Irailean ekingo jake ondarea Zabaltzeko Bilbao Izan dobako bisita gidatuei

Bizkaie! 2016-09-01 09:54   Kulturea

Irailaren 3tik 30era Chávarri Jauregia, Foru Jauregia, Allende txaleta edo Ramón de la Sota ontzigilearen lehenengo bizilekua izan zen Villa María bisitatuko dira –kanpotik–, beste batzuen artean.

Bilboko Udaleko Kultura Sailak joan dan maiatzean ekin eutsen barriro uriko eraikin enblematikoetara egiten diran bisita gidatuei, ondarea zabaltzeko Bilbao Izan programearen barruan. Edizino hau XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako hainbat jauregitan oinarrituko da.

Maiatzean jenteak Olabarri jauregia bisitau ahal izan baeban eta bagilean eta garagarrilean jatorrizko Bilboko zenbait jauregitxu, Arana, Gortazar edo San Nikolas, datorren irailerako oinezko ibilaldia dakarskue, Bilboko Zabalguneko hamar bat higiezinen historia eta kanpoaldeko arkitekturea ezagutzeko. Higiezin horreetako batzuk oso ezagunak dira, Foru Jauregia edo Chávarri Jauregia –Gobernu Zibilaren egoitzea–, eta beste batzuk apalagoak diran arren, garai haretako arkitekturearen harribitxi txikiak dira. Bisitak irailaren 3tik 30era izango dira, eta plazea erreserbau ahal izango da.

Orain mende bat, Indautxu Bilboko hedapen gunea zan, bere aberastasunaren arrastoa itxi nahi eban burgesia dirudunarentzat. Horren adibidea, XX. mendearen hasieran garatzen hasi eta 1915. urtean arkitekturearen gorengo mailara heldu zan Bilboko Zabalgunea da. 1876an, uriko lehenengo Zabalgunerako onetsitako urigintza alorreko planeamenduak ibilbide orria zehaztu eban. Horren ondorioz, uriaren etorkizuna ezagutzeko oso balio handiko ondarea itxi eban Abandon eta Indautxun.

Bilboko Familia dirudunek gastuei begiratu barik eregi zituen euren etxe handiak. Leonardo Rucabado, Atanasio de Anduiza edo Julio Saracibar lako garaiko arkitekto handiek euren arrastoa itxi eben etxe eta jauregitxo horreetan. Estilo erregionalisteak jokerea markau eban hainbat eraikinetan: Chavarri Jauregiaren bitxitasunagaz edertasunean lehiatzen zan eta Indautxuko etxebizitza inguru horretan eregitako etxeen eta jauregitxuen artean zutunik geratzen dan eta ia lagin bakarra dan Allende txaletean, Foru Jauregiko fatxada ikusgarri eta barrokoan, edo Sir Ramón de la Sotaren lehenengo bizilekua izan zan Villa María etxearen xumetasun harrigarrian.

Higiezin horreen eta bertan bizi izan ziranen historia eta euren arkitektura bitxiaren eta egungo erabilerearen bitxikeriak izango dira helburu nagusi gure uriaren ondare aberastasuna ezagutarazoteko asmoa dauen Bilbao Izan programako bisiten edizio honetan.

Bisitak euskeraz eta gaztelaniaz izango dira, astelehenetan, martitzenetan eta eguaztenetan 16:00etan eta 18:00etan; eguenetan eta barikuetan 10:00etan, eta 17:00etan (barikuetan 17:00etan, euskeraz) eta zapatuetan 10:00etan, eta 12:00etan, datorren irailaren 30era arte. Bisitea euskeraz egin nahi daben taldeek eguna eta ordua adostu ahal izango ditue. Bisitak ordubete eta erdi inguruko iraupena izango dau, eta talde bakotxak, gehienez be, 30 persona izango ditu. Horregaitik, beharrezkoa izango da aurretik erreserbea egitea 94 401 00 10 telefono zenbakira deituz (astelehenetik domekara, 08:00etatik 20:00etara). Erreserbea dobakoa da eta epea zabalik dago abuztuaren 29tik.


Bilbao Izan

Bilboko Udaleko Kultura Sailaren Bilbao Izan programea orain hamar urte sortu zan, Bilboko biztanleei eta, oro har interesa daben guztiei, uriaren historia, ondarea, eta gaur egun uria osotzen daben guneek denporan zehar izan daben bilakaerea ezagutarazoteko. Asmo horregaz zenbait ekimen gauzatu dira, horreen artean, auzoetara egindako bisita gidatuak, Bilbo, hile bakotxean auzo bat, Botxoko mendi-mazelak deskubritzen eta Hamabi begirada Bilbori programen bitartez. Auzoetara egindako bisita gidatuen programeari jarraipena emonez, Kultura eta Hezkuntza Sailak beste pausu bat emon eban, bere arretea, ondarearen ikuspegitik bereziak diran uriko eraikinetan jarriz. Orain arte Bilboko hogei eraikin berezi baino gehiago bisitau ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu