Sechu Senderen galizierazko liburu arrakastatsua, euskerara ekarri dau Txerra Rodriguezek

Dabi Piedra 2012-10-19 15:39   Kulturea

Made in Galiza 2007an argitaratu eta, berehala, fenomeno bihurtu zan, arrasto sakona itxi dau Galiziako gizartean. Orain, euskeraz be irakurri geinke, Txerra Rodriguez itzultzaileari eta Txalaparta argitaletxeari esker.

Made in Galiza 2007an argitaratu eta, berehala, fenomeno bihurtu zan, arrasto sakona itxi dau Galiziako gizartean. Orain, euskeraz be irakurri geinke, Txerra Rodriguez itzultzaileari eta Txalaparta argitaletxeari esker. Liburua hainbat ipuinez osotuta dago eta, horreetako askotan, galizierearen eta espainierearen arteko hartu-emonak agiri diraa. Beraz, galizierearen aldeko aldarritzat hartu leiteke, ipuin batzuetan bestelako gaiak be lantzen dituan arren.

Hunkitzen dauen liburua da, adierazo dau Asisko Urmenetak. Sechu Sende idazleak berak, ez dau Bilboko aurkezpenera etortzerik izan, baina Urmeneta haren lagunak bete dau idazle galiziarraren lekua. Barre eta negar egin dot liburu hau irakurten, oso anitza da, ganeratu dau Urmenetak, umorearen bidez, egia biribilak esaten ditu. Izan be, Made in Galiza, ipuin eta kontakizun laburrez osotuta dago eta poema txikiak zein bestelako testuak be topauko doguz. Gai ugari lantzen dira, baina, batez be, galiziereak, hizkuntzearen egoereak hartzen dau lekurik handiena. Soziolinguistika alorretik begiratuta, gogoeta sakonak egiten ditu Sendek, baina sormen aldetik be, aitatzeko modukoa da. Ez alferrik, Galizian fenomeno soziala bihurtu da Made in Galiza, asko saltzeaz ganera, komikiak, gazteentzako irakurketa-gidak eta abar atara ditue.

Txerra Rodriguez itzultzaileak esan dauenez, hasiera-hasieratik, 2007an ezagutu nebanetik, obra potentea zala ikusi neban eta itzultzen hasi nintzan. Hizkuntza gitxituen kezkak erakusteko modu barritzailea topau eban bertan Rodriguezek, euskeraz beti ataraten doguz soziolingusitikeari buruzko liburu mardulak, baina Sechu Sendek beste bide bat darabil, fikzinoa eta dibulgazinoa modu atseginean nahasten ditu. Izan be, fikzinozkoak dira Made in Galiza liburuko pasarte gehienak, baina errealidadeagaz estu lotuta dagoz, batez be hizkuntzen prestigioaren eta erabilerearen alorrean. Itzulpen lanean gorabehera batzuk euki ditu Txerra Rodriguezek, baina, azkenean, Txalaparta argitaletxearen laguntzinoagaz, argia ikusi dau bere lanak. Ez nengoan oso ziur, merezidu ete eban, baina orduan jakin neban, kurdueraz itzulpen bat baegoala eta pentsau neban kurduerara itzuli baleiteke, zergatik ez euskerara.

Halandabe, Made in Galiza itzultzea ez da lan gozoa izan. Galizierearen eta espainolaren arteko berba jokoak eta kaleko hizkera zabal-zabal darabilz Sechu Sendek eta hori euskerara ekartea gatxa izan da. Berba joko batzuk bidean galdu dira, eta beste batzuk itzultzeko lanak izan ditue. Mila buelta emon deutsaguz, itzultzeko liburu gatxa da, autortu dau Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko editoreak. Asisko Urmenetak adierazo dauenez, merezimendu handiko lana egin dau Txerrak, erronkea ederto bete dau. Rodriguezek ganeratu dauenez, nire bihotzetik badauka zeozer lan honek, erronka polita izan da, personala.

Euskerara itzultzean detaile batzuk galdu diran arren, Txerra Rodriguezek uste dau gaztelaniara itzulita baino joku gehiago emoten dauela euskeraz, Euskal Herriko egoereagaz antzekotasunak dagoz, istorioetan eta lantzen diran gaietan. Galizierearen egoera diglosikoa eta berau gainditzeko bidea agiri dira liburuan, baina ipuin batzuetan, gai horretatik urruntzen da autorea. Errealismo magikoa gomuta eragiten deutse askori, azaldu dau Mikel Sotok. Txerra Rodriguezek ez dau horren argi ikusten Made in Galiza eta errealismo magikoaren arteko loturea, baina azaldu dau istorio batzuk kontzientzia ekologikoz idatzita dagozala. Edozelan be, Asisko Urmenetak laburtu dauenez, gugandik hur dagozan gaiak topauko doguz, mendebaldetik heldu jakun haize freskoa da.

Erantzunak

Ainhoa 2012-10-21 22:04 Erantzuna | #1

Errealismo magikoaren ganean irakurri dodan libururik ederrena \'Le matin des magiciens\' (gaztelaniaz, \'El retorno de los brujos\') da, Louis Pauwels eta Jacques Bergier autoreena. Ea nork euskeratzen dauen, merezi dau-eta.
Portzierto, sano gustau jat izenburuko \'euskerara ekarri dau\' hori. Jator.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa