Iker Sancho Insausti, Zaitegi Sariaren irabazle

Bizkaie! 2016-05-13 12:20   Kulturea

Igazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun hautatutako Svetlana Aleksievitx idazle bielorrusiarraren kronika liburu bat (U voiny ne zhenskoe litso - Gerreak ez dauka emakume arpegirik) euskeratu beharko dau itzultzaileak urte amaierara bitartean, eta 2017 urte hasieran emongo dau argitara Elkar argitaletxeak.

Iker Sancho Insausti lazkaotarrak irabazi dau Literaturako Nobel saridunak euskeratzeko AED, Arrasate Euskaldun Dezagun alkarteak eta Elkar argitaletxeak Arrasateko Udalaren laguntzinoagaz antolatutako Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketea; holan erabagi dau Ainhoa Ayerbe Zabaletak, Jose Inazio Basterretxeak eta Roberto Serranok osotutako epaimahaiak, aurkezturiko hamabost lanen artean (horreetatik erdiak errusieratik zuzenean ibili dira). Beraz, igazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun hautatutako Svetlana Aleksievitx idazle bielorrusiarraren kronika liburu bat (U voiny ne zhenskoe litso - Gerreak ez dauka emakume arpegirik) euskeratu beharko dau itzultzaileak urte amaierara bitartean, eta 2017 urte hasieran emongo dau argitara Elkar argitaletxeak.

2002an abiarazo eben Elkar-ek eta AEDk Nobel sariduna euskeratzeko Jokin Zaitegi beka hau, eta hamaika urtez ondokoak izan dira sari horri esker itzulitako liburuak:

- 2002 Imre Kertesz: Zoririk ez. Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea.

- 2003 J.M. Coetzee: Lotsaizuna. Itzultzailea: Oskar Arana.

- 2004 Elfriede Jelinek. Itzulpen saria emon barik geratu zan.

- 2005 Harold Pinter: Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk. Itzultzailea: Iñigo Errasti.

- 2006 Orhan Pamuk: Elurra. Itzultzailea: Monika Etxebarria / Fernando Rey.

- 2007 Doris Lessing: Belarra kantari. Itzultzailea: Koro Navarro.

- 2008 J.M.G. Le Clézio: Basamortua. Itzultzailea: Luis Berrizbeitia.

- 2009 Herta Müller: Hatsaren kulunka. Itzultzailea: Ibon Uribarri.

- 2010 Mario Vargas Llosa: Pantaleon eta bisitariak. Itzultzailea: Santi Leoné.

- 2011 Tomas Tranströmer: Bizientzat eta hilentzat. Itzultzailea: Juan Mari Aguirreurreta.

- 2012 Mo Yan: Hori da umorea, maisu!. Itzultzaileak: Maialen Marin / Aiora Jaka.
 
Ordura arte sari hau diruz lagundu izan eban Kutxak bere laguntzinoa bertan behera ixtea erabagi eban, eta urte batzuetan etenda geratu zan, babeslerik ezean. 2013an, Alice Munrok irabazi eban Nobel saria eta 2014an, Patrick Modianok. Horreek ez eben izan Zaitegi bekearen bidezko itzulpenik, nahiz zorionez biek izan libururik euskeraz. Orain Arrasateko Udalak erabagi dau saria laguntzea, eta horri esker jarri da barriro be martxan.
 
Iker Sancho Insausti (Lazkao, 1975). Eslaviar Filologian lizentziatua eta Itzulpengintzan doktorea da. Moskuko Lomonosov unibersidadean euskerazko irakurlea izan zan, eta gaur egun itzulpengintza irakaslea da EHUren Letra Fakultadean. Berak itzuliak dira Andrei Platonov-en Lubakia eta Sergei Dovlatov-en Konpromisoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu