Euskal komikigintzea Bruselako Fète de la BD jaialdian

Bizkaie! 2016-09-02 08:44   Kulturea

Fête de la BD / Strip Feest jaialdian euskal komikigintzearen ordezkari izango dira Gregorio Muro eta Adur Larrea euskal sortzaileak eta modu aktiboan esku hartuko dabe.

Euskal komikigintzeak Bruselako Fête de la BD / Strip Feest Nazinoarteko Komiki Jaialdian parte hartuko dau, bigarren aldiz, irailaren 2tik 4ra bitartean, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, eta Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzeagaz alkarlanean.

EUNIC kultura institutu nazionalen europar sarekideakaz batera antolatutako ekimena da; Etxepare Institutua 2015eko urtarrilean sartu zan sare horretan.

Bruselakoa nazinoarteko mueta horretako topaketa esanguratsuenetako bat da, Frantziako Angoulême uriko jaialdiagaz batera. Eta aurten Euskadiri eskainitako gune berezi bat izango dau, Bruselako Parkeko (Place des Palais) Nazinoarteko Pabilioian, ganerako herrialde eta kontinenteetatik etorritako proposamenakaz batera. Bertan izango da euskal komikigintzeari eskainitako gunea, eta han izango dira ganera Gregorio Muro eta Adur Larrea euskal sortzaileak, modu aktiboan esku hartuko dabenak, eta euren lanak.

Jaialdian batuko diran ikusle zein profesionalek eta argitaldariek euskal komikigintzearen produkzinoaren ahalmen sortzailearen barri izateko aukerea izango dabe; euskal artistek domekan, irailaren 4an, eskainiko daben tailerrean parte hartzeko aukerea be izango dabe. Bestalde, komikigileak nazinoarteko egileakaz eta argitaletxeakaz batuko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu