Munduan 65 miloe desplazadu dagozala ohartarazo dau ACNURek

Bizkaie! 2016-06-20 13:21   Kulturea

Errefuxiaduen Nazinoarteko Eguna da gaur, bagilak 20, eta Nazino Batuen menpeko ACNUR erakundeak 2015eko datuak emon ditu: 22 miloe errefuxiadu dagoz, II. Mundu Gerratik egon dan kopururik handiena, eta desplazaduak, guztira, 65 miloe baino gehiago dira.

Afganistango ume errefuxiatu bat, Hungariako kanpamendu baten (argazkia: ACNUR) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaurkotasun handiko gaia da desplazaduena: Siriako gerrearen erruz Europara heldu guran dabilzan milaka personen ihesaldia eta Europan sartzeko ipini jakezan trabak salatu izan ditue eragile ugarik. Era berean, udeagaz batera, Afrikatik Europara Mediterraneo itsasotik sartzeko ahaleginak ugaritu egin dira eta, horren eraginez, itsasoan galtzen diran ehundazak lagunen tragediak barriro agertu dira albistegietan.

Izan be, errefuxiauak, eta desplazaduak orokorrean, egoera larrian dagozala dino ACNURek, Iheslarientzako Nazino Batuen Goi Batzordeak. Bigarren Mundu Gerrea amaitu zanetik, ez da 2015ean beste errefuxiatu egon munduan, 22 miloe. Gogoz kontra desplazadutako guztiak kontuan hartuta, 65 miloera heltzen da kopurua. Minuturo, bataz beste, 24 personak euren etxetik alde egiten dabe, behartuta.

ACNURen txostenak dinoanez, arrazoi askok behartzen dabe jentea bere herritik alde egitera: Gerreak, goseak, giza eskubideen urraketek, jazarpenak eta abar. 2015ean, esaterako, 12 miloe desplazadu barri egon ziran. Aurreko urteetan baino txikiagoa da zenbaki hori baina, halandabe, ACNURek azpimarratu dau, azkenengo bost urteotan % 50 igon dauela desplazadu kopuruak. Errefuxiaduak bakarrik kontuan hartuta, igoerea nabarmenagoa izan da.

Errefuxiaduen Nazinoarteko Eguna 2001. urtean sortu zan, Errefuxiatuen Estatutuaren ganeko biltzarretik 50 urte bete ziralako. Harrezkero, bagilaren 20an egiten da urtero. ACNURek egun berezi hau erabilten dau desplazaduen egoera latzaren eta beharrizanen ganean kontzientzia zabaltzeko eta erakundeei erantzunkizuna hartu daiela eskatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu