VIII. Zinema Ikusezina, Film sozialak Nazinoarteko Jaialdiak giza garapen iraunkorra hurreratuko dau aretoko eta ikastetxetako pantailetara

Bizkaie! 2016-10-14 08:05   Zinemea

Zinemearen bitartez giza garapen iraunkorra sustatzea da Jaialdiaren helburua, KCD, Kultura, Communication Desarrollo Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatuta.

Urrian zehar aurtengo edizinoak 86 film eskainiko ditu Bizkaiko 20 zinema-aretotan eta heziketa zentrotan. Danetara, 46 herrialdetako 800 lan aurkeztu dira eta besteak beste, hurrengo gaiak erakutsiko ditue: Siriako errefuxiatuen lekukotasunak, aberastasunaren bidezko banaketarako egitasmoak, historiako lehen emakume-grebea, Dapsangerako igoeran zamaketarien lan-baldintza gogorrak, edo emakume baserritarren eguneroko lana.  

Bizkaia Zubiaren ibiltokian, Garapenerako Lankidetzearen Euskal Agentziaren eta hainbat erakunderen laguntzinoagaz, tartean Getxoko udalarena dauen Jaialdia aurkezteko gaur goizean egindako prentsaurrekoan parte hartu dabenek nabarmendu dabe errealidade desbardinen artean zubiak eregitearen garrantzia. Paul Ortegak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak nabarmendu dau ezkutuan geratzen diran gaien zabalkunderako eta komunikazinorako oso garrantzitsua dala jaialdia gizartea sensibilizetako. Irantzu Uriartek, Garapeneko Lankidetzako zinegotzi getxotarrak azpimarratu dau Jaialdiak gurea ez dan errealidadea ezagutzera emoteko egiten dauen lana. Carlos Vázquez Jaialdiko zuzendariak adierazo dau Bizkaia Zubiak oso ondo sinbolizetan dauela udalerrien eta errealidadeen arteko loturea, eta eskerrak emon deutsez zinema ikusezinaren Jaialdiagaz kolaboretan daben erakunde guztiei.


Partaidetza getxotarra

Jaialdiaren barruan, Aixerrotako eta Romo-Artazako Institutuek hilaren 13ra arte proiekzino batzuk eskainiko ditue eta zenbait zuzendariren bisitea izango dabe. Ekimena DBHko laugarren eta Batxilergoko lehenengo mailako 900 bat ikasle getxotarrakana helduko da, eta besteak beste, Taldeka Lagunduz GKE getxotarrak aurkeztutako eta udal diru-laguntzinoagaz egindako bi dokumentaletako bat ikusi ahal izango dabe, hau da, Balajyhoty, Hostel en Anekal, Indiako dalit umeen ganekoa. Talde horren beste lanaren izenburua da Vijayapura…Lluvia de injusticias, Indiako arbasoen tradizinoak behe-kastetako neskak gizonakaz sexu-hartu-emonak izatera behar izanaren ganekoa.

Ganera, aurten erakusteko aukeratutako dokumentalen artean Unai Aranzadi getxotarraren Nevertheless, Al Quds be badago.

Azkenik esan, Getxoko Udalak ikasleek bozkatutako lan onenari emongo deutsien Ikasleen Saria be eskaini dauela.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu