Berbaldiak eta topaketak hurrengo egunotan Bilbon, Musika-Musica ziklorako motorrak berotzeko

Bizkaie! 2016-03-01 16:53   Musikea

Martiaren 4, 5 eta 6an izango dira Musika-Musica zikloko kontzertu nagusiak, Bilboko Euskalduna jauregian. Horren aurretik, baina, jarduera osogarriak antolatu ditue, doban, Euskaldunan bertan. Berbaldiak entzun, artistakaz berba egin eta entsegu bat barru-barrutik ezagutzeko aukerea emongo dabe.

Martiaren 4, 5 eta 6an izango dira Musika-Musica zikloko kontzertu nagusiak, Bilboko Euskalduna jauregian. Horren aurretik, baina, jarduera osogarriak antolatu ditue, doban, Euskaldunan bertan. Berbaldiak entzun, artistakaz berba egin eta entsegu bat barru-barrutik ezagutzeko aukerea emongo dabe.

Bilbao 700 Fundazinoak antolatzen dau urtero Musika-Musica zikloa, musika klasikoa herritarrei hurreratzeko. Aurten, Erromantikoentzako zubia izenburupean, erromantizismoaren sasoiko musikea izango da gai nagusia: Schubert, Richard Strauss, Mendelsohnn, Wagner eta abarren doinuak entzun ahal izango dira. Dobako berbaldi eta topaketa zikloa be gai horretan oinarrituko da.

Hasteko eta behin, martiaren 2an, inaugurazino-berbaldia emongo dau Mercedes Albaina adituak, Erromantikoentzako zubia izenburupean. Arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Euskalduna jauregiko Barria aretoan. Martiaren 3an, leku eta ordu berean, mahai-ingurua egingo dabe, Zubiak eraikiz izenburuagaz. Isabel Urrutia, Andoni Mercero, Borja Pujol, Mercedes Albaina eta Asier Vallejo izango dira hizlariak, Leire Zorrozua moderatzaile dala.

Musika-Musicaren programazino nagusia martxan dagoala, dobako jarduera bereziek ez dabe etenik izango. Holan, martiaren 5ean, Judith Jauregi piano-jolearen eta Lucas Macias oboe-jolearen arteko solasaldia egongo da Euskaldunako B Terraza aretoan, 16:30ean. Amaitzeko, hilaren 6an, berbaldi-kontzertua egongo da, eguerdiko 12:30ean, B Terrazan bertan. Mendelssohnekin hizketan izeneko saioan, musikari ezagun horren piezak eta Mercedes Albainaren azalpenak tartekatuko dira.

Era berean, Granadako Orkestra Sinfonikoak martiaren 4an egingo dauen entsegua jentaurrekoa izango da eta doban sartu ahal izango da, Bilbao 700 Fundazinoan gonbidapena eskatu ezkero. Euskaldunako Odisea entzunaretoan izango da entsegua, goizeko 11:00etan.

Erantzunak

adolfo 2016-03-02 15:19 Erantzuna | #1

datozan egunetan kalko-euskera da, esaten ez dana. hurrengo egunetan da esaten dogun bakarra.

Koldo 2016-03-08 10:09 Erantzuna | #2

Eskerrik asko Adolfo

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa