9.887 ikaslek egingo ditue Unibersidadera sartzeko azterketak UPV/EHUn

Bizkaie! 2016-06-07 09:46   Kulturea

Eguaztenean, bagilaren 8an, aurten Euskal Autonomia Erkidegoan Batxilergoa amaitu daben 9.887 ikaslek Unibersidadera sartzeko azterketak hasiko ditue UPV/EHUn, igaz baino % 3,5 gehiagok.

Eguaztenean, bagilaren 8an, aurten Euskal Autonomia Erkidegoan Batxilergoa amaitu daben 9.887 ikaslek Unibersidadera sartzeko azterketak hasiko ditue UPV/EHUn, igaz baino % 3,5 gehiagok (9.552 matrikulau ziran igaz).

Batxilergoko ikasleez gan, goi mailako heziketa ziklo bat egin daben eta fase espezifikora besterik aurkeztuko ez diran beste 723 ikasle gehitu behar dira. Lanbide Heziketako 651 ikasle matrikulau ziran igaz probak egiteko, beraz igoerea % 11koa izan da.
 
Probak hiru egunetan zehar egingo dira, barikura arte, eta bi fase izango ditu: orokorra eta espezifikoa. Fase orokorrak Batxilergoa amaitzean ikasleek graduko unibersidade-ikasketa ofizialak egin beharreko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak dituen ala ez neurtzea dau helburu. Honako bost azterketez osotuta dago: Gaztelania eta literaturea; Euskerea eta literaturea; Filosofiaren historia edo Historia; Atzerriko hizkuntzea eta Batxilergoko 2. mailako modalidadeko ikasgai baten azterketea, ikasleak nahi dauena. Gai bakotxak 0 eta 10 bitarteko notea jasoko dau, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.

Batxilergoko notearen eta fase orokorreko kalifikazinoaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (% 60 Batxilergoari jagoko eta % 40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortu ezkero, probea gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gitxienez 4 puntu lortu baditu.

Batxilergoan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan gehiengoa dira azterketak euskeraz egingo dituenak; Lanbide Heziketan, barriz, gehienek gaztelaniaz egingo ditue azterketak eta salbuespena Gipuzkoa izango da, hor euskerea aukeratu dabelako gehienek.

Fase espezifikoa borondatezkoa da eta haren helburua da neurtzea ikasleen ezagutzak eta arrazonetako gaitasuna arlo jakin batzuetan, hau da, unibersidadean egin nahi dituan ikasketakaz zerikusia daben arloetan. Fase honek aukerea emoten deutso ikasleari fase orokorrean lortutako kalifikazinoa hobetzeko. Parte espezifikoan ikasle bakotxak Batxilergoko bigarren mailako modalidadeko edozein gai aukeratu leike, fase orokorrerako aukeratu dauena izan ezik. Gehienez lau gairen azterketak egin ahal izango ditue fase espezifiko honetan. Eta, gehienez, 4 puntu eskuratu ahal izango ditue. Gai bakotxari 0 puntutik 10 puntura bitartean emongo jako, gitxienez 5 bat lortzen bada hartzen da kontuan, eta azkeneko notea aterako da borondatezko bi nota onenak eta haztatzeko parametroak biderkatuz. Haztatzeko parametroen baloreak 0,1 eta 0,2 dira eta unibersidadeak ezartzen ditu gaiak hautatutako graduagaz dauen loturearen arabera.

Unibersidadera sartzeko probak bagilaren 8ean, eguaztenean, 8:45ean hasiko dira eta 18:45ean amaitu. Bigarren egunean, eguenean, hilaren 9an, azterketak 9:00etatik 18:45era arte izango dira eta, hirugarren egunean, barikuan, 9:00etatik 15:00etara.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu