UPV/EHUko Zientzia Parkeak ateak zabaldu ditu Leioan

Bizkaie! 2016-07-22 08:54   Kulturea

Unibersidadea, enpresea eta zientzia buztartzen dituan Euskadiko lehenengo zientzia parkea da

Bart inaugurau dabe UPV/EHUko Zientzia Parke barria. Bertan batzen dira Egoitzea, Biofisika Institutua, Animalia Bioteknologiarako Maria Goyri Gunea eta Martina Casiano Plataforma Teknologikoa. Zientzia Parkea Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio eremuaren iparraldean dago kokatuta.
 
Inaugurazino ekitaldian izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaia, Bizkaiko diputadu nagusi Unai Rementeria, Ikerketa, Garapen eta Barrikuntzako estadu idazkari Carmen Vela, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriarte, Euskadiko Parke Teknologikoen presidente José Miguel Corres eta Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Zentroko (CSIC) presidente Emilio Lora-Tamayo D’Ocón.
 
Inaugurazinoaren aurretik, agintariek UPV/EHUko Zientzia Parkearen instalazinoak ikusteko aukerea izan dabe. Hasteko, Egoitzako hirugarren pisura igon dabe, bertan kokatutako Basque Centre for Climate Change-BC3 ezagutzera. Ondoren, Egoitzatik 200 metro iparraldera dagoan Biofisika Institutua bisitau dabe, baita pisu nagusian kokatutako proteinak produziduteko eta arazteko Laborategia eta Mikroskopia Optiko Kuantitatiboko Plataforma/Bioirudi Aurreratuko Unidadea bere.

UPV/EHUko Zientzia Parkea erreferentziako azpiegitura bat izateko sortu da, eta haren bidez barrikuntzea eta ezagutzearen transferentzia euskal produkzino ehunera hurreratzeko erraztasunak emon nahi dira. Plataforma hau UPV/EHUren eta Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoaren (Bizkaia Parkea) arteko lankidetzaz sortu da. Unibersidadearen, zientziaren eta enpresen topagune bat izango da, eta holako ezaugarri bereziak dituan lehen parkea, EAEn.

Zientzia Parkeak lau eraikin ditu gaur egun, UPV/EHUren lurretan. Egoitzea Bizkaia Parkearena da, eta ganerako hirurak, barriz, UPV/EHUrenak. Kudeaketa lanak Bizkaia Parkeak egingo ditu. Eregitako azalera osoa ia 43.810 metro koadrokoa da, eta eraikinak egiteko 35.274.507,34 €-ko (BEZ barik) inbersinoa egin da.

Proiektua martxan jarteko, egokitu egin behar izan da BI-2731 (Leioa-Unbegana) errepidearen trazaketea. Jarduera horretan, UPV/EHUk bost miloe euroko inbersinoa egin eban, eta Bizkaiko Foru Aldundiak beste lau miloe jarri zituan.

Zientzia Parkearen garapenak barrikuntza ekosistema baten sorrera ahalbidetuko dau, ekintzailetza zientifikoa eta teknologikoa, eta transferentzia bultzatzeko asmoa izango dauena. UPV/EHUko Zientzia Parkea kalidade handiko espazio bat da, ikerketan, garapenean eta barrikuntzan (I+G+B) dabilena, eta haren helburu nagusiak honako honeek izango dira: unibersidade-enpresen arteko harremanak bultzatzea, oinarri teknologikoko spin-off enpresa barriak eta kualifikazino handiko enplegua sortzea, eta ikertzaileak enpresetan sartzeko erraztasunak bultzatzea.
 
Ezaugarri hori dala eta (unibersidadeagazko lotura zuzena), parke hori bakarra da Euskadin, izan be, barrikuntzea, transferentzia eta ekintzailetzea sustatu, eta harreman estuak ahalbidetuko ditu unibersidadeko ikerketearen eta egitura sozioekonomikoaren artean. Esangura horretan, UPV/EHUko Zientzia Parkea zabalik egongo da barritzeko gaitasuna, teknologia maila altua eta gizarte eta ingurumen erantzukizuna daben proiektu eta enpresentzat. Parkearen plataformetan, ikerketako zerbitzu nagusiak, unibersidadeko ikertaldeak, unibersidadean sortutako oinarri teknologikoko enpresak eta I+G+B erakundeak eta enpresak kokatuko dira.


Instalazinoak

Zientzia Parkeak lau eraikin izango ditu: Egoitzea (Zientzia Parkeak eta Bizkaiko Parte Teknologikoak sustatua), Biofisika Institutua, Maria Goyri Zentroa eta Martina Casiano Plataforma (azken hiruak UPV/EHUri atxikiak).
 
UPV/EHUko Zientzia Parkearen Egoitzearen eginkizuna izango da lanerako toki bat eskaintzea unibersidadeagaz loturea daben enpresa, erakunde eta ikergune publiko edo pribatuei. Dagoeneko kokatu da eraikin horretan BC3 Basque Centre for Climate Change zentroa. Ikergune hori Eusko Jaurlaritzearen BERC programearen barruan kokatzen da (Oinarrizko eta Bikaintasunezko Ikerkuntzarako Zentroak), eta klima aldaketearen kausa eta ondorioen epe luzerako ikerketan dabilen Europako zentro bakanetako bat da. 50 persona inguru dabiz lanean zentro horretako taldeetan.

Bestetik, laster, eraikin berean kokatuko da Achucarro Basque Centre for Neuroscience zentroa, bikaintasun ikergune bat (BERC), Ikerbasquek eta UPV/EHUk sustatua, biologia neuroglialean oinarrizko eta translazino ikerketan dabilena, garuneko gaixotasunentzako terapia barriak topetan. 120 ikerlari inguru dabize lanean. BERC Achucarro zentroak nazinoarteko lehen mailako ikergune izan nahi dau, oinarrizko ikerkuntzarako topagune, graduondoko prestakuntzan eta neurozientzietako ezagutzearen transferentzian.

Biofisika Institutuan (UPV/EHUren eta Ikerkuntza Zientifikoen Goi Kontseiluaren -CSIC- zentro mistoa), 150 laguneko talde bat dabil lanean, mintz biologikoen, horreen osogaien eta euren arteko loturen ikerkuntzan, diziplina anitzeko ikuspegi batetik, teknika biofisiko aurreratuen bidez. Biofisika arloko erreferentziazko zentro honen helburu nagusiak dira ezagutzea sortzea, ezagutzearen ekonomian aurrera egitea, merkatura bideratutako plataforma teknologikoak sortzea, eta lankidetza publikoa eta pribatua maximizetea, teknologia transferentzia bideratzeko.
 
Maria Goyri Zentroak, barriz, Biomedikuntza, Elikagaien Zientzia eta Ekosistema Jasangarrien arloan jardungo daben ikertaldeak hartuko ditu. Ganera, Biomedikuntza arloko Mikroskopia Analitikoko eta Bereizmen Handiko Unidadeak be kokatuko dira eraikin horretan, eta Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorren (SGIker) Proteomika Unidadea.

Martina Casiano Plataformea Materialen Zientzia eta Teknologiaren arloan, alor horreetan dabizan ikertaldeen bidez, eta Neurri Magnetikoen eta Analisi Zerbitzu Nagusiaren Unidadeak be kokatuko dira bertan. Azkenik, aurreikusita dago BERC BCMaterials zentroa plataforma horretan kokatzea, materialen, aplikazinoen eta nanoegituren euskal zentroa.
 
Maria Goyri eta Martina Casiano eraikinak urte honen amaieran zabalduko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu