Gaxure gatzur kremea, produktu barritzailea aurkeztu dau gaur Bilbon Leartiker zentro teknologikoak

Bizkaie! 2016-04-19 18:10   Jan edanak

Lea-Artibaiko Landa Garapen Alkartea, MIBA kooperatibea, Azaro Fundazinoa eta Barroeta (Markina-Xemein) eta Txori Errota (Abadiño) gaztandegiakaz batera, Leartiker zentro teknologikoak egindako 4 urteko ikerketa eta lankidetzeari esker sortu da Gaxure gatzur kremea.

Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoak Gaxure izeneko produktu gastronomiko barritzailearen aurkezpena egin dau gaur eguerdian Bilboko Yimby aretoan, eta bertan izan dira baita be, proiektu honen aldeko apustua egin daben erakunde publikoetako ordezkariak; Imanol Pradales, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapen diputadua, eta Peli Manterola, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalidade eta Industriako zuzendaria.

Aurkezle lanetan ibili dan Naia Andonegi, Leartikerreko ikertzaile eta elikagaien arloko arduradunak azaldu dauen moduan, Lea-Artibaiko Landa Garapen Alkartea, MIBA kooperatibea, Azaro Fundazinoa eta Barroeta (Markina-Xemein) eta Txori Errota (Abadiño) gaztandegiakaz batera, Leartiker zentro teknologikoak egindako 4 urteko ikerketa eta lankidetzeari esker sortu da Gaxure gatzur kremea.

Aurkezpen ekitaldian proiektu honen abiapuntua zein dan azaldu dabe Iñaki Sainz Lea-Artibaiko Landa Garapen Alkarteko Lehendakari eta MIBA kooperatibako zuzendari ohiak eta Leartikerreko Malen Sarasua ikerlariak. Gaztandegi artisauek gaztaia egiterakoan sortzen dan gatzuragaz daben arazoari urtenbide bat bilatzeko proiektu lez jaio zan Gaxure. Gaztai bat egiterakoan behar diran esne litroen % 80 baino gehiago gatzur bilakatzen da, eta kontraesana emoten badau be, mantenugaietan oso aberatsa dan azpiproduktu honek ingurumenean eragina sortzen dau. Hori dala eta, gaztandegiek derrigor tratau behar dabe gatzur hori. Beste lurralde batzutan gatzura batu, transformau, osogaiak banatu eta industria desbardinetan (farmazeutikoa, adibidez) erabilten da. Baina gure lurraldearen orografia, gaztandegi artisauen lokalizazinoa eta logistika arazoakaitik, gatzur hau animalien elikadurarako erabilten dabe gaztandegi artisauek.

Gaxure egiteko gatzura bere osotasunean erabilten da (prozesu amaieran ez da azpiprodukturik sortzen, hau da, hondakina 0 da) eta gaztaigileek euren egunerokotasunean erraz barruratu leikien produkzino prozesu baten emoitza dala adierazo dabe proiektuaren sustatzaileek. Gaztandegientzako negozioa dibersifiketako aukera bat be badala esan dabe, inbersino handirik egin barik gourmet produktu artisau bat sortzeko aukerea dabe, aldi berean, eurentzako burukomina dan gatzurari urtenbide bat emonaz.

Malen Sarasuak aurreratu dauen moduan, Goine gaztandegia da Gaxure produziduten dagoan bakarra, baina beste gaztandegi batzuk be agertu dabe interesa. Edozein gaztandegi artisauk proiekura batzeko erraztasun guztiak izango ditu eta beste maila batetako enpresen aurrean lehentasuna izango dabe. Gaxure, erregistrautako marka bat da eta izen hau bizkaierazko gatzure eta bere gusto gozoa berba-jokoari bueltak emonez bururatu jakun.

Bere aldetik, Peli Manterola, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalidade eta Industriako zuzendariak adierazoi dauenez, zoriontzekoa da Euskadin bertako eta kalidadezko produktu barriak sortzea, horreek gizarteratu eta ezagutzera emon behar dira, konsumitzaileak ezagutu, balorau eta konsumidu daizan.

Imanol Pradales, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapen diputaduak proiektu honek barrikuntza arloan egin dauen lana goraipatu eta enpresa munduan arlo honen garrantzia azpimarratu dau: enpresa-ehun lehiakor baten sorrerea barrikuntzan oinarritzen diran epe luzerako politiken bitartez baino ez da lortzen; arriskuei aurre egin eta globalizazinoak eskaintzen dituan aukerak aprobetxetako bide nagusia da.

Ektialdiaren bigarren zatian, konbidaduek Gaxure probau eta bere erabilera posibleak aurrez-aurre ikusteko aukerea izan dabe, Bilboko Los Fueros jatetxeko sukaldeburu dan Paul Ibarrak zuzendu dauen showcooking-ari esker. Konbidaduek, Ibarrak Gaxuregaz preparautako pintxoak probau ditue eta ezkaratzean laguntzeko eta produktua erabilteko aukerea be izan dabe.

Barritzailea eta gure merkatuan existiduten ez dan produktu bat izanik, errezeta-sorta bat landu da goi gastronomiako sukaldariakaz alkarlanean, Gaxuren erabilera posibleak ezagutzera emoteko www.gaxure.com atarian izango dira ikusgai, proiektu honen inguruko informazino guztiagaz batera.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu