Ikerketa-erakundeetan genero-bardintasuna bultzatzeko Europako 30 aditu batuko dira Bilbon

Bizkaie! 2016-07-18 08:15   Kulturea

Europako 8 herrialdetako 10 erakundetako adituak batuko dira garagarrilaren 18tik 20ra, ikerketea garatzen daben erakundeetan bardintasun-planak txertatzeko metodologia bat garatzea helburu.

Bilbo Barrikuntza Faktoria izango da Europako ikerketa-erakundeetan genero-bardintasuna bultzatu eta bermatzeko PLOTINA egitasmoan hiru egunez egingo dan topaketea. Europako zortzi herrialdetako hamar erakundetako adituak batuko dira garagarrilaren 18tik 20ra, ikerketea garatzen daben erakundeetan bardintasun-planak txertatzeko metodologia bat garatzea helburu. Elhuyarrek antolatu dau topaketea, proiektuaren lantaldean bardintasun-aholkulari izateaz gan. Topaketearen egoitzea Mondragon Unibersidadearena da, egitasmoaren beste euskal kidearena.

2016. urtearen hasieran abiatu zan PLOTINA (Promoting Gender Balance and Inclusion in Research, Innovation and Training), eta hiru urtez jardungo dabe estrategia barritzaile eta jasangarrien bidez, ikerketa-erakundeei neurrira egokitutako bardintasun-planen garapena, ezarpena eta ebaluazinoa egiten. Europako zortzi herrialdetako zenbait ikerketa-zentro, unibersidade, alkarte profesional eta proiektuaren garapenaren jarraipena eta horren zabalkundea egiten espezializautako kide partzuergo batean batu dira horretarako, tartean, Elhuyar, bardintasun-aholkulari legez. Europako ikerketa-zentroen dibersidadea islatzen dau partzuergoak, bai eta Europako giro sozial eta kulturalen aniztasuna be.

Ikerketa-erakundeetarako bardintasun planen garapenera heltzeko, ezinbesteko hiru alor honeek lantzea dabe helburu: batetik, generoaren ikuspuntua kontuan hartzen dauen kultura-aldaketa bat eragin; bestetik ikertzaileen, eta, batez be, emakume ikertzaileen, garapen profesionala bultzatzeko ekimenak bideratzea, talentua alperrik galdu ez daiten, eta, azkenik, bai ikerketan bai irakaskuntzan ikuspuntuak eta metodologiak dibersifiketan dirala bermatzea, kasu honetan, genero- eta sexu-dimensinoa eta analisia kontuan hartuta.

Helburu horreek guztiak gogoan hartuko dituan metodologia garatzeko bidea lau etapa orokorretan banatu dabe: partzuergoko kide diran ikerketa-zentro eta unibersidadeen egoerea aztertzea; bakotxerako genero-bardintasunerako plan bat diseinetea; bardintasun-planeko helburuetara heltzeko ikerketa-zentro kideetan ekintzak diseinau, txertatu eta ebaluetea, eta, azkenik, Europa osoan ikerketea garatzen daben erakundeek erabilteko moduko baliabide-plataforma bat sortzea, nork bere egoerara egokitutako genero-bardintasuneko planak zehaztu ahal izateko.

Urte honen amaierarako diagnostikoak eginda izatea aurreikusi dabe, 2017ko martirako bardintasun-planak diseinau ahal izateko. Hortik aurrera, zentro eta erakunde desbardinetan txertatuko ditue, eta, holan, aukerea izango dabe esperientziak konpartiduteko, alkarrengandik ikasteko, hobetzekoak identifikau eta metodologiak egokitzeko eta abarrerako.

Esangura horretan, PLOTINAk lagunduko dau emakume ikertzaile gehiago egon daitezan, euren ikertzaile-ibilbideak bultzatzen, eta generoaren dimensinoa ikerketearen diseinuan, ebaluazinoan eta ejekuzinoan txertatzen, kalidade eta garrantzi handiagoa izan deien, horrek, aldi berean, barrikuntzen bikaintasuna eta gizarte-balioa bultzatzen dauelako.

Honako erakundeek osotzen dabe PLOTINA proiektuaren partzuergoa: Boloniako Unibersidadea (Italia) proiektuaren koordinatzailea, Warwickeko Unibersidadea (Erresuma Batua), Mondragon Unibersidadea (Euskal Herria), Instituto Superior de Economia e Gestao (Portugal), Kemijski Institut (Eslovenia), Ozyegin Universitesi (Turkia), Zentrum fur Soziale Innovation GMBH (Austria), Jump Forum (Belgika), Centro Studi Progetto Donna e Diversity MGMT (Italia), eta Elhuyar (Euskal Herria).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu