Orain 80 urte bonbardeau eben Otxandio

Bizkaie! 2016-07-18 12:03   Kulturea

1936. urteko garagarrilaren 22an izan zan. Herria Santamaña jaien ospakizunetan egoala, faxisten hegazkinek herrigunea bonbardeau eta 61 lagun hil zituen.

Hildako 61 lagun horreetatik 45, gitxienez, zibilak izan ziran, asko umeak; sarraskia egin ebenetik 80 urte bete dira aurten, eta data hori dala-eta, bonbardaketea gogoratu eta jazotakoa azaltzen dauen ibilbidea be inaugurauko dabe. Jaien hasierea bera bonbardaketearen gomuteak markauko dau, izan be, erasotik bizirik urten eben lekuko bik botako dabe txupinazoa, Marina Berrostegietak eta Maria Angeles Ortiz de Zaratek. Bizirik dagozan lekukoen artean gazteena da Berrostegieta –hiru hile zituan erasoaren egunean–, eta nagusienetakoa Ortiz de Zarate.

Otxandioko Udalak eta Memoria Historikoa lantzen dagozan herritar eta alkarte zenbaitek (frankismoaren krimenen kontrako euskal plataformara batutakoak) hainbat ekitaldi antolatu ditue urtean zehar garai ilun hareetako biktimak gogoratu, omendu eta krimen horreen erantzulea dan frankismoa salatzeko. Hilaren 22an, arratsaldeko 18:00retan, frankismoa gatxesteko udal pleno berezia izango da; arratsaldeko 20:00retan: frankismoaren biktimak gogoratu eta omentzeko ekitaldia. Garagarrilaren 24an, barriz, eguerdiko 13:00ean: bonbardaketan hildakoei omenaldi herrikoia egingo jake.

Beste alde batetik, zazpi gune dituan ibilbidea diseinau dabe, herriaren bonbardaketea eta frankistek Otxandio hartu ebenera artekoa ezagutzera emoteko. Datorren barikuan, garagarrilaren 22an, bisita gidatuak izango dira: Arratsaldeko 17:00etan gaztelaniaz eta arratsaldeko 18:30ean, euskeraz. Ibilbideko puntu desbardinetan, gidearen azalpenagaz batera lekukoak be izango dira euskerazko bisitan. Eta, ondoren, 20:00etan, Andikona plazan Frankismoaren biktimen oroimen ekitaldia egingo da.


Ibilbidearen zazpi guneak

- Andikona plazea: hegazkinetatik jaurtitako bonbek biktima gehien itxi zituan plaza honetan. Danetara, 61 eta gehienak umeak eta andreak. Biktimen oroigarria dago plazan.

- Babeslekuak: Bonbardaketa ostean herrian geratu ziranentzat 6-7 babesleku atondu zituen herriko leku desbardinetan.

- Udako etxea: Eusko Gudarosteak Basagurendarren Udako etxean kokatu eban bere komandantzia.

- Bolalekua: babesleku eta milizianoen sukalde bihurtu zan; eleiza eta eskola biltegi, bulego zein lo egiteko gelak bilakatu ziran.

- Uribarreneko zubia: Informazinoa lortzea, frontearen alde batetik zein bestetik, eguneroko ezkutuko lan baliotsua eta arriskutsua izaten zan.

- Plaza nagusia: Bost egun eutsi eban Otxandioko fronteak. Egun horreetan, bonbardaketek, metrailamenduek, obus jaurtiketek, sute eta munizino biltegien eztandek bete-betean jo eben Otxandio.

- Udaletxea: Otxandio uria eta udaletxea, berbearen gune nagusia, erregimen frankistearen kuartel eta pentsamendu bakarraren gotorleku bihurtu zan lau hamarkadatan.

Otxandiok orain dela 80 urte izandako bonbardaketeari buruz eta gerra zibileko beste jazoera batzuei buruzko ikerketea Jon Irazabal Gerediaga Alkarteko kideak idatzi dau eta 2003an argitaratu eban Gerediagak, 2006an berrargitaratuz. Hemen deskargatu daiteke.

Gitxi ikertu eta berba egin da Otxandioko bonbardaketaz, eta Jon Irazabalek eta Zigor Olabarriak egindako ikerketa lanak dira sendoenak. Altxamendua gertatu eta lau egunera egin eben erasoa, eta urte askoan kontrakoa saldu izan bada be, zibilak izan zituan jomuga. Helburua ez dago argi; hipotesiek Legution erasoteko pausu lez edota Bizkaia eta Gipuzkoa bildurtzeko ekintza lez azaltzen dabe. Europan zibilen kontra egindako lehen aire erasoa izan zala esan izan da, datua erabat ziurra ez dan arren. Zibilen kontrako lehen bonbardaketea Espainiako tropek egin eben Arrifeko gerran (Maroko), eta hortik aurrera Otxandion, Durangon eta Gernikan be egin zituen bonbardaketak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu