Euskal Herria Museoak 'Etxetik at. Diáspora Vasca' erakusketea zabalduko dau

Bizkaie! 2016-07-21 13:27   Kulturea

Aurten 25 urte beteko dituan Euskal Herria Museoak Euskal Diasporearen inguruko erakusketea zabalduko dau gaur, hilak 21, arratsaldeko 18:00retan.

Etxetik at. Diáspora Vasca izenburuko erakusketeak migrazinoaren ikuspuntu orokor bat eskainiko dau ehun bat objetu oinarri hartuz: oleo, mapa, dokumentazino, ikus-entzunezko, argazki eta abarrek, euskaldunek munduan zehar jarraitutako bide eta bizipenak erakutsiko deuskuez.

Erakusketea museoko materialakaz eta batez be inguruko familiek etxetik urten eta errealidade barriari aurre egiteak dakarren abenturearen oroigarri legez konserbautako objektuakaz osotu da.

Peninsula iberiarraren eta Europako kontinentearen arteko pasabidea izateak, baita itsasoaren presentziak eta espiritu ekintzaileak be, euskaldunen mobikortasunean eragina izan dabe mendeetan zehar. Testu klasikoetan dagoeneko jasota dago euskaldunak Erromatarren Inperioaren hainbat bazterretan egozala. Merkataritzeak eta arrantzeak horreetako asko munduan barrena ibiltera eroan zituan, itsasoan zehar, merkatari lez Europa Iparraldean eta Sevillan, makailao-arrantzale eta baleen ehiztari lez Ternuan eta Islandian... Estadu Modernoen eraketan be eginkizun handia izan eben, militar, eskribau edo jurista lanetan Austriarren gorteetan eta Eleizan.

Euskaldunek zeregin garrantzitsua izan eben Mundu Barriaren aurkikuntzearen ostean garaiko potentzia europarrakaz berdinen pareko hartu-emonak garatzen, beti be Eleizearen, Gaztelako Koroaren edo Frantziako erregearen zerbitzupean: konkistatzaileak Mexiko eta Perun, korsarioak Karibean edo Mediterraneoan, misiolariak Asiako hego-ekialdean, itsasgizonak Itsaso Barean...

Munduan barrena ibilitako euskaldunen zerrendea amaiezina da: munduari lehenengoz birea emon eutson Juan Sebastián Elcano zein gizonezkoz mozorrotuta alferez kargua bete eban Catalina de Erauso moja abenturazalea. XIX. mendean, barriz, diasporea hasi zan: milaka euskaldunek bizitza barri bati ekin eutsien beste kontinente batzuetan pobreziatik edo gerretatik igesi zein esperientzia barrien bila.

Kontuak kontu, gaia sano zabala eta mamitsua danez, osotasunaren zati txiki bat baino ezin izan da adierazo erakusketan eta, beraz, ez dira Diasporearen aspektu guztiak islatuta agertzen: figura eta objektu zehatzak izango dira orokortasunaren adierazgarri.

Ibilbide tematiko bat oinarri eta figura jakin batzuk ardatz, erakusketeak aurkikuntza (Elcanoren kasua), administrazinoko lan (Lersundi), merkataritza, industria, kirol (Jai-Alai), erlijino, edota sinboloena lako gaien zertzeladak emoten ditu.

Erakusketea, Bizkaiko Foru Aldundiak urrian Etxetik kanpo. Migraciones y patrimonio cultural izenburupean egingo dituan Ondarearen Europako Jardunaldien aurrerapen bat izango da.

Erakusketea garagarrilaren 21ean, arratsaldeko 18:00etan zabalduko da bisita labur bategaz. Informazino gehiagorako deitu 946255451 telefonora edota idatzi euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikora.


Euskal Herria Museoaren ordutegia:

Martitzenetik zapatura: 10:00-14:00 eta 16:00-19:00.

Domekatan: 10:30-14:30.

Jaiegunetan: 10:30-14:30 eta 16:00-19:30.

Astelehenetan zarratuta (urriko azken astelehenean izan ezik).


Udako ordutegia (Garagarrila eta abuztua):

Martitzenetik zapatura: 10:00-14:00 eta 16:00-19:00.

Domeka eta astelehenetan: 10:30-14:00.

Jaiegunetan: 10:30-14:30 eta 16:00-19:30.


Tarifak:

Normala: 3 €

Gitxitua: 1,50 €

Zapatuetan: Doban

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu