Xabier Kalzakorta: 'Euskeraz dagozan esaldi bortitz eta ederrenak, beharbada, baladetan dagoz'

Koldo Isusi Zuazo 2016-03-14 09:42   Barriketan

Euskal baladen corpuserako edizio kritikoa tesiaren egilea.

Ahozko literaturea, baladak ardatz hartuta, abenduaren 21ean aurkeztu eban Xabier Kalzakorta markinarrak Euskal baladen corpuserako edizio kritikoa tesia Jesus Antonio Cid, Adolfo Arejita eta Charles Bidegainek osotutako epaimahaiaren aurrean. 10/10eko kalifikazinoa jaso eban. Euskal baladen errepertorioa finkatu eta zabaldu gura izan dau eta zeregin horretan emon ditu bere lan-urteetako ordurik gehienak. Upealako corpusa osotu dau: Berrogeta zazpi kapitulu eta mila eta bostehun orrialde baino gehiago. Baina ekarpenik handiena da balada-gai bakotxeko berak topau dituan aldaerak, bai kopuruaren aldetik bai berezitasunen aldetik.

Xabier Kalzakortak Deustuko Unibersidadean egin zituan Filosofia eta Letra ikasketak eta Euskal Filologian lizentziau zan, 1984an. Deustuko Unibersidadeko irakaslea da 1994tik.

1996an, euskaltzain urgazle izentaua, ordutik, Euskaltzaindiko Herri Literatura Batzordeko kidea da. 2013an, barriz, euskaltzain oso aukeratu eben Jose Luis Lizundiak itxitako postua beteteko.


1.- Zenbat denpora emon dozu tesiagaz? Legearen presinoagaitik izan ez bazan, gaiak emoten eutsun aurrera egiteko?

Urteetan eta urteetan ibili naz ahozko literaturako generoen ganeko materialaren bila. Era bateko eta besteko generoak aztertu gura izan ditut, esaera zaharrak, koplak, baladak... Tesian edozein gai hartzen dala osotasun bat eskaini behar da. Baladen ganeko lehen artikulua orain hamabi bat urte argitaratu neban. Tesian, ostera, ez naz hamabi urtean ibili. Beste zeregin batzuetan be ibili naz eta denpora honetan guztian era bateko eta besteko artikuluak argitaratu ditut. Tesian gaia ez da agortzen. Azken eperik euki ez baneu, bizitza osoan bueltaka ibilteko moduko gaia da. Tesia aurkeztua eta aprobatua izateak ez dau esan gura bertan behera itxitako gaia danik. Uste dot ikerketa-ildo horretan jarraituko dodala.


2.- Euskal literaturan, herri balada generoari erromantze eta kontapoesia be esan izan jako, izaera narratiboa dauen genero poetikoa baita. Edozelan be, zeintzuk dira baladen ezaugarriak? Poema narratiboa da baladea?

Baladak kantu narratiboak dira. Zeozer kontetan da kantu bidez. Kontetan dana istorio odoltsu, bortitz, zirraragarri bat izan ohi da. Kontetako erea aparta da, indar handikoa. Euskeraz dagozan esaldi bortitz eta ederrenak, beharbada, baladetan dagoz. Kontetako baliabideak asko dira, eta nekez zerrendatu leitekez. Batzuetan kopla zaharraren teknikako sarrera edo exordioak ditue: Haltzak eztü bihotzik/ ez gaztanberak hezürrik/ enian uste erraiten ziela aitunen semek gezürrik. Edo hain ezaguna ez dan Untziak eder dik bela/ zaldiak ere bai zela/ Mulin primu ibili behar zen/ kabalier bat bezala,/ portemantuan izkribaturik/ Elizaldeko jaun zela. Baladetan agertzen diran zenbakiak zazpi eta zortzi eta hamalau eta hamabost izan ohi dira. Balada bakotxak hainbat ezaugarri estilistiko ditu.


3.- Maria Goyri ikerketa mintegiaren arabera, 28 balada dagoz euskal baladearen corpusean, eta 235 aldaera. Zein da zure eretxia?

Antonio Zavalaren Euskal erromantzeak/ Romancero vasco lanean balada gai askoz gehiago dagoz. Nire kontadurian 97 balada gai eskaintzen ditu euren aldaerakaz. Balada aldaera guztiak ez ditut zenbatu. Balada asko unicum edo aldaera bakarrekoak dira. Eta aldaera gehien dituanetakoa Frantziako anderea da XXIV aldaeragaz. Nik neure tesian aldaera barri asko topau ditut. Batzuetan ezagutzen zan unicum bati beste aldaera bat edo bi topau deutsadaz. Nik guztira 72 balada gai aztertu ditut euren aldaerakaz. Sasibaladak deitu dodan kapitulu bat be zabaldu dot eta hamabi bat sasibalada aztertu eta irazkindu ditut.


4.- Gaiei jagokenean, erlijinoa eta amodioa agiri dira gehienetan baladetan?

Balada erlijiosoak atal inportanteak osotzen ditue zelan ez. Arantzazuko kantegia eta Arratekoa inportanteak dira. Jesusen pasinoko baladak be indar handikoak dira. Amodioa guztiz inportantea da baladetan. Antonio Zavalak hamazazpi gai sartu zituan amodioa sailean. Nik uste askoz gehiago be sartu ahal dirala. Euskaldunontzat, nik uste, balada historikoak oso inportanteak dira. Bereterretxe, Andre Emili, Atarretze jauregian, eta abar. Balada historikoetan be amodioak sekulako garrantzia dauka...


5- Bereterretxen khantoria, Ana Joanixe, Peru gurea, Leisibatxoa edota Neska soldadua baladak aitatuta, danak multzo berean sartuko zeunkez?

Erantzuna ez da erraza eta orrialde asko beharko neukez tajuzko erantzun bat emoteko. Peru Gurea ez da baladea Europa osoan zabaldurik dagoan ipuin bat baino. Ipuin horrek kopla kantatuak ditu eta kopla kantatuok ipuinaren kontakizunean dabe zentzuna. Bereterretxen khantoriak Euskal Herrian XV. mendean agramondarren eta beamondarren arteko guduetan emon zan jazoera odoltsua dau oinarria. Ana Juanixe eta Leixibatxoa baladetako gaia paneuropearra da. Neure tesian ez naz arduratu beste hizkuntza batzuetako ereduekaz erkatzen. Lan hori egiteko bizitza bat baino gehiago behar dala uste dot eta. Neure tesian ereduen testua eta eredu barriak topetan ahalegindu naz batez be.


6.- Bizkaian nortzuk dira egilerik nabarmenenak?

Bizkaiko baladategia aberatsa izan da, dudatzaka. Baladetan, transmisinoz datozen beste genero batzuetan legez, herria bera da transmisorea. Beharbada lehenengo bateren batek asmauko eban baina norbait hori ez dakigu inoz nor dan. Ahotik belarrira eta belarritik ahora joan dan ezkero, barriemoile hainbat aldaera ditugu. Ia transmisore hainbat aldaera.


7.- Berrogeta zazpi kapitulu eta mila eta bostehun orrialde baino gehiagoko lana argitaratzea ez da erraza izango...

Guztira formatu handiko 1448 orrialdez osotua dago tesia. Lau bat atal ez nituan aurkeztu denpora faltaz, baina idatziak ditut hurrengo batean artikulu bidez edo tesian bertan txertatzeko. Nik oraingoz ez daukat argitaratzeko asmorik. Ez dot uste Euskal Herri osoan dozena bi lagun euskal baladetan interesauta dagozanik. Eta ez dot uste ezkorra nazenik.


9.- Deustuko Unibersidadean eskolak emoteaz gan, makinatxu bat lanetan zabiz eta badakigu hiztegi bat egin guran edo zabizela... Zeozer aurreratu zeinke?

Era bateko eta besteko eskolak emon behar izan ditut, eta era bateko eta besteko artikuluak eta liburuak argitaratu ditut. Egiten dana inoiz ez da asko, eta bere neurritxuan onartu behar da. Ahozko euskera ona entzun dot beti. Gaur egun esaten dan moduan, euskerearen arnasguneetako baten bizi izan naz eta bizi naz. Euskaldun berbaldun onak ezagutu ditut eta beti euki dot belarria adi. Entzun ditudan berba, esaera bereziak, eta abar apuntetan ibili naz urteetan. Horregaz guztiagaz zer egin? Villasantek esan ohi eban euskerea lantzeko bide bi dirala aberatsak, idazle klasiko onak aztertu eta hiztun onei arretea jartea. Lehen bidea ez dakit zein neurritan lantzen dan, bigarrena askorentzat ez da esistiduten.


10.- 2013tik euskaltzain oso izentau zintuen eta ia-ia 3 urteko bidea egin dozu. Euskerearen bizibarritze prozesuak datozan urteotan izango dituan erronkak aztergai izan zituen oraintsu mintegi batean eta Euskaltzaindiak gidaritzea hartu behar dauela nabarmendu zan, beste kontu batzuen artean. Zein da zure eretxia?

Denpora faltaz ez nintzan mintegi horretan izan. Eskoletara ezin izan neban huts egin. Hizkuntza baten bizibarritzea ez dot uste erakunde batena bakarrik danik.
 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzunak

Miren 2016-03-15 11:22 Erantzuna | #1

Pena handia hartu dot Kabier Kaltzakortaren lan handi hau argitaratuko ez dala irakurri dodanean. Ahalegin berezia egin beharko leukie nire eretxuan zelan bere unibersidadeak halan bere inguruko argitaletxe edo fundazinoek. Akabu baten, lan hori argitaratu ezean, Kaltzakortaren jakintza guzti hori eta egin dauan edizino (seguru nago akats bakoa) barritua ez dira irakurle, ikertzaile zein hizkuntzalarien esku egongo (alperrik dago jakintza kajoi baten zein disko gogor baten galduta).
Kaltza, askok estimetan dogu zeure beharra eta seguru nago batek baino gehiagok irakurriko eta erabiliko ebela zeure behar hori. Baina... ez daukagu eskura...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa