteriaren Epaimahaiaren aitamen berezia irabazi eban Nele Wohlatzen El futuro perfecto produkzino argentinarra. Azken bi horreek 58. Zinebiren barruan ikusi ahal izango dira Estaduan lehen aldiz.


Zinebi First Film (ZIFF) barruan lehiatu eta Golem – Alondiga zinema-aretoetan eskainiko diran filmak ondokoak dira:

- Rat Film (Theo Anthony. AEB, 2016. Dok. 84 min.) Estreinaldia Espainian.

- Akher Wahed Fina (Ala Eddine Slim. Tunisia, Arabiar Emirerri Batuak, Libano eta Qatar, 2016. Fikz. 95 min.) Estreinaldia Espainian.

- El futuro perfecto (Nele Wohlatz. Argentina, 2016. Fikz. 65 min.) Estreinaldia Espainian.

- Anashim Shehem Lo Ani (Hadas Ben Aroya. Israel, 2016. Fikz. 80 min.) Estreinaldia Espainian.

- Tramontane (Rabih) (Vatche Boulghourjian. Libano, Frantzia, Qatar eta Arabiar Emirerri Batuak, 2016. Fikz. 105 min.)

- Zhi Fan Ye Mao (Zhang Hanyi. Txina, 2016. Fikz. 80 min.) Estreinaldia Espainian.

- Albüm (Mehmet Can Mertoğlu. Turkia, Frantzia, Errumania, 2016. Fikz. 105 min.).

- Donald Cried (Kris Avedisian. AEB, 2016. Fikz. 85 min.) Estreinaldia Espainian.

- Godless (Ralitza Petrova. Bulgaria, Danimarka eta Frantzia, 2016. Fikz. 99 min.).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu