2016/2017 ikasturtea martxan

Bizkaie! 2016-09-05 08:55   Kulturea

UPV/EHUk hiru campusetan eskainitako 85 graduetan 8.080 ikasle barri matrikulau dira, plazen % 95,6 bete dalarik.

Oporrak amaitu eta hasi da 2016/2017 ikasturtea. Zentro gehienek klaseak asteon hasiko dituen arren, Gasteizeko Hezkuntza eta Kirol Fakultadean pasa dan barikuan aurkeztu eutsiezan ikasketak ikasle barriei.   

Azken hiru matrikula epeak oraindino bete barik dagozala, ikasle barrien behin-behineko zenbakia 8.080 izan da (4.081 euskerazko taldeetan matrikulau dira eta 3.999, gazteleniazkoetan). UPV/EHUk 85 gradu eskaintzen ditu hiru campusetan eta guztira 8.454 plaza; holan, plazen % 95,6 bete da.
 
Plaza guztiak bete dituen graduen artean azpimarratzekoak dira osasun-alorreko titulazinoak, Ume eta Lehen Hezkuntzako graduak, Zuzenbidea, Fisika eta Injinerutza gehienak, besteak beste. Aitagarria da baita be aurten titulazino gehienen gitxieneko notea igon egin dala aurreko urteakaz konparauta.

Kontuak kontu, UPV/EHUn matrikulea egindako ikasleetatik nota altuena dauenak 13,95eko notea atara dau (14 da atara daitekeen notarik altuena) Bioteknologiako gradua ikasiko dau. Kalifikazino altuak dituen beste ikasle batzuk be badagoz, besteak beste, hurrengo titulazinoetan: Fisikako eta Injinerutza Elektronikoko Gradu Bikotxa (onartutako azken ikaslearen notea 12,572 izan da); Medikuntzea (12,392); Biokimika eta Biologia Molekularra (12,374); Odontologiak eta Fisioterapiak 11tik gorako notak ditue; Erizaintzeak, 10etik gorako notak ditu hiru campusetan, eta Farmazia (9,464). Zientzien arloan, Biologiako (10,880), Fisikako (10,702), Matematikako (9,144) eta Kimikako (8,504) graduek be hartu ditue nota altuak dituen ikasleak.

Bestalde, gogoarazo behar da azken hiru matrikula-epeak irailaren 5ean, 9an eta 16an izango dirala.


Masterren eskaintzea

Datorren ikasturtean, 112 master eskainiko dira, horreetako hamabi lanbide jakin batzuetan jarduteko bidea emoten dabenak; beste zortzi, gitxienez, Amerikako unibersidadeetan emongo dira, master eta doktoregoen Latinoamerikako sarearen bidez. Datorren ikasturteko barrikuntzen artean Kontuen Ikuskaritza eta Goi Mailako Kontabilidadea masterra dago (60 ECTS), kontuen ikuskari lanbideari lotua, eta Aktuariotza eta Finantza Zientziak masterra (120 ECTS), aseguruetako aktuario lanbideari lotua. Bizkaiko Campuseko Ekonomia eta Enpresa Fakultadean emongo dira biak, eta batean zein bestean ikasleek nahitaezko kanpoko praktikak egingo ditue zenbait erakunde laguntzailetan. Hirugarren nobedadea da Control in Smartgrids and Distributed Generation masterra, 90 ECTSkoa, ingeles hutsean emongo dana Gipuzkoako Injinerutza Eskolan, eta titulazino bikotxerako hitzarmena daukana École Supérieure des Technologies Industrielles Avancées-ESTIAgaz. Titulu barri horrezaz gan, unibersidadeak baditu beste hogei master, atzerriko unibersidadeakaz titulazino bikotxerako hitzarmena daukienak. Ganera, UPV/EHUk unibersidadearteko 22 master eskaintzen ditu. Danetara, master ofizial guztiak kontuan hartuta, 3.896 plaza eskainiko dira.


Instalazino barriak

Ikasturte barri honegaz batera abian izango dira eraikin barriak be. Arabako Campusean Micaela Portilla Gizarte eta giza zientzien arloko Ikergunea, eta Leioan UPV/EHUko Zientzia Parkea; azken horretan, ikerketako zerbitzu nagusiak, unibersidadeko ikertaldeak, unibersidadean sortutako oinarri teknologikoko enpresak eta I+G+B erakundeak eta enpresak kokatuko dira.
Zientzia Parkeak lau eraikin ditu: Egoitza (Zientzia Parkeak eta Bizkaiko Parte Teknologikoak sustatua), Biofisika Institutua, Maria Goyri Zentroa eta Martina Casiano Plataforma (azken hiruak UPV/EHUri atxikiak).


IIL eta AZP

Euskal Herriko Unibersidadeak 5.709 irakasle eta ikertzaile (IIL) ditu, eta 1.847 Administrazino eta Zerbitzuetako (AZP) langile.


Ikasturteari hasierea emoteko ekitaldia

Ikasturteari hasierea emoteko ekitaldia irailaren 12an izango da, 11:30ean, Bizkaia Aretoko Mitxelena entzunaretoan (Abandoibarra, 3. Bilbo). Ikasturte hasierako berbaldia Pertsonen Internet-a eraikitzen Jasone Astorga irakaslearen eta ikerlariaren eskutik izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu