Sail ofizialeko beste bost film aurkeztu ditu Donostiako Zinemaldiak

Bizkaie! 2016-08-25 10:44   Zinemea

Baltasar Kormákur, Feng Xiaogang, Lee Sang-il, Bartosz M. Kowalski eta Emiliano Torres zuzendarien lanak Urrezko Maskorra irabazteko hautagai izango dira.

'Ikare' filmeko irudi bat (iturria: Donostiako Zinemaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Apurka-apurka, Donostiako Zinemaldiko sail ofizialeko filmen barri emoten dabilz egunotan. Antolatzaileek beste bost film gehitu ditue zerrendara, tartean Bartosz M. Kowalskiren eta Emiliano Torresen lehenengo lan luzeak. Eskarmentu handiagoa daukie beste hirurek.

Esate baterako, Lee Sang-il Japoniaren ordezkari izan zan 2006ko Oscar sarietan, ingelesez ez dan film onenaren sailean. Donostiara Ikare izeneko pelikulea dakar Lee Sang-ilek, bere laugarren film luzea. Istorioaren abiapuntuan, ihesean doan hiltzaile bat dago. Herri txiki baten ezinegona sortuko dau bere agerpenak.

Baltasar Kormákur islandiarra bere herrialdean zein Estadu Batuetan ibili izan da lanean. 2001ean be parte hartu eban Zinemaldiko Sail Ofizialean. Eiðurinn izeneko filma aurkeztuko dau Donostian. Bere alabaren mutil-lagun trafikatzailearen aurka babesteko neurriak hartu beharko dituan zirujau bat da protagonistea.

Txinatik dator Feng Xiaogang, Wo Bu Shi Pan Jinlian filmagaz. Beste etxebizitza bat lortzeko dibortzio faltsu bat antzezten dauen bikotea da protagonista. Ezustea jasoko dau andreak, senarra beste emakume bategaz ezkontzen danean. Feng Xiaogang be Oscarretarako hautagai izan zan, kasu honetan Txinaren ordezkari, 2010ean.

Prestigio handiko dokumentalak egin ditu Bartosz M. Kowalski poloniarrak telebistarako, baina lehenengo film luzea dau Donostian erakutsiko dauen Plac zabaw. Ume eta nerabeen krimenen ganeko film hau benetako gertakarietan oinarrituta dago.

Amaitzeko, Emiliano Torres argentinarrak be bere lehenengo opera prima dakar Donostiara: El invierno. Kalera bota daben behargin baten gorabeherak kontetan ditu. Film honi esker, Toulouseko Zinema Eraikitzen ataleko saria irabazi dau aurten.

Bartosz M. Kowalski eta Emiliano Torres ez dira Sail Ofizialean euren lehenengo film luzea aurkeztuko daben bakarrak. Guztira, orain arte, 22 film iragarri ditu Zinemaldiak atal ofizialerako eta horreetatik sei dira opera primak. Hurrengo egunetan, Urrezko Maskorra irabazteko hautagai gehiagoren barri emongo dabe antolatzaileek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu