Durangoko Azokeak boluntariotza programea antolatuko dau

Bizkaie! 2016-10-11 12:54   Kulturea

Hainbat zereginetan laguntzeko aukerea izango dabe parte-hartzaileek, Gerediaga alkarteak azaldu dauenez. Interesa daukienek urriaren 31ra arte emon leikie izena.

Boluntarioak, igazko azokan | Ikusi handiago | Argazki originala

Igaz ipini eban martxan Durangoko Azokeak boluntariotza programea. Esperientzia aberasgarria izan zala dino Gerediagak. Dozenaka euskaltzalek eta kulturzalek emon eben izena. Beraz, igazko emoitzeagaz pozik, aurten barriro egongo da azokan boluntario izateko aukerea. Azokea barrutik ezagutzeaz gan, 51. edizinoa biribila izan daiten lagundu ahal izango dabe.

Alor bat baino gehiago daukie boluntarioek aukeran, bakotxaren interesen arabera. Harremanak atalean, esaterako, bisitariei informazinoa emoteko zeregina izango dabe eta bestelako lan batzuetan be lagunduko dabe. Azpiegiturak atalean, ostera, logistikea izango da ardura nagusia, hau da, aparkalekuak, ateak zabaltzea, azokako objektuak jagotea... Komunikazinoa arloan, aldiz, azokearen ganeko informazinoa zabaltzeko ardurea izango dabe boluntarioek, bozgorailuen bidez, internetez zein beste bide batzuetatik.

Boluntarioen lana txandaka banatuko dabe. Hiru edo lau orduko txandak izango dira eta, hasi baino lehen, parte-hartzaileei motxila bana emongo deutsie, uragaz eta jatekoagaz. Txanda bakarrean parte hartu edo bat baino gehiago egin, boluntario bakotxaren esku egongo da. Laguntzinoaren truke, kamiseta bana be emongo jake eta, holan eskatu ezkero, boluntariotzea egin dabela erakusten dauen agiria be bai.

Zabalik dago boluntariotza programan izena emoteko epea, urriaren 31ra arte. Internetez emon behar da izena (hemen erregistroa eginda). Parte hartzeko baldintzen artean dagoz, batetik, 18 urte edo gehiago izatea eta, bestetik, euskeraz jakitea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu