UEUk eskaintza zabala atondu dau udagoienerako

Bizkaie! 2016-09-15 10:13   Kulturea

Urria eta abendua bitartean 10 ikastaro eskainiko ditu UEUk Eibarren eta on-line.

Udako Euskal Unibersidadeak (UEU) bere udagoieneko eskaintzea aurkeztu dau. Urria eta abendua bitartean 10 ikastaro eskainiko ditu UEUk Eibarren eta on-line. Euskerazko etenbako prestakuntzan erreferentzia bilakatuta, azken 10 urte honeetan Markeskoako ikasgeletatik 2.000 ikasletik gora pasau dira.

Hamar urte bete dira UEUren Ikastetxe Nagusian udabarriko eta udagoieneko ikastaroen eskaintzea egiten hasi ziranetik eta 10 urteotan 2000 ikasletik gora pasau dira Markeskoatik. 10 urte honeetan, ikastaro eskaintzea bikoiztu egin dau UEUk: bai eskainitako ikastaro kopurua, eskainitako eskola-orduak eta partaideen kopurua. Eskainitako ikastaroen eskaintzea anitza izan da: jakintza-arloei jagokenez, ikastaroen formatoei jagokenez, zein metodologiari jagokonez be.

Mari Karmen Menika, UEUren Ikastetxe Nagusiko arduradunaren esanetan: Ezagutza eta informazinoaren gizartean gagoz eta ikaskuntza bizitza-ziklo osora zabaldu da. Horrek formazino eta trebakuntza premina barriak ekarri ditu eta UEUk egindako eskaintza formatiboak premina horreei erantzun deutse, etenbako prestakuntzearen barruan ezagutzak barritu, eguneratu eta trebetasun barriak jasoteko aukerea eskaintzen dauelako. Menikak azaldu dau 10 urteetako datuek adierazoten dabela gero eta zabalagoa dala UEUren ikaslegoaren edade-tartea (persona heldua, 20-65 urte bitartekoa, unibersidadeko ikasketak egina dituana, lanean dabilena eta emakumea gehienbat), beraz, argi dago, jentea bere gaitasun profesionak eskuratzera edo dagoeneko badituenak sendotzera, edota gaitasun personal eta sozialak eskuratzeratzera edota sendotzera datorrela UEUko ikastaroetara.

UEUren Ikastetxe Nagusiko eskaintzea, bete-betean egokitzen da Europatik zein EAEtik bultzatutako bideari, bi baitira UEUren udagoieneko ikastaroen helburuak: bizialdi osoko ikaskuntza eskaintza zabala egitea eta on-lineko formazinoa sustatzea.

UEU irakaskuntza telematikoaren aldeko apustua egiten dago azken urteotan, aukera barriak eskaintzen deutsozalako ikaslego potentzialari bertan parte hartzeko eta UEUri bere eskaintzearen eremua zabaltzeko: jende gehiagorengana heltzeko aukerea eskaintzen deuskulako, familia kontziliazinoa errazten dauelako; eta norberak aukeratu leikelakoezake noiz egin ikastaroa (etxetik, lanetik...).

UEU irakaskuntza telematikorako eredua finkatzen dago eta ikaskuntza kolaboratiboa sustatzen dau: ikastea ezagutzak eregitea dala kontuan hartuta, personetan oinarritutakoa da irakaskuntzea, ikaslea beti gogoan eta interakzinoa eta komunikazinoa dira ikaskuntzarako ardatzak.

Ikastaroen ganeko informazino gehiago edo matrikulea egiteko klik egin hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu