Bagilaren 18an egingo da Arratiatik Urkiolarako errogatibea

Bizkaie! 2016-06-13 08:59   Kulturea

... Aita San Antoniok barriak egingo ditu dino kopla zaharrak, eta oinetakoak urrututeko aukerea izango dabe Arratiako oinezko errogatiban parte hartu gura dabenek. Bagilaren 18an, zapatuan, egingo da Urkiolara, Paduako San Antonioren santutegira errogatibea.

 Tradizinoari eutsiz, San Antonio egunaren osteko zapatuan izaten da arratiarren errogatiba eguna; lehenago herri bakotxak bere errogatibea antolatzen baeban be, azken urteotan, Arratiako parrokia guztiak aldi berean joaten dira Urkiolara, bailarako abadeakaz batera; horretarako, Mankomunidadeak lau autobus ipiniko ditu. Autobusean joan-etorria egiteko, ala etorteko baino ez bada, izena emon behar da astebete lehenago. Dana dala, erromes guztiak ez dira autobusean joango, batzuk euren kotxeetan eta beste batzuk oinez joango dira eta. Zeanuritik eta Dimatik Urkiolara oinezko ibilaldi gidatuak be izango dira.


Zeanuri-Uriola PR-a ezagutzera emotea

Aurten be Arratiatik Urkiolara joateko oinezko ibilaldi gidatuak izango dira Dimatik eta Zeanuritik abiatuz. Dimako plazan goizeko 06:00etan izango da urteerea eta Zeanuriko plazan,  07:30ean.  Zeanuri eta Urkiola lotzen dituan ibilbidea igaz seinalizau eben PR-BI 1 moduan; Joko Alaiko Alkarteko boluntario talde batek seinalizau eban Zeanuriko Udalaren laguntzinoagaz eta errogatiba eguna bide hori erakusteko eta ezagutzera emoteko aprobetxauko da. PR-a Zeanuriko plazatik abiatzen da, Soloeta eta Makaztui auzuneetatik igaroz, Zumeltzako atsedenlekura zuzentzeko, eta hemendik santutegira dagozan 5,5 kilometroak egiteko, GR 12 (Euskal Herriko bidezidorra) ibilbide luzea jarraitzen da. Martxea normalean, hiru ordu eta hamabost minutuan egin daiteke.


Egitaraua

Aurtengo errogatibea Lur hau geurea da. Ondo zaindu dagigun lemapean egingo da. Gaia ekologikoa da, Aita Santuaren Laudato Si’entziklikearen gaia zabalduz. Beraz, aurtengo errogatibeak kutsu ekologikoa daukanez, aproposa da joan-etorria oinez egiteko.

Egitarauari jagokonez, hamaikak baino lehentxuago, ondoetorria emongo jake oinez, autobusean edo euren kotxeetan Urkiolara hurreratutako arratiar erromesei. Ondoren, eta aspaldiko usadioa jarraituz, letaniak abestuz sartuko dira erromesak Urkiolako santutegira, 11:00etan Arratiako abadeak emongo daben mezea ospatzeko. Meza ostean, Dimako parrokiak —aurtengo errogatibearen antolatzailea— lemeagaz bat datorren ekintza bat aurkeztuko dau santutegiaren kanpoaldean. Eta ekitaldi honegaz egitarauari amaierea emongo jako. Autobusean etorritakoak 13:00etan euren herritara itzuliko dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu