Idatziz euskerea bermatuko dabe hamar saltoki handik

Bizkaie! 2016-02-01 16:53   Euskerea berbagai

Lankidetza hitzarmena sinatu daben erakundeak ondokoak dira: Carrefour Norte S.L., El Corte Inglés S.A., Eroski SKoop, Fnac S.A., Inditex S.A., Forum Sport, Media Markt S.A., Mercadona S.A., Supermercados Sabeco S.A. (Simply) eta Uvesco S.A..

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek lankidetza hitzarmena sinatu dau pasa dan barikuan Euskadin lan egiten daben punta puntako zenbait merkataritza erakunde handigaz eta, horren arabera, erakunde sinatzaileek bezeroakazko hartu-emonetan hizkuntza eskubideak bermatzen ahalegintzeko konpromisoa hartu dabe.

Hitzarmena aurkezteko prentsaurrekoan, Uriartegaz batera, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak parte hartu dau. Ekitaldia Donostiako Miramar Jauregian izan da, eta lankidetza hitzarmena sinatu daben erakundeak ondokoak dira: Carrefour Norte S.L., El Corte Inglés S.A., Eroski SKoop, Fnac S.A., Inditex S.A., Forum Sport, Media Markt S.A., Mercadona S.A., Supermercados Sabeco S.A. (Simply) eta Uvesco S.A..

Aurkezpenean gogorarazo dabenez, Gernikako Autonomia Estatutuaren arabera, euskerea eta gaztelania biak dira hizkuntza ofizialak Euskadin, hau da, hemengo biztanle guztiek dabe hizkuntza ofizial bi horreek ezagutzeko eta erabilteko eskubidea. Horrezaz gan, Estatutuak berak eta Euskerearen Legeak betebehar zehatz bat ezarri eutsen euskal herri aginteei: neurri egokiak hartzea euskerea erabilteko eskubidea bermatzeko gizarte bizitzako arlo guztietan.

Orain sinatutako lankidetza hitzarmena, bide horretan alkarregaz aurrera egiteko pentsauta dago, hau da, herritarren hizkuntza eskubideen alorrean alkarlana zehaztu eta egonkortzeko, eta indarrean dagoan araudiak autortutako hizkuntza eskubideak bermatzeko, sinatzaile bakotxari jagokon eremuan.

Erakunde sinatzaileek bezeroakazko hartu-emonetan hizkuntza eskubideak bermatzen ahalegintzeko konpromisoa hartu dabe eta, esangura horretan, idatzizko hartu-emonetan euskeraz eta gaztelaniaz gauzatuko dira seinale guztiak: toponimoak, kartel edo errotuluak, inprimaki eta katalogoak; horreek danak, ahal bada, ale banatan eskainiko dira.

Era berean, euskeraz eta gaztelaniaz egon behar dira kontratuak, dokumentazinoa, jakinarazpenak, fakturak, ziurtagiriak, aurrekontuak, frogagiriak eta antzeko dokumentuak.

Bestalde, hitzarmena sinatu daben merkataritza erakundeak ahozko hartu-emonetan jarraibide batzuk gauzatzen ahaleginduko dira; alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) kokatutako bezeroari arreta emoteko zerbitzu eta departamentuek bezeroa artatuko dabe, bezeroak hautatutako hizkuntzan. Ondorioz, langile barriak hartzerakoan, betebehar hau bermatzeko neurriak hartuko dira.

Beste alde batetik, telefono bidez eskaintzen dan zerbitzuan be, euskerearen erabilerea bermatzeko ahalegina egingo da.

Erakunde sinatzaileek eta Eusko Jaurlaritzeak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren bitartez (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzea), borondatea adierazo dabe lankidetza marko orokor baten bidez hiru lan ardatz garatzeko: informazinoa eta ezagutzea trukatzea, beti be indarreko legeriaren alorrean; aholkularitzea, komunikazinoa eta produktu eta zerbitzuen eskaintzea; eta sinatzaileek alkarlanean egiten dituen proiektuen azterketa bateratua eta egitasmo partekatuen garapena. Horrezaz gan, Jarraipen Batzorde bat eratuko da hitzarmenean jasotakoaren ebaluazinorako.

Punta-puntako merkataritza enpresentzat beren bezeroen hizkuntza eskubideak ez dira bigarren mailako eskubideak. Eta euskerea ez da bigarren mailako hizkuntzea, izan be, lehen mailakoak dira euskerea eta hizkuntza eskubideak be, azpimarratu dau Patxi Baztarrikak. Oso pozik agertu ginan ekitaldi honetan, konbentzituta baikagoz ekitaldi inportantea izan dala, eta aurrerapausu garrantzitsua, sinatu dogun hitzarmena. Ekitaldi honen eta hitzarmenaren bidez oso mezu indartsuak helarazo deutsaguz euskal gizarteari. Lehenengo, irudia bera/argazkia bera da mezua. Mezua baita hamar merkataritza-enpresa alkarregaz eta bat eginda azaltzea, zertarako eta bakotxak bere merkataritza guneetan euskerearen erabilerea sustatzeko. Lehian ibiltea eta aldi berean helburu komun eta positibo baten alde kolaboretea posible dala erakusten dauen irudia da hau.

Azkenik, Cristina Uriartek adierazo dau lankidetza hitzarmen hau sinatzearen arrazoi nagusia dala herritarren aukera bardintasuna bermatzea, baita hizkuntzei jagokenez be.

Erantzunak

euskaragara.net 2016-02-02 13:39 Erantzuna | #1

Orain, guri dagokigu enpresei eskatzia, egunero. Adibidez:
http://zuzeu.eus/euskara/facebook-euskaraz/

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu