Iñaki Murua: 'Txapelketa Nagusia jente gazteagoaren gerrea da'

Koldo Isusi Zuazo 2013-09-20 16:22   Barriketan

2009an, Maialen Lujanbiok txapela jantzi eta lau urte geroago, 43 bertsolari, 14 gai-jartzaile eta 16 epailek hartuko dabe parte irailaren 29an hasi eta abenduaren 15ean amaituko dan 2013ko Bertsolari txapelketa Nagusian. Sei kanporaketa eta zazpi finalaurreko jokatu ostean erabagiko da finalean, Barakaldon lehiatuko dan zortzikotea.


1.- Andoni Egañak txapelketan parte hartzeari euko egin deutsola eta aurrekontua osotzeko izan dozuezan gorabeherak dira aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiko nobedadeak...

Bueno. Andoni Egañarena nahikoa argi edo egoan ze 2009ko agurrean bota eban bertsotan besterik ez bada antolakuntzan, aulkiak jarten eta lagunduko ebala eta oraintsu egin dot berba telefonoz beragaz eta esan deutsat emondako berbea bete egin behar dauela... Ganerakoan, aurreko finalean izan zanez, ez dogu inor sartu Egañaren ordez. Iñigo izagirrek be uko egin deutso, eta Iñaki Zelaiak ordezkatuko dau.

Aurrekontuari jagokonez, krisi ekonomikoak hor jarraitzen dau zuloa egin eta zuloa egin; aurreko urteetan diru-laguntzaileak izan doguz kritika guztien artean baina aurten ez dago holakorik, sendoenetakoak huts egin deusku eta orduan gure jarrerea izan da gitxi gastau eta ataratzen dogunari eutsi.


2.- Lehen esandakoaren haritik, 2009ko Txapelketan, laugarren sailkatu ostean, Lujanbio, Amets eta Maiaren ostean, Andoni Egañak esan eban 2013ko Txapelketeren antolakuntzan eta bolondres parte hartuko ebala, besterik ez bada saioetan eta aulkiak jarten. Bete dau konpromisoa?

Oraindino ez... Baina ez daukat dudarik. 2005ean eta 2009an bezperatik joan izan gara biok Barakaldora, alkarregaz gaua pasau, hurrengo goizean kantetan joan, alkarrizketak egin, holan ibili izan gara eta aurten sekula baino arrazoi gehiagogaz gauza bera egingo dogu. Baina Egañak berbea emondakoa ez dauka zertan bete beharrik, nahikoa egin dau txapela oholtzan jokatuz erretireteagaz. Horrek esan nahi dau txapela jantzi dauenak benetako balioa dauen txapela jantzi dauela, aurrez hainbestetan irabazitako bati kendu deutsola eta holan izan ez balitz ez eban balio bera izango txapel horrek. Hori asko estimetan deutsat Andoniri.


3.- Aurtengo Txapelketea barritzailea, apurtzailea eta ausarta izango dala entzun dogu. Zertan igarriko da hori guztia?

Soiletik jokatu nahi dogu, bertsoa eta bertsolaria. Batzuetan pantaila erraldoiek, bitarteko teknologikoek, lore eta apaingarriek pisu gehiegi hartu dabela atzemon dogu, jokera horretan ginoiazan eta aurten, barriz, bertsoak eta bertsolariaren ekarpenak izatea benetako pisua nahi izan dogu, aparra kendu eta soiletik emon, izan be, kanpora goazenean, beti izaten dabe soinua, musikea, biolina, gitarrea eta abar eta gu, barriz, a capella gabilz, ezelako artifizio barik. Horretan izan gura dogu apurtzaile, askotan euskaldunok konplejuak bizi doguz eta geu garen tradizino moderno hori izanez eta hori soilik izanez erantzun gura deutsagu jentearen beharrari.


4.- Lurraldetasunari aparteko garrantzia emon deutsazue beti eta ez da kasualidade aurtengo Txapelketearen aurkezpenean lurralde guztietako ordezkariak agertzea edota kanporaketa eta finalaurrekoetako saioak Euskal herrian zehar izatea...

Bai. Gu jakitun gara eta, esangura horretan, Bertsozale Elkartea ahal dauena egiten dago; gu bakarrik ez gara ezer, plazaz plaza jente asko dabil, arpegi anonimoz beharrean eta holakoak dabilz Oionen, Hendaian, Maulen eta aurtengo finalaren aurreko azkeneko saioa Maulen izatea horrexegaitik da, arpegi anonimodun langile etenbako bertsozaleakazko errespetua eta miresmenetik egindako aukeraketea. Gure helburua Euskal Herriko bazter guztietan bertsolaritzearen hazia ereiten jarraitzea da.


5.- 2009ko Txapelketa Nagusiko finalistek eta herrialde bakotxeko txapelketetan sailkatuek dabe Txapelketa Nagusian parte hartzeko eskubidea. Tartean dira 41 urteko Jon Maia eta Jexux Mari Irazu, aurtengo parte-hartzaileen artean zaharrenak eta 18 urteko Maddi Sarasua baionarra, parte-hartzaile gazteena. Batez besteko edadea 32,79ko da. Ze gogoeta eragiten deutsue datuok?

Gaztea da batez bestekoa baina azkeneko urteetako helduena edo edade muga altuenetakoa. Nik uste dot gauza guztietan teknifikazinoa bizi dogula, gero eta jente gazteagoa dago konpromiso maila eta egoeretara heltzen eta bertsolaritzan, taulak, esperientzia, historia eta izenaren pisuak oraindino be eusten deutso eta ni pozik nago. Nire belaunaldiaren bandera Andoni Egañak eroain, zeozelan, gazteagoa izan arren; plazaz plaza hor ibiliko da, Sebastian Lizaso, Peñagarikano, Telleria, Mendizabal eta beste batzuekaz batera baina Txapelketa Nagusia jente gazteagoaren gerrea dala esan daiteke.


6.- Txirritak, oso oker ez bagagoz, 76 urtegaz, hil zan urtean, 1936an, irabazi eban Txapelketa nagusia. Gaur egun be gustora ikusiko geunkez kantuan bertsolari beteranoak...

Txirritaren sasoiko argazkia ikusten badozu, bi gazte eta beste danak oso beterano, helduak edo zaharrak ziran. Orain, alderantziz dago, Joxe Agirre izan zan 2009an txapela jarten, Txirritaren adina baino asko gehiago barik eta orain Joxe Agirre falta jaku. Aldi berean, Patxi Etxeberria, 82 urtegaz oraindino plazan dabil. Bertsolaritzearen abanikoa zabala da, bakotxak eusten deutso bere alorrean, bertsolariak bertsolari izaten jarraitzen dau hil arte. Baina gazteak fuerte datoz, gogotsu, lotsa barik, lehiatzera datoz, bota egiten gaitue eta euren lekua hartzen dabe. Gu lanean horretarako gabilz, jente gazteak gure erreleboa hartu daian. Lan egin eta inor ez balego ondoren, min handiagoa izango geunke. Baina bota egiten gaitue eta bueno... horrek be min emoten gaitu baina gure ondoren desertua balego, hori izango litzateke benetan tristea. Ni behintzat pozik nago nire ordez etorri diranek nik baino askoz hobeto kantetan dabelako txapelketetan.

Lehen esan deutsudazanak eta neu be neure neurrian banabil bertsotan baina pentsaizu Txapelketeak esfortzu handia eskatzen dauela, baita maila fisikoan be. Finala bera luzea eta lehiakorra izaten da eta osasuntsu egotea nahitaezkoa da. Edadeak ez dau parkatzen.


7.- Krisi ekonomikoari eta sormen krisiari aurre egiteko ikusmolde barria emon gura deutso Txapelketa Nagusiak gizarteari. Esangura horretan, zer dakar txapelketeak aurten?

Krisi garaian dana ilun ikusteko jokerea dago, kultur ekimen bat baino gehiago bertan behera geratu dira eta geratuko dira, inork uste baino kalte handiagoa egiten dago krisia eta hori ukaezina da. Dana dala, guk erakutsi gura dogu egoerarik gogorrenean be ekarpenak egiten jarraitu behar dogula, ezin dogula etsi eta bertan behera itxi, ilusinoa, umorea, poza ekarri nahi deutsaguz euskaldungoari eta herri honi.


8.- Sormena bera be krisian dagoala esan zenduan aurkezpenean baina inoizkorik bertsolari gazte gehien dago egun eta dezenteko kalidadeagaz...

Bai, Ez dakit zelan esan neban baina ez neban esan gura sormena krisian dagoanik, krisia dagoala sormenean be baino; egoereari bueltea emon eta ausart jokatu behar dogula, daukagunagaz eta geurean sinistuta aurrera egin behar dogula, hau da, ekonomiak eta politikeak dana estaltzen dauela, horrek nahasten dauela eta tristetu, ilundu egiten dauela egoerea.

Egia da gero eta sortzaile eta bertsolari gazte gehiago datorrela baina noraezeko etorkizun ekonomikoaren korse antzekoagaz, eskuak lotuta legez, genero desbardinetan ikusten dot nik jentea kokilduta, hotzituta legez, gauzak aurrera eroateko.


9.- Zelako hartu-emonak dozuez munduan zehar ahoskotasuna eta inprobisazinoa lantzen daben herrialdeakaz?

Mexikon egon gara oraintsu eta ikusi doguz bai gauza batzuk. Dana dala, Kuba dago hezkuntza arautuan gehien antolatua, beste inon ez dogu ikusi holako antolaketarik eta hartu-emonik be. Berbarako, sortzen dana gordetako eta dokumentazino zentro on bat eta holan geuk bakarraik daukagu eta, esangura horretan, gauza bi ikasi doguz: batetik, borondatezko ekimenek frutuak emoten dituela lekua guztietan eta, bestetik, estadua daukien herrialdeetan be inprobisazino kantatua edo bertsolaritzearen antzeko ariketak prekarioan eta pobrezian bizi dirala; beraz, guk nahi doguna izateko ezin dogu itxaron Herri izan arte, lanean jarraitu behar dogu, etsi barik ze estadua daben beste leku batzuetan gure antzera edo okerrago dagoz.


10.- Ikerketea sustatzeko helburuz Mintzola fundazinoa abiarazo zenduen orain urte batzuk. Orain artekoetan, ze lan nabarmenduko zeunke?

Egitura aldaketa bat egiten saiatu gara baina ikerketa arloan nik uste dot oso aukera ona aprobetxetan gagozala; Mikel Laboa katedreagaz batera, bertsolaritzearen ikerketea gauzatuko da Iparraldeko gazte eta gaztetxuen artean irakaskuntzeak, bertsolaritzeak ze eragin dauen zehazteko. Ikaragarri garrantsitsua izango da Iparraldeari begira baina baita Araba, Gipuzkoa, Bizkaia zein Nafarroako erderazko guneetan be ze klabekaz funtzionau, ze bakotasun dagoan atzemon eta zelan zuzendu, zelan eragin jakiteko. Miren Artetxe bertsolari gazteak hartu dau aitatu ikerketa lanaren ardurea.


11.- Hirugarrenez izango da Txapelketa Nagusiko finala Barakaldoko BEC erakustazokan eta aurten be milezak lagun hurreratuko dira, orain lau urte 13.000 izan ziran. Euskal komunikabideetan ohiartzun zabala izango dau baina ganerakoan gauza handiegirik ez. Txapelketearen zabalkundea helburutzat hartzen dozue ala beste burukomin batzuk daukazuez?

Bai. Txapelketaren zabalkundea helburutzta hartzen dogu inguruan daukaguzan bidelagun danakaitik eta gu geugaitik. BEC betetea interesetan jaku, egun horretan 13, 14 mila lagunek alkarri emoten deutsagun animoagaitik, euskaldun guztiakaitik...

Orain momentuan Txapelketa Nagusia da Elkartearen burukomin nagusia baina krisi sasoi betean, 70 beharginetik gora dituan Elkarte batek burukomin asko ditu baina kontuok guretzat dira. Txapelketan bertsozaleek gozau eta ondo paseu deiela gura dogu eta horretarako gabilz beharrean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzunak

Iñaki 2013-09-21 15:21 Erantzuna | #1

Zer gertatu da Mintzola Fundazioarekin?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu