Cesar Pelli argentinarrari BIA saria emongo deutsie Bizkaiko arkitektoek

Bizkaie! 2016-06-29 12:53   Kulturea

Garagarrilaren 15ean jasoko dau Pellik BIA saria, berak diseinautako Iberdrola torrean. Bilbo eraldatzeko argentinarrak egindako ekarpenagaitik omenduko dau Arkitektoen Alkargoko Bizkaiko ordezkaritzeak.

Cesar Pelli (argazkiak: Euskal Herriko Arkitektoen Alkargo Ofiziala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain dala urte bi sortu eben BIA saria, Bizkaiko arkitektoek emoten daben saririk garrantzitsuena. Lehenengo edizino haretan, Norman Foster britainiarra saritu eben. Bigarren aldi honetan, barriro uriaren eraldaketan zeresana euki dauen atzerriko arkitekto bat aukeratu dabe Arkitekoen Alkargoak eta Bilboko Udalak.

Mundu zabalean eraikin esanguratsuak diseinau ditu Cesar Pellik, 1926an Tucuman urian jaiotako argentinarrak. Esate baterako, Malaysiako uriburu Kuala Lumpurreko Petronas torre bikotxak, 2003ra arte munduko eraikin altuenak izan ziranak. New Yorkeko World Financial Center, Buenos Airesko YPF eraikina eta abar be egin ditu.

Bilboko Abandoibarra pasealekuan dago Cesar Pelliren Iberdrola torrea. 2007an hasi ziran eregiten eta 2011n amaitu eben. 165 metroko altuereari esker, uriko leku askotatik ikusten da torrea eta 21. mendeko Bilbo barriaren ikurretako bat bihurtu da. Uriko ekonomiaren eta finantzen ikurra dala dinoe BIA sariaren antolatzaileek.

Abandoibarrako Masterplanean Cesar Pellik euki dauen garrantzia azpimarratu dau epaimahaiak: Uriaren birsorkuntzarako egin diran ekintzen artean, pieza garrantzitsu bat da torrea. Beste uri batzuetarako erreferentzia dala ganeratu dau.

Hain zuzen be, Iberdrola torrean jasoko dau Cesar Pellik BIA saria, garagarrilaren 15ean egingo dan galazko afari baten. Hileko lehen hamabostaldian Bilbon egingo daben BIA Urban Regeneration Forum topaketearen amaierako ekitaldia izango da. Juan Mari Aburto alkateak parte hartuko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu