Eguzki: 'Kili-Kili abesti eder bat, arnasa garbia izan zan guretzako'

Koldo Isusi Zuazo 2016-03-29 10:20   Barriketan

Kili-Kilin beharrean ibilitakoa

Lehenengoz, 1966an, agertu zan Kili-kili, umeak euskeraz alfabetetako asmoagaz, kopiagailuz ateratako aldian-aldiango argitarapen moduan. 1969ko zemendian, agintariek galarazo egin eben eta hurrengo urtetan umeak alfabetetako materiala sortu eta banatzeari ekin eutson Euskerazaleak alkartearen ekinbideari esker. Holan, Lan eta lan, Ekin eta Ekin eta Jarrai koadernoak plazaratu zituen hiru maila desbardinetarako. Koaderno horreen alde grafikoa, barriz, Lander Gallastegik sortu eban, upealako iraultza grafikoa, sinplea baina indar eta plastikotasun handikoa.

Jose Antonio Retolazak (Bilbo, 1929 - Muxika, 2014) sortu eban Kili-Kili komiki-aldizkaria; 1966an sortu zanetik 1969an zarratu eben arte aldizkari ilustratua zan, 2.000 aleko tiradea izatera heldu zana. 1977an birsortu eben komiki-aldizkari lez, euskera batua eta bizkaierazko bersinoakaz. Honen tiradea 50.000 alekoa izatera be heldu zan, eta 2004 inguruan desagertu zan. Batez be komiki itzuliak argitaratzen zituen bertan, Asterix, Mortadelo ta Filemon, Okel leize-gizon, Zipi ta Zape, Jilda ahiztak, Txabi ta Txibi, Errobin eta Sheriff eta beste hainbat personaia tartean zirala.

Kili-Kili-ren 50 urteak gogoratzeko Kili-Kili. Euskera pozgarri erakusketea ikusgai dago egunotan Bilboko Euskal Museoan eta historia horren parte garrantzitsu izan dan lagunagaz jarri dogu hitzordua, Bilboko Herri Irratian hasi eta bikoizketa lanetan 25 urtetik gora egin dituan Jesus Eguzkiza Eguzki (Arrazola, 1946) jn.agaz, hain zuzen be. Hona hemen berak kontau deuskuzanak:


1.- Ez dakianarentzat, zer da Kili-Kili?

Saihets bitartietan egiten dan ukutuak sortzen dauen barregureaz gan, beste gauza asko be bada; berba bakarrean esatea ez da erraza baina sasoi baten, gu gaztetxuak ginaneko sasoian, Euskal Herri zapalduarentzat abesti eder bat zala esango neuke. Kili-Kilik ekarri ginduzan geure buruaren jaube izatera zeozelan, geure izatearen nortasuna nondik norakoa zan ezagutzera, guztiz menperaturik geunkan egoerearen, euskerearen, euskal kulturearen eta herri izatearen zelanbaiteko arnasa garbia izan zan Kili-kili guretzako.


2.- Zenbat denpora egin zenduan Kili-Kilin? Kili-Kiliren kantuaren berbak be zeureak dira...

Umetatik ia-ia gaur arteko tartean, izan be, Kili-Kili. Euskera pozgarri erakusketarako argitaratutako liburuxkan ze zeozertxu egin dogu.

Atzera eginaz, barriz, diktadura gogorraren osteko urteetan, abadegai talde bat bizi ginan Bilbon eta San Antongo euskal giro haretan berpizkunde moduko bat bizi izan genduan, jantza taldeak sortu ziran, mendira joateko taldeak, Kili-Kili bera be san Anton inguruan sortu zan, Jose Antonio Retolaza Arrazolatik Bilbora etorri ostean. Gu, barriz, Klaudio Gallastegi zanaren itzalpe zabalean hasitako perretxikoak ginan eta katekesian ebilen Jose Antonio Retolaza, barriz, herritik ezagutzen genduan, katekesia gauza askotarako bide egokia zan, ez bakarrik kristinau ikasbidea egiteko, baita euskerea ikasteko eta lantzeko eta euskal munduan sartzeko. Gaztetxuok hor genbilzan eta gu baino gazteagoak be bai; lagunarteko giroan, erdi jolasean, erdi bromatan baina beti be euskeraren munduan.

Jose Antonio Retolaza gure maisua zan eta gu dizipuluak baina Jose Antoniorentzat zeozelan geu be maisu ginan, herritik berez genkarren euskerea txundigarria zan berarentzat, pentsaizu erdi euskaldun barri bilbotarra izanik, geure berbakerea entzunda txundituta geratzen zan. Artzainari jazoten jakona, artzainak behin baino sarriago huts egiten dau bere artaldea ustez larrerik onenera eroateko itxaropenez; ardiak, ostera, beti daki non dagoan larrerik onena [Barreka].

Kantuari jagokonez, bai berbak neuk sortu nituan eta musikea, barriz, Zorion Eguileorrek. Harmonizazinoa Paskual Barturenek egin eban eta Ikas Ume Abesbatzak grabau eban kantua eta Kili-irratiaren sintonia moduan erabilten genduan. Badira urte batzuk kantua sortu genduanetik eta oraindino be Kili-Kili umeek, egungo edadekoek gogoratzea ez da makala...


3.- Frankismoaren sasoian euskerearen alde egitea ez zan bape erraza izango...

Ez zan erraza, ez. Eskolan bertan be sufridu behar izaten genduzan zapalketak, euskeraz egitea galarazota egoan eta zigortu egiten ginduezan euskeraz berba egiteagaitik Arrazolara Gaztela inguruetatik eta etozan neskatila-maistra gazteek, karrerea amaitu barri eta espainol-espainolak ziran neska hareek. Halan da be, euskeraz berba egiten genduan guk bai ikastolan baita kalean be baina euskeraz katekesian ikasten genduan eskola orduetatik kanpora.


4.- Kili-Kiliren ibilbidean, zerenbesteko garrantzia izan eben San Anton parrokiak eta Euskerazaleak alkarteak?

Euskerazalek alkartea ez neban horrenbeste ezagutu, baina gogoan daukat han baebilela Abeletxe ezizenez ezagutzen genduan bat, egunero Bilboko pisu batean sekulako lana egiten ebana. Euskarazaleak alkartearen inguruan mobiduten ziran, besteak beste, Xabier Peña, euskerea ikasteko gramatikearen egilea eta zeozelan esateko mantso egoan txingarraren antzera auspoaz putz egin eta holako sua sortzen eban erakundea zan. Orduan ezagutu nituanak euskaldun peto-petoak ziran eta Bilbon lan handia egin eben euskerearen alde. Sasoi haretan Bilbon ez egoan ia ezer eta giro horretan egin eben lana txalotzekoa da, duda barik.

San Antongo giroan be katekesia zan erdigunea eta hortxe sortu zan Kili-Kili. Gogoan daukat saltsa horretan Juan Angel Etxebarriak bere liburutxuak eta ateratzen zituala, gauza txiki asko egiten ziran baina sano garrantzitsuak, gauza asko egiteko gogoa eta indarra egoan eta zailtasun handiakaz baina gauza asko egin ziran; sasoi hori izan zan gaur egun 50. urteurrenak ospatzen dagozan ikastola, jantza talde, argitalpen eta bestelakoen hazia eta sorburua.


5.- Kili-Irratian be ibili zinan...

Bai. Kili-Kilik adar bat baino gehiago zituan eta horreetako bat izan zan irratiarena. Adarrak aitatuta eta nik egindakoen harian, nire lanik handiena edo txikiena izan zan umetxuek idazten zituen mezuei erantzutea, ehundaka edo milaka idatziko nituan eta pozik egiten neban lana zan.

Kili-Irratiari jagokonez, hirurogeita hamargarren hamarkadearen amaieran edo hasiko ginan. Irratian, Herri Irratian beharrean nengoala ahalegin handia egin genduan euskerea lau haizetara zabaltzen. Euskeregazko jarrerea be bestelakoa zan, euskerea batu beharraren ahalegin eta jarrerak be indarra hartzen joiazan eta hor bueltan, Bilbo Herri Irratian goizetan egiten genduzan programak, bertsolaritzea, Bizkaitik Bizkaira, baserritarren tartea eta holakoak... Zapatu goizetan, barriz, umeakaz neukan irratsaio bat, ordubeteko jolasa, igarkizun, aho korapilo, ipuin eta bestelakoakaz eta hori zan Kili-irratia, hain zuzen be, Kili-Kiliren adarretako bat. Hor sortu genduan programearen sintoniatzat erabilteko abestia be, neure berbakaz eta Zorion Eguileorren musikeagaz. Bolada horretan makinatxu bat batzar egin genduzan Juan Mari Iraolagoitiagaz, Jose Antonio Retolazagaz eta zer egin, nondik nora jo pentsetako.


6.- Orain lau bat urte, Kili-Kili, euskerea ikasteko umeentzako lehenengo liburu interaktiboa be etorri zan. Gogoan daukazu hori?

Ez, hor ez neban parte hartu. Irratitik joan eta Bilboko Hizkuntza Eskolan ibili nintzan gero eta hor bai egin genduan lehenengoetariko metodo bat, Euskara hire laguna, Patxi Altunarena joten da lehenengotzat, baina hori ingelesezko metodologia baten itzulpena zan eta, beraz, Euskara bizitik izeneko euskerazko irakasbidea atera genduan.

Liburu interaktiboaren ganean ez daukat zehaztasun handirik baina badakit bide digitalean euskerea ikasteko modu barritzailea izan zala, umeek euren lehen euskerazko berbak barruratzeko asmoagaz sortu zan, 13 pantailaz osoturiko istorio gozo eta alkarreragilea da, umeek euren euskerazko lehen berbak ezagutu eta ikasteko.


7.- Kili-Kili komikiak euskal komikigintzan eta euskalgintzan eragin dauela pentsetan dozu?

Neure eretxiz, lan kaodernoak eta abar ikuspegi oso zabalekoak ziran, hau da, estetika aldetik bikainak ziran, iruditeria aberatsekoak eta gaur egun be txundituta geratzen naz sano irudi ederrak diralako, amesgarriak, batez be, Lander Gallastegiren irudimeari esker sortutakoak. Irudiakaz batera, ariketak be baegozan koadernoetan eta ariketa hotzak barik, beroak ziran, geureak; geure nortasuna sendotzea ekarren ariketak ziran, besterik ez egoan euskeraz eta alde horretatik eredu izan ginan hortik aurrerako produkzinoan. 50 urte geroago, gaur egun be gurako neukez holako produktuak ze oraintsu entzun dogu, daukaguzan eskuarte eta baliabide guztiekaz, gure umeeen euskera eta matematika maileak ez dauela goitik jo eta, beraz, zeozer ondo egin genduala pentsau daiteke.


8.- Aldizkariaren ibilbidearen azken urteotan dotrinamendu nazionalistarako tresna zala be entzun behar izan genduan. Zein da zure eretxia?

Gehitxuago izan balitz hobe! Ikaragarrizko lelokeriak dira horreek, euskerea sustatzeko eta bultzatzeko asmoagaz sortu zan kili-kili eta holako kontuakaz eta propaganda subersiboagaz nahastetea bidebakokeria galanta da.


9.- Kili-Kili. Euskera pozgarri erakusketea atondu dabe Labayru Fundazinoak, Euskerazaleak alkarteak eta Bilboko Udalak Bilboko Euskal Museoan. Martiaren 18tik bagilaren 26ra egongo da zabalik. Okasinorako liburuxka bat atontzen be ibilia zara...

Bai. Akaitze Kamiruaga, Igone Etxebarria eta hiruron artean atondu doguz erakusketearen osogarri dan liburuxka edo libururako testuak eta argazkiak. Kili-Kiliren 50 urteko ibilbidea batu gura izan dogu liburura eta erakusketan be horixe topauko dau ikusleak, zer izan zan Kili-Kili, Kili-adar guztien barri, zein izan zan helburua, gorabeherak eta abar. Ibilbide luze eta emonkor horretako mugarri nagusiak ikusgai dagoz bertan: jarduerak, egileak, laguntzaileak, argitalpenak etab. Horrezaz gan, bideo bat be egin dau Labayru Fundazinoak eta Euskal Museoko erakusketan dago ikusgai.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu