Santiago Onaindia Bekearen XIII. edizinoko lan irabazlea aurkeztu dabe

Bizkaie! 2015-11-18 17:16   Kulturea

Amorebieta-Etxanoko Udalak eta menpeko dauen Ametx erakunde autonomoak, Labayru Fundazinoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Santiago Onaindia Bekearen XIII. edizinoan irabazle izan zan lanaren argitalpena aurkeztu dabe gaur, Bainaren belaunaldia: Ustela, Pott eta Oh! Euzkadi, Beñat Sarasola Santamariak egindako lana, hain zuzen be.

Amorebieta-Etxanoko Udalak eta menpeko dauen Ametx erakunde autonomoak, Labayru Fundazinoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Santiago Onaindia Bekearen XIII. edizinoan irabazle izan zan lanaren argitalpena aurkeztu dabe gaur, Bainaren belaunaldia: Ustela, Pott eta Oh!Euzkadi, Beñat Sarasola Santamariak egindako lana, hain zuzen be.

Euskal literaturearen alorreko ikerketa lanak sustatzea helburu dauen eta bi urterik behin deitzen dan beka honen bidez Santiago Onaindia omentzen da.

Labayru Fundazinoak argitaratzen ditu Santiago Onaindia Bekearen hartzaile diran proiektuak eta oraingo honen izenburua: Bainaren belaunaldia: Ustela, Pott eta Oh!Euzkadi.

Lan honen hipotesi nagusia honakoa da: XX. mendean, eta batez be 36ko gerrearen ondorenean, literatura aldizkariek funtsezko garrantzia izan eben euskal sistema literario modernoaren osoketan, eta gaur egun gure literaturearen erdigune dan belaunaldiarentzat (40ko eta 50eko hamarkadetan jaioak) ezinbesteko bitarteko eta heziketa literarioa izan ziran.

Lan honen helburua bikotxa da. Alde batetik, literatura aldizkarien azterketa sistemikoa egingo da, euskal literatur esparrua ikertuz. Bestetik, literatura aldizkari horreen azterketa testual-estetiko bat egingo da.

Ametx erakunde autonomoan eta Labayru Fundazinoan eskuragarri izango dira lanaren aleak.


Beñat Sarasola Santamaria

1984an jaio zan. Filosofian lizentziautakoa da EHUn eta Literaturearen Teorian eta Literatura Konparatuan Bartzelonako Unibersidadean. Hainbat graduondoko ikasketa eta master egin ditu literaturearen alorrean, aurkeztua dauka doktoregorako tesia eta hori defendidutea baino ez jako falta. Olerki liburuak argitaratu ditu (Kaxa Huts Bat eta Alea), bai eta literaturearen inguruko artikuluak eta kritikak be.


Santiago Onaindiaren XIV. edizinoaren proiektua

Amorebieta-Etxanoko Udalak XIV. edizinoaren proiektu irabazlearen barri emon dau gaur; Gorka Mercero Altzugarai izan da Mundu-ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera lanaren egilea.

Azken laupabost hamarkadetan, euskal literatur sistemea sendotu eta egonkortu ahala, nobeleak poesia ordezkatu dau genero nagusi modura. Ordezkatze horregaz batera, nobelagintzeak berak eboluzino nabarmena izan dau zenbait alderditan. Azken aldion hainbat analisi plazaratu dira garapen horren nondik norako orokorrak ezaugarritzeko asmoz. Gorka Merceroren proposamenak be euskal narratiba garaikideak izandako eboluzinoaren irudi orokorra eskaini nahi dau.


Gorka Mercero

Gorka Mecero Altzugarai 1969an jaio zan Donostian. Euskal Filologian Lizentziatua da EHUn. Doktorea Euskal Literaturan 2012. urtean EHUn. Tesiaren izenburua honako hau da: Oroimena eta postmodernismoa euskal nobelagintza garaikidean: errealidadea, nitasuna eta nazinoaren auziak. Gaur egun University of Liverpooleko Euskal Gaietako Irakasle Titularra da.


Santiago Onaindia

Santi Onaindia Amoroton jaio zan 1909an. Hamabi urte zituala, Karmeldarrek Amorebieta-Etxanoko Larrea auzoan daben komentuan sartu zan, eta berrogeita hamar urte baino gehiago emon zituan bertan, lan eta lan nekerik barik.

Gerra Zibilaren aurretik ekin eutson olerkiak idazteari. Francoren garaiko kartzelak ezagutu zituan, eta erbesteratua be izan zan. Sasoi haretakoa da Milla euskal olerki eder (1954) poesia antologia, euskerazko olerkigintzeari buruz inoiz idatzi diran lanik osoenetako bat. Karmel (1956), Olerti (1959) eta Aurrera (1968) aldizkarien sortzaile eta sustatzailea izan zalarik, orrialde horreetan, lirika-lehiaketen bidez batik bat, olerkari barriak bultzatuz egindako lana nabarmentzekoa da. Era berean, azpimarratzekoak dira klasikoen itzulpen lanak: Goethe, Dante eta Virgiliorenak, besteak beste.

Bertsolaritzeagaz lotutako hainbat eta hainbat lan be argitaratu zituan, besteak beste, Gure Bertsolariak (1964). Euskaltzaindiko ohorezko kidea izan zan, eta Euskal Letren saria emon eutsien 1990ean.

Erantzunak

adolfo arejita 2015-11-19 20:19 Erantzuna | #1

\"Labayru Fundazioa\" deritxo erakundeari gaur egun, lehen \"Ikastegia\" zanari.
\"Gure bertsolariak\" antologia bat ahal da?
Santi Onaindiaren \"Euskal Literatura\" historia obra mardula be gogoan hartzekoa da.
Eta Larrako komentuan luzaroko urteetan eratu ohi zituan Lore Joko moduko literatura lehiaketak. Belaunaldi bat baino gehiagoren bultzagarri eta gogoangarri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa