Lain taldearen agurra zemendian

Bizkaie! 2016-06-20 13:38   Musikea

Uda sasoian ahalik eta kontzertu gehien emoteko amesagaz dago taldea baina gaur jakin dogu  gipuzkoarrek agur esango deuskuela datorren zemendian.

Gaur hasiko dan uda sasoian ahalik eta kontzertu gehien emoteko amesagaz dagoz baina gaur jakin dogu talde gipuzkoarrak agur esango deuskula datorren zemendian. Taldekideek hamasei-hamazazpi urte zituela sortu eben taldea Villabonan eta egun, 24-25eko neska-mutilek osotzen dabe. Lor taldearen Zure doinua kantuaren bersio bat aurkeztu eben eta youtubeko bersio horrek ia 275.000 sarrera izan zituan. Hortik aurrera hiru disko sortu ditu Lain taldeak, azkena igaz Tximeletak izenburukoa, Baga Biga etxeagaz plazaratutakoa.

Gure tximeletak askatu genduzan eta urrun egin dabe hegaz. Hain urrun, dagoeneko ez dirala zeruan ikusi be egiten. Lain taldean itzel maite doguzan tximeletak izan arren, ezinezko bihurtu jaku horreen kontrola. Min handiz dinogu, Lain familiak azken kontzertuak egingo dituala 2016ko zemendira arte.

Sekulako bide ederra izan da, joan eta etorriakaz. Imanol joan zan, Joseba eta Mikel batu ziran eta gure muina beti alkarregazko familia maitasuna izan da. Halan da be, gure lanbide eta lan proiektu barriek ezinezko bihurtu dabe aurrera jarraitzeak. Tximeletak askatu genduzan eta hegaz egin dabe. Umetan hasi ginan, baina edade batera heldu gara eta arrazoi eben gure zaharrek zein ederra zan ardurarik barik bizitea inoenean. Beste barik, ahalik eta agurrik goxo eta jentetsuenera heldu nahiko geunke gure agurra emoteko. Beraz zuen herrian Lain taldeak jotea nahi izan ezkero, geugaz kontaktuan jarri eta bertan egoten saiatuko ginateke. Mila esker bidean gure alboan izan zarienoie. Lain taldea badoa baina musikeak hor jarraituko dau betiko...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu