'La isla del viento' filmaren emonaldi berezia Unamunoren Eguna ospatzeko

Bizkaie! 2016-09-27 12:49   Zinemea

Manuel Menchónen lehenengo film luzea zemendiaren 18an estreinauko da Estadu osoko zinema-aretoetan, baina eguen honetan Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan ikusi ahal izango da.

Datorren eguenean, 152 urte beteko dira Miguel de Unamuno Bilbon jaio zanetik, 1864ko irailaren 29an. Bilboko Udalak egilearen egun instituzionala ospatuko dau La isla del viento (2015) filmaren emonaldi bereziagaz. Manuel Menchón Malagako zinemagilearen lehenengo lan horrek, egileak Fuerteventura ugartean bizi izan eban erbestea kontetan dau.

Hurrengo egunean, barikuan, eguerdiko 12:00etan, Unamuno Plazeak, Bilboko Udalak egilea omentzeko urtero ospatzen dituan ohiko lore eskaintza eta adierazpen instituzionala jasoko ditu.

La isla del viento lana, Miguel de Unamunoren erretratua da, ugarte horretan bizi izan eban erbestealdikoa. 105 minutuan, Bilboko idazlearengan eraldaketa sakona eragin eban esperientziaren zehetasunak aztertzen ditu. José Luis Gómezek antzezten dau Unamuno, eta ganerako antzezleen artean Victor Clavijo eta Ruth Armas dagoz.

Emonaldi berezi hori eguenean, hilaren 29an, arratsaldeko 19:00etan izango da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrerea librea izango da, leku guztiak bete arte. Ezinbestekoa izango da liburutegian bertan konbidapena jasotea. Ekitaldian filmaren zuzendaria egongo da, filma aurkeztuz eta ondorengo barriketaldian parte hartuz.

Paper-txori bat izango da La isla del viento lanaren, Manuel Menchón (Malaga, 1977) zinemagilearen fikzinozko lehenengo film luzearen hari gidaria. Miguel de Unamunoren izena institutuko oroitzapenetara lotuta dago, garai haretan egile bilbotarraren eleberrietako batzuk irakurtea agintzen ebelako.

Denporea igarota, Manuel Menchónek Unamunoren bizitzako jazoera garrantzitsua ezagutu eban: 1936ko urriaren 12an, Salamancako Unibersidadeko Paraninfoan ospatutako ekitaldia. Pentsalaria gamelu baten gainean jesarrita egoen argazki bat be topau eban, eta beste batean egilea barreka agertzen zan, eskuak soka bategaz, Rodrigo Soriano diputaduari, erbestean bere kide izandakoari, lotuta.

Primo de Rivera diktadoreak erbestera bialdu ondoren, Unamunok lau hilebete igaro zituan Fuerteventuran (1924ko martiaren 10etik garagarrilaren 9ra). Ugartean izandako bizipenak eta hamabi urte geroago jazotakoa alkartzen dira filman, Calaren personaiaren bitartez. Cala, Puerto Cabraseko neskato behartsu eta azkarra, Salamancan hezkuntzea jasoko dauen neska gaztea izango da.




La isla del viento - Fitxa teknikoa:

- Jatorrizko izenburua: La isla del viento (Espainia / Argentina, FIC, 2015).
- Iraupena: 105 min.
- Zuzendaria: Manuel Menchón.
- Gidoia: Manuel Menchón, Dionisio Pérez, José Javier Rodríguez Melcón.
- Argazkia: Alberto D. Centeno.
- Antzezle taldea: José Luis Gómez, Victor Clavijo, Ruth Armas.
- Produktorea: 6M Films, MGC Producciones Cinematográficas y Audiovisuales, Mediagrama eta Motoneta Cine.
- Banatzailea: Begin Again Films.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu