Nafarroak eta EAEk Nafarroan EITB hartzeko hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2016-07-15 12:07   Kulturea

Gaur egun tokiko eremuetan libre dagozan kanalak erabiliko dira Iruñean ETB1 ikusteko eta Tafallan, Lizarran, Zangozan eta Tuteran ETB1, ETB2 eta ETB3 ikusteko.

Nafarroak eta Euskal Autonomia Erkidegoak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe gaur goizean Euskal Irrati Telebistaren (EITB) zerbitzuak Nafarroako Foru Erkidego osoan zabaltzeko eta emoteko, bai TDT eta kable bidezko telebistan, eta bai irratian (FM eta transmisino digitala).

Nafarroako Gobernuko Herritarrakazko eta Erakundeakazko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek sinatu dabe dokumentua, gaur goizean Nafarroako Jauregian egindako ekitaldian.

Ollo kontseilariak adierazo dauenez akordioak nafar ugariren borondateari erantzuten deutso, baita Foru Parlamentuaren gehiengoari eta udal askoren nahiari be; izatez, udal askok behin baino gehiagotan eskatu deutse aurreko gobernuei, eta gure gobernuari be bai, EITB hartzeko baldintzak erraztea.

Bestalde, Uriarte sailburuak adierazo dau Lankidetza Hitzarmen honi esker oso gauza normala eta sinplea ahalbidetzen dogu, EITB sintonizau nahi dauenak holan egiteko aukerea izatea. Irrati-etxe eta telebista-etxe sorta zabalaren barruan EITB be egon daiten ahalbidetzea aukeratu ahal izateari bidea emotea da. Emisino horreek garrantzi handiko ekarpena izango dira nafar kopuru handi batentzat. Akordio hori etorkizunari begiratzeko erabagiaren isla da.

Gobernu biek hil honetan onartutako hitzarmenak beren-beregi jasoten dau EITBk Nafarroagazko hartu dauen errespetu-konpromisoa, hau da, Nafarroako errealidade politikoa, soziala eta instituzionala eta Nafarroaren sinboloak eta nortasuna errespetetako konpromisoa. Nafarroako Foru Erkidegoa Euskal Autonomia Erkidegoaz eta ha osotzen daben herrialde historikoez bereizten dan errealidade lez jasoko da, bai EITBren profesionalek idatzitako informazinoetan, bai errealidade horreen irudikapenean. Era berean, sensibilidade politiko eta ideologikoak barruan hartu, eta errespetauko dira, eretxi publiko plurala sortzen laguntzearren.


Tokiko kanal libreen erabilerea

Nasertic enpresa publikoak eta EITBk berak egindako azterketa teknikoak jasoten dauen moduan, EITBko edukiak epe laburrera transmitiduteko dagoan biderik bideragarriena da tokiko TDTko plan tekniko nazionalak Foru Erkidegoari esleitu deutsozan tokiko 5 multiplexetan libre dagozan kanalak erabiltea. Beraz, Iruñeko mugapenean ETB1 zabalduko da eta Tafalla, Lizarra, Zangoza eta Tuterako mugapenetan ETB1, ETB2 eta ETB3.

Edozelan be, Ana Ollo kontseilariak aditzera emon dauenez, aukera hori ez da bateraezina Foru Exekutiboaren eretxiz aukerarik egokiena danagaz: 'autonomia-kanalak erabiltea. Horretarako, Industria, Energia eta Turismo Ministerioari eskatu jako espektro irrati-elektrikoan espazio-erabilerea zabaldu ahal izatea, ETB1 eta ETB2 lurralde osoan zabaldu ahal izateko.

Dana dala, EITBk gaur egungo autonomiako multiplexa erabiltea zein tokiko multiplexak erabilteak ez dau gehigarrizko kosturik Nafarroako Gobernuarentzat. Izan be, bere garaian zabaldu ziran azpiegiturak dira horreek, eta EITBren difusinoagaz amortizau ahal izango dira. Ganera, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde hori azpiegitura horreek kudeatzen dituan Nasertic enpresearen bezero bihurtuko da, eta merkatuko prezioan egingo deutsoz difusino-zerbitzu horreek.

Bestalde, EITBk buru modularreko zerbitzua kontratauko dau (sistema horrek seinalea batzeko eta emisino guztiek maiztasun bera erabili ahal izateko aukerea emoten dau). Era berean, kostuen banaketa proportzionala ezarri da, autonomiako eta tokiko ganerako operadoreei apliketan jakezan baldintza ekonomikoetan. Hortaz, EITBk urtean 82.000 euro ordainduko deutsoz Nasertic enpresari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu