Ibilaldiaren egitaraua, kontzertu handi bakoa eta parekidea izango da aurten

Dabi Piedra 2016-05-13 08:24   Euskerea berbagai

Bizkaiko Ikastolen Ibilaldiaren ibilbidea Durangoko kaleetatik izango da maiatzaren 29an. Neska eta mutilen bardintasunaren alde, ahalegin berezia egingo dabe aurten, baita ingurumenaren alde be. Egitarau herrikoi eta parte-hartzailea helburu, kontzertu erraldoiak egitarautik kendu ditue.

Egitarauari helburu bi ipini deutsiez Ibilaldiaren antolatzaileek:Parekidea eta jasangarria izatea. Berba hutsetatik ekintzetara pasau nahi dabe Kurutziaga eta Ibaizabal ikastoletako ordezkariek eta, horretarako, neurri zehatzak hartuko ditue: Bardintasuna bultzatzeko, egitarauan parekidetasuna errespetau dabe eta eraso sexisten kontrako protokoloa martxan ipini dabe. Eragile moreak ibiliko dira, hori  beteten dan begiratzen.

Ingurumenari jagokonez, batez be garbitasunean ipini dabe arretea. Aurreko urteetako Ibilaldietan, eta antzeko beste ospakizun gehienetan, gazteek botata lagatzen dituen botilak dira arazo nagusia. Hondakinak gitxitzeko deia egin dabe, beraz. Ganera, ohiko moduan, garraio publikoa erabilteko eskatu deutsie Durangora joango diranei.

Dagigun! lelopean, Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolek antolatu dabe Durangoko ibilaldia. Ikastolak herri-ekimenetik sortu zirala gogoratu eragin dabe jaiaren arduradunek. Holan, herriko alkarteak eta eragileak aintzat hartu ditue egitarauan. Bost gune izango ditu ibilbideak, danak herri barruan, eta ekintza gehienak Durangaldeko taldeen ardurapean egongo dira. Halandabe, Euskal Herriko beste sortzaile batzuei ez deutsie atea zarratuko.

Nobedade ugari dakarz aurtengo egitarauak. Alde batetik, bost guneak ez dira edadearen arabera banatuta egongo, hau da, gune guztietan egongo dira edade guztietako jentearentzako aproposak diran jarduerak. Bestetik, era honetako jaietan ohikoak izaten diran kontzertu handiak kendu ditue. Beste jai-eredu bat bultzatzeko asmoz egin ditue aldaketok.

Edozelan be, izen ezagunak ez dira faltauko Ibilaldiko bost guneetan: Aiko Taldea, 2zio, Hesian, Luhartz... Era berean, umeentzako tailerrak eta pailazoak, bertso-saioak, zientzia gunea, ikastaroak eta abar egongo dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu