Euskal Museoak 3D antiojuak jarriko ditu hurrengo erakusketea inauguretako: 'Esteroskopiak 16+16'

Bizkaie! 2016-09-29 08:12   Kulturea

Eulalia Abaituaren argazkiakaz eta euskal emakumezko idazleen kontakizunakaz osotutako erakusketea urtarrilaren 29ra arte egongo da zabalik.

Euskal Museoak Estereoskopiak 16+16 erakusketea inaugurau dau gaur. Erakusketan Eulalia Abaituaren (Bilbo, 1853-1943) argazkiak dira protagonista, erakundeak gordetako altxorra baitira. Argazkilariaren 16 irudiak era harrigarrian aurkezten jakez ikusleei, izan be, 3 dimensinotan dagoz, eta euskal emakumezko idazleen 16 kontakizunek deskribiduten ditue.

Museoko Klaustroan izan dira erakusketea aurkezten: Nekane Alonso anderea, Euskal Museoko presidentea eta Bilboko Udaleko kultura zinegotzia, Sorkunde Aiarza, Bilbao Bizkaia Museoko koordinatzailea eta Maite Jiménez, erakusketearen arduraduna.

Erakusketak ohiko formatuak bertan behera itxi eta arlo bisualaren eta ahozkoaren arteko batuketea dakar. Lehenengo batugaia Eulalia Abaituaren 16 argazki dira, gehienak zuri-baltzean eta beirazko euskarrian, formatu estereoskopikoan. Argazki pare bi modu estereoskopikoan jarri ezkero, 3 dimensinotan ikusten dira.

Normalean, Museoan erakutsitako egile horren irudiak dimensino biko formatuan aurkeztu izan dira. Oraingo honetan, barriz, poliesterreko formatu anaglifoko erreprodukzinoak erakusten dira, hau da, 3Dko irudiak erreproduziduteko teknikea erabilita, 110 x 110 zm.-ko pantailen barruan leden bidez atzetik argiztatuta. Irudi tridimensionaletan ikusarazoteko, beharrezkoak dira kolore desbardineko kristalak dituen antiojuak, bata urdina eta bestea gorria. Horreek Museoan eskainiko dira, audiogida bategaz batera.

Bigarren batugaia argazkiak deskribiduten dituen 16 ahotsak dira. Emakume euskaldunen ahotsak dira, Abaituaren lana ikusi ondoren sortutako sentimenduei buruzko testuak egin dituen idazleenak, hain zuzen be. Hautaketarako, Euskal Herriko Unibersidadeko irakasle titularra eta Etxepare Euskal Institutuko euskerea sustatu eta zabaltzeko zuzendaria dan Mari Jose Olaziregiren aholkularitza literarioa izan dau Museoak.

Abaituaren argazkiakaz berba egin daben egileen zerrendea honako honeek osotzen dabe: Aurelia Arkotxa, Laura Mintegi, Lourdes Oñederra, Katixa Agirre, Leire Bilbao, Uxue Alberdi, Ana Urkiza, Mariasun Landa, Yolanda Arrieta, Karmele Jaio, Miren Agur Meabe, Arantxa Urretabizkaia, Tere Irastortza, Itxaro Borda, Eider Rodriguez eta Danele Sarriugartek.


 
Testuak euskeraz sortu dira jatorriz, eta gaztelaniara eta ingelesera itzuli dira, ikus-entzule gehiagorengana heldu ahal izateko. Argazkilariaren lanak ikusi bitartean audiogideagaz testuak entzutea da kontua.

Egileari jagokonez, Abaituak bere lekua egin dau gure historian, argazkilari lez egindako jarduereari esker. Egilearen garaia adierazoten daben euskarrietan finkatutako ikuspuntu berezia islatzen daben ilustrazinoak, bistak, eszenak... dira, eta gure iragana dabe ardatz.

Aukera bikaina da emakume honen lana modu harrigarri eta desbardinean ezagutzeko. Era berean, aukera bikaina da euskal idazleen lan inspiratzailea entzuteko.


Kolaborazino berezia

Oraintsu, Itsas Museoak Estereoskopikoa. Bilbo, XX. mendearen hastapenetan, 3Dn erakusketea aurkeztu eban. Erakusketan, Jesús de Echebarria argazkilari bilbotarrak egindako irudi estereoskopikoak batzen dira.

Euskal Museoak eta Itsas Museoak batera lan egin izan dabe beste hainbat jarduera eta programazinotan. Oraingoan, argazki estereoskopikoari buruzko bi erakusketa eta hainbat jarduera programau ditue. Egintza garrantzitsuenetako bat sarrera konbinatua izango da, eta, beraz, ikusleek museo biak bisitetako aukerea izango dabe, % 50eko beherapenagaz bigarren museoko sarreran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu