'Euskaldunak eta karolingiar iraultza' ikerketa liburua aurkeztu dau Iñaki Lopez de Luzuriaga Martinezek

Bizkaie! 2016-06-22 15:43   Kulturea

UEUk argitaratu dau liburua eta ondoko helbidean eskuratu daiteke.

Iñaki Lopez de Luzuriaga Martinez | Ikusi handiago | Argazki originala

Frankoak bizi izan ete ziren inoz Akitanian? Galdera horri erantzuten saiatu da Lopez de Luzuriaga: Garona eta Loira arteko lurraldeak, erromatarren Aquitania Prima eta Secunda, baeban ospe bat, eta nahiko ondo gordetzen zituan garai haretan Antxina Aroko Akitania horren ezaugarri eta egitura galiar-erromatarrak. Frankoek 507an inbadidu eben lurraldea eta, militarki garaitu arren, Loiraz hegoaldera, frankoak demografikoki elementu urria ziran, baita arrotza be. Halan da be, Odo duke akitaniarrak frankoak be erabili zituan 721eko Tolosa Okzitaniako bataila handian, eta horrek galderak pizten ditu euren jatorri eta izakereari buruz.

Lopez de Luzuriagak jaso dauenez, eleizaren zeregina erabagigarria da Franko karolingiarren zabalkuntzea ulertzeko. Eleizea Erromatar Inperioaren ospea eta agintaritzea zan eta, Karlos Martel eta bere leinuko buruzagi frankoak Erromagaz buztartu ziranean, frankoak, azkenean, erromatar peto-petoak bihurtu zirala azaldu dau: Pepin Motza buruzagi frankoak estadu kolpe bat emon eban 751n, errege bihurtu, eta neurri handi batean, bizkarra emon eutson herri frankoari. Horretarako, ezinbestekoa izan eban Erromako apezpiku Zakariasen babesa. Ardatz beraren bi gurpilak bihurtu ziran.



Baskoi-akitaniar eremu politiko bat sortzeko aukerea, zapuztuta

Karlos Martel dalakoak, Karlomagnoren aitita zanak, gobernu-egitura bertikal eta indartsuak ezarri zituan, eta horrek baskoi-akitaniar eremu politiko bat sortzeko aukerea zapuztu ebala baieztatu dau Lopez de Luzuriagak: Akitaniak Erromaren ospea eban VIII. mendera arte, tokiko galiar-erromatar tradizino natiboaren erakusgarria zan, eta baskoiek erromatar tradizinoan kokatu nahi eben beren burua, herri germaniar barbaroei kontrajarrita.

VII. mendearen erdialdetik aurrera, dinamika propio bat ontzen hasi ziran alkarregaz: akitaniarren eta baskoien dukerri autonomo bat. Felix Tolosa Okzitaniako senatariak eregi eban etxe horren lehenengo zutabea 660ren bueltan. Horretarako, akitaniarrak baskoien indar militarrean oinarritu ziran, euren arteko sinergia bat sortu zan, itun bat, Garona ibaia ardatz nagusi hartuz. Pirinioak, barriz, baskoien aterpe dinamiko bihurtu ziran. Aldiz, 768tik aurrera, Septimania eta Akitaniako gerren lorratzean, karolingiarrek diziplina zorrotzeko beneditar monasterioak ugaldu zituen, sare bat eratu. Benedikto Anianekoaren, Gilen Orangekoaren eta karolingiar erregeen lana erabagigarria izan zan. Baskoi-akitaniar proiektuarenak egin eban, baina gauzea ez zan hor amaitu -azaldu dau historialariak- historia dialektikea da.


Kontakizun bakarra eta dialektika historikoa

Garai haretako historia, oro har, irabazleen idatzien bidez ezagutu dogu; baina liburu honetan, dialektika historikora be jo dau historialariak, eta bestelako kontakizunak be aintzat hartu. Lehenengo eta bigarren mailako iturriak darabilz, hau da, garaitik hurren dagozanak, adibidez, 754ko mozarabiar kronikea, edo Annales regni Francorum, eta geroago ondutako azalpenak zein ikerketa modernoak. Jakina, horrek analisi historikoaren aldetik baditu hainbat zirrikitu eta korapilo: narrazino historikoei erreparau deutset, eta historiografia modernoa begi kritikoz aztertu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu