Berlinalen eta Cannesen saritutako filmak, Zinemaldiko Perlak sailean

Bizkaie! 2016-08-19 11:56   Zinemea

Nazinoarteko zinemagintzako harribitxiak batuko ditu, beste behin, Perlak sailak. Aurten 15 film aukeratu ditue.

Gianfranco Rosiren 'Fuocoammare' filmaren irudi bat (argazkia: Donostiako Zinemaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostiako Zinemaldiko arduradunek azaldu dabenez, aurtengo edizinoko Perlak ataleko film askotan, gaur egungo munduaren bidebakokeriak, familia kontuak eta maitatzeko zein ahazteko moduak jorratzen dira. Munduko zinema jaialdirik entzutetsuenen aholkuagaitik heltzen dira Perlakera hainbat film eta, ondorioz, sari ugari lortutako lanak izango dira aurtengoak be.

Esate baterako, Berlinale jaialdian Urrezko Hartza irabazitako Fuocoammare, Gianfranco Rosik zuzendua, ikusi ahal izango da Donostian. Lampedusara heltzen diran etorkin afrikarren inguruan eregitako istorioa da koprodukzino franko-italiar hori. Bestetik, Canneseko jaialdian Urrezko Palmondoa irabazi eban Ken Loach britainiarraren I, Samuel Blake filmak. Laguntza sozialetan kateatutako gizon-emakume biren istorio hori be Donostian izango da.

Nabarmena da, era berean, Stephen Frears ingelesaren Florence Foster Jenkins. Txarto kantau arren soprano izan nahi dauen emakumearen istorioak kritika onak jaso ditu, besteak beste Meryl Streep ospetsuaren jardunari esker. Japoniatik helduko da, bestalde, Umi Yorimo Mada Fukaku, lur jotako emakume baten istorioa. Ezagun zaharra da Hirokazu Koreeda zuzendaria Donostian, sail ofizialean lau aldiz parte hartu dau eta.

Zuzendari ezagunen artean, Emir Kusturica da nabarmenenetako bat. Na Mlecnom Putu dakar balkaniarrak Perlak sailera, gerran kokatutako fikzinozko filma hain zuzen. Txileko Pablo Larrainek, ostera, Pablo Neruda idazlearen bizitzea dakar Donostiara, Neruda filmean. Larrain be sariak jasotakoa da Donostiako Zinemaldian.

Perlak sailean aurten egongo diran ganerako filmak honeek dira: Elle (Paul Verhoeven), Frantz (François Ozon), La tortue rouge (Michael Dudok de Wit), L'Avenir (Mia Hansen-Love), L'économie du couple (Joachim Lafosse), Little Men (Ira Sachs), Ma vie de courgette (Claude Barras), Sieranevada (Cristi Puiu) eta Toni Erdmann (Maren Ade).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu