Blas de Otero eta Peridis saritu ditu Bilboko Liburu Azokeak

Dabi Piedra 2016-06-01 13:03   Kulturea

Bagilaren 2tik 12ra bitartean egingo dabe Bilboko Liburu Azokearen 46. ekitaldia. 55 erakusle egongo dira Arenaleko salmenta-postuetan eta, ganera, ekintza osogarri ugari antolatu ditue. Aurtengo Zidarrezko Lumea sariak, Blas de Oterori (haren izeneko fundazinoaren bidez) eta Jose Maria Perez Gonzalez Peridis idazle eta ilustratzaileari emon deutsiez.

Sabina de la Cruz eta Peridis, sariagaz | Ikusi handiago | Argazki originala

Asier Muniategi liburu azoketako koordinatzaileak azpimarratu dauenez, literatureagaz lotutako hitzorduek hartuko dabe Bilbo bagilaren hasikeran. Izan be, Arenaleko liburu azokeagaz batera, Bilbo Zaharra euskaltegiak urteroko klasikoen irakurraldia antolatu dau, bagilaren 6an. Aurten, Franz Kafkaren Metamorfosiaren etenbako irakurraldia egingo dabe, obra hori argitaratu zala ehun urte bete diralako.

Bestetik, Muniategik azaldu dau, aurten gerrearen eta gatazkearen gaiari hurretik begiratuko deutsiela azokan. Batez be, emakumeen ikuspegitik aztertuko dabe gaia eta, horretarako, Janne Teller, Monika Zgustova eta Toti Martinez de Lezea konbidau ditue. Ganera, Nobela Baltzaren Topaketen 11. edizinoa eratu dabe hilaren 9an.

Aurtengo nobedade literario nagusiak ezagutzeko aukerea emongo dabe Arenalean batuko diran 55 erakusleek. Gaztelaniazko zein euskerazko autore ezagunak egongo dira egunero argitaletxeen mahaietan, euren obrearen barri emoten eta liburuak sinatzen. Ganera, Bidebarrietako liburutegiko topaketa literarioetan eta aurkezpenetan parte hartuko dabe autore askok.

Urtero legez, Bilboko Liburu Azokearen barruan, sari bat baino gehiago banatuko dira. Atea-Laboral Kutxa Saria Anjel Lertxundi eta Manuel Rivas idazleek jasoko dabe, bagilaren 2an egingo dan ekitaldian. Zazpi Kale Saria, ostera, Alaine Agirreri emongo deutsie, hilaren 9an.

Urrezko eta Zidarrezko Lumak banatzeko orduan, Blas de Oteroren jaiotzearen mendeurrena gogoan izan dabe azokako antolatzaileek. Holan, Urrezko Lumea Saria Andres Urrutia euskaltzainburuak jasoko dau. Gogoan izan behar da, Urrutia arduratu dala Blas de Oteroren olerkirik nabarmenenak euskerara itzultzeaz.

Zidarrezko Lumea, ostera, Blas de Oterori berari emon deutsie, gaur egindako ekitaldi baten. Idazle bilbotarra 1979an hil zanez, haren alargun Sabina de la Cruzek hartu dau saria, Blas de Otero Fundazinoaren izenean. Ganera, Peridis idazle eta irudigile kantabriarrari be beste Zidarrezko Luma Sari bat emon deutsie.

Blasi hemen egotea asko gustauko jakon, adierazo dau De la Cruzek, saria hartzeko ekitaldian, azokeak Bilbon sortzen dauen giroagaz poztu egingo zan: Jentea liburu artean, kaleetan poesia...

Jose Maria Perez Gonzalez Peridisek, saria hartzea ezusteko handia izan dala adierazo dau. Bilbora pozik etorri dala azaldu dau, batez be saria Blas de Oterogaz batera hartzea egokitu jakola jakinda. Zidarrezko Lumea jaso eta gero, orain dala hamar urte hil jakon alabea ekarri dau gogora. Denporan atzera eginda, idazten eta marrazten zelan hasi zan be gogoratu dau. Poesiak badaukala karikatureagaz zerikusia ganeratu dau: Poesiak eta karikatureak, lerro gitxitan emoten dabe personearen barri.

Blas de Otero ehun urte izeneko erakusketea ikusgai egongo da azoka egunetan, Arenaleko karpan. Antolatzaileek liburu artean disfrutetako deia egin deutsie herritar guztiei. Liburua erostea bera be, bada plazer bat, esan dau Joxean Muñoz Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak. Mundu digital honetan, holako topaguneak beharrezkoak dira, ganeratu dau. Sabina de la Cruz bat dator horregaz: Liburuagaz kontaktua izan behar da, hori ezin da galdu, literatureak ganerako gizakiakaz lotzen gaitu.

Egitarau osoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu