Jasone Mendizabal: 'Diskurtsoaren lanketan eta sensibilizazinoan ikusi doguz hutsune handienak'

Nagore Ferreira Zamalloa 2011-02-21 09:43   Barriketan

Zapatuan, zezeilaren 26an, kongresu garrantzitsua egingo dabe euskera alkarteek Bilboko Alondigean, bertan erabagiko dira-eta aurrera begirako helburuak eta erronkak.

Arrasate Euskaldun Dezagun alkartean urteetan ibili ostean, orain hamar urte Jasone Mendizabalek Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren zuzendari-ardurea hartu eban. Ordutik Topaguneak pausu asko emon ditu euskerearen berreskuratzearen alde, eta neurriz be asko hazi da. Zapatuan, zezeilaren 26an, kongresu garrantzitsua egingo dabe euskera alkarteek Bilboko Alondigean, bertan erabagiko dira-eta aurrera begirako helburuak eta erronkak.


1.- Zer da Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa? Zein helburu ditu?

Euskara Elkarteen Federazioak 29 alkartegaz hasi eban ibilbidea, euskera alkarteek euren eragin eremuan, eskualdeetan, egiten daben lanean laguntzeko asmoz. Horrezaz gan, Topagunearen funtzinoak dira informazinoa eskaintzea, alkarteen arteko hartu-emonetan eta alkartrukean laguntzea; eta hainbat zerbitzu emotea, Kultur errota, adibidez. Dagoeneko urte batzuk joan dira eta gaur 95 euskera alkarte gagoz Topagunean. Euskera alkarteen mobimentuaren funtzino nagusia, baita Topagunearena be, euskerearen erabilerean eragitea da. Euskaldungoa trinkotzeko helburu horregaz makina bat ekimen ipini izan doguz martxan hainbat ikuspegitatik. Zerbitzu arloan, lan ugari egin dira euskerazko tokiko komunikabideak martxan ipinteko, mintzapraktika programak abiarazoteko, baita sensibilizazino kanpainiak, kulturgintza arloko egitasmoak, eta abar. Topagunearen eginkizuna da horretan arlo guzti horretan laguntzea, formazinoa eskaintzea eta alkarteen arteko sare lana egitea.


2.- Hamabost urteotan Topagunearen zein alkarteen egoerea asko aldatu da?

Federazinoak hamabost urte daukaz, baina euskera alkarteak lehenagotik dagoz, orain 26 bat urte sortu ziran eta, Arrasateko Arrasate Euskaldun Dezagun alkarteagaz batera. Esango neuke Topaguneak berak daukan gorputza hazi egin dala azken urteotan, hazi egin dala egiten doguzan jarduerei jagokenez, eta bazkideen kantidadeari jagokenez be. Topaguneak bere gan hartu dituan funtzino barriak be ugaldu egin dira. Sorreran hainbat eginbehar emon jakozan federazinoari; momentu honetan hasierako horreek nahikoa diran ala beste batzuk gehitu behar diran eztabaidatzen gabiz. Alkarteen arloan be sortu ziraneko oinarriak gaur egungo betaurrekoekaz begiratuta baliogarri jakuzan edo garai barrietara egokitu behar doguzan pentsau behar dogu. Hortxe kokatu doguz gure gogoetak eta gure autokritikea. Ikaragarria da euskera alkarteen barruan egin dan lana. Ikaragarria arloz arlo martxan ipini dan guztia. Dana dala, hutsune batzuk ikusi doguz, albo batera itxi doguzan gauzak, igual lar garatu ez diranak, transmisinoan eta sensibilizazinoan batez be.


3.- Topaguneak euki al dau mugarri garrantzitsurik urteotan?

Hasierako urteetan, federazinoa zeozelan egonkortu arte, zuzendari eta idazkari aldaketak egon ziran. Ez da holango etenik egon ordutik, ezta aldaketa kualitatibo berezirik be; akaso, hauxe izan daiteke aldaketa bat edo jauzi bat emoteko momentua, kongresuak holan erabagiten badau, jakina.


4.- Zapatuan XXI. mendeko euskaldunon alkarteen kongresua egingo dozue Bilbon. Zer gai jorratuko dozuez batzarrean?

Igazko urtarrilaren 23an Durangon egin genduzan lehenengo jardunaldiak hau gogoeta hau abiatzeko asmoagaz. Ehun bat lagun batu ginan euskera alkarteen mobimentuaren egoerearen diagnosia egiteko. Durangon ondorio batzuk atara genduzan: gabezia batzuk agertu ziran, eta hainbat behar ikusi genduzan sailez sail. Hutsune nabarmenenak honako honeek izan ziran: pentsamenduaren eta diskurtsoaren lanketea eta sensibilizazinoa. Beste gai bat be atara zan; gure mobimentua herriz herri baino, osotasunean begiratuta, nazino mailan, zer funtzino bete behar dituan erabagi beharra dagoela. Gogoetok kontuan hartuta, talde batzuk beharrean hasi ziran txosten bat lantzeko: sorrerako dokumentuak hartu eta gaur egungo ikuspegitik zenbait gogoeta erantsi jakezan. Hortik ataratako txostena izan da bazkideek eztabaidagai izan dabena urritik zezeilara arte. Alkarteek, mintegi eta batzarren bidez, gogoetak egin ditue txostenaren ganean, eta federazinoak hainbat ekarpen jaso ditu. Proposamen batzuk onartu egingo dira, beste batzuk zapatuan eztabaidatuko doguz.


5.- Hilaren 26ko kongresua inozkorik jentetsuena izango dala iragarri dau Topaguneak. Zenbat lagunek hartuko dabe parte?

Durangoko igazko jardunaldietan ehun lagun inguru batu ginan, eta zapaturako gure asmoa kopuru hori bikoiztea da. Helburu polita izando litzateke, bai


6.- Kongresutik Topagunearen etorkizunerako erronka barriak urtengo dira? Badakizue nondik nora joko daben proposamenek?

Zezeilaren 26aren ostean beste fase bat aurreikusi dogu: kongresuan erabagiten diranen ganean alkartez alkarte egingo dan gogoetea. Erronkei erantzuteko, alde batetik, euskera alkarteen mobimentuak zer antolaketa eredu behar dauen pentsau behar dogu, eta beste alde batetik, Topaguneak berak bere funtzinoak beteteko behar dauen antolaketea zehaztu beharko dau. Fedarazinoak partaideekaz daukazan hartu-emonetan bere burua zelan antolatu gura dauen erabagi beharko dau.


7.- Aurreikusi daiteke erronkak nondik nora izango diran?

Hori kongresuan bertan eztabaidatuko dogu, baina egia da ikusten dogula zeregina diskurtsoa barrizten eta transmisinoaren etenak ebitetan. Gure mobimentuaren barruan, gure alkarteetan, jentea sartu eta urten ibilten da, bai profesionalak bai boluntarioak. Horri erantzun bat emon behar deutsagu. Informazinoaren eta gogoeten transmisinoaren elikaduran hutsuneak topau doguz, eta hori konpondu beharko dogu. Gure mobimentua oso ekintzailea izan da, egitasmo praktiko asko sortzeko eta herrietan txertatzeko gai izan da. Horren jardunbideak dinamika jakin bat eskatzen dau; urtez urteko plangintzei aurre egiteak energia handia eskatzen dau, ganera sarri baliabide gitxigaz egin behar izaten da. Gatxa egiten jaku formazinorako eta hausnarketarako espazioak ataratea. Honek gaiak lehentasuna dauka guretzat.


8.- Diskurtso barria dinozu, nori zuzendutako diskurtsoaz zabiz, herritarrei, erakundeei ala alkartei eurei zuzendutakoaz?

Diskurtsoa osotzen dau norberak esaten dauen guzti-guztiak. Momentu honetan ikusi dogu, oro har, gizartean mezu asko plazaratu daitekezala euskerearen inguruan, batzutan kontrajarriak. Kasu batzuetan bat egiten dogu mezuakaz, eta beste batzuetan, ez. Topagunearen ikuspegitik euskerearen berreskuratzea zelan ikusten dogun, eta erronka horri aurre egiteko, komunikazino eta mezuak landu behar doguz. Diskurtsoa batzutan izango da gizarteari begira, beste batzutan euskera alkarte batek herriko beste alkarteen aurrean daukan diskurtsoa. Eta izan daiteke diskurtso politikoa be, hau da zein kultur politika behar dogun azaltzeko. Gure diskurtsoak zein oinarrri izango dituan adostu beharra daukagu. Diskurtso propioa euki badaukagu, baina bide horretan sakondu gura dogu. Komunikazinoaren arlo horretan premia handia daukagu; euskalgintzako hainbat erakunderi gauza bera pasetan jakela uste dot. Barrutik egingo dogu gogoeta ariketea; ostean, ondorioak beste alkarte batzuekaz alkarbanatuko doguz.


9.- Komunikazinoari lotuta, joan dan astean publikoak ez diran euskerazko hebabideek agerraldi bateratua egin zenduen Donostian. Aurrera begira zein pausu emongo dozuez?

Bai erakundeek bai alderdi politikoek euskerazko komunikabideen estrategikotasuna azpimarratu izan dabe; ostera, ez daukagu neurri horretako babes ekonomikorik. Bide horretan alkarregaz ekimen batzuk garatzen hasi gara; sarritan lehiakide gara, baina beste batzuetan lankidetza funtsezkoa da. Gure asmoa alderdi politiko guztiekaz batzartzea da, eskari zehatz bi aurkezteko: alde batetik, diru-laguntzen sistemea aldatzeko; eta beste alde batetik, publizidade instituzional gehiago txertatzeko. Publizidade gitxi sartzen da gure hedabideetan, eta beharrezkoa dogu diru iturri hori. 450.000 jarraitzaile daukez euskerazko komunikabideek, 2007ko abenduan CIESek egindako azterketearen arabera. Euskal komunidadearen erdira heltzen gara; kontuan hartzeko datua dala pentsetan dogu. Komunidade horrek publizidade instituzionala euskeraz jasoteko eskubidea daukala erixten deutsagu. Alderdiekaz batu ondoren, balorazinoa egin eta ondorioak plazaratuko doguz. Euskerazko hedabide ez publikoen dimensino ekonomikoa be nabarmendu gura dot; izan be, 600 beharginetik gora dira eta 27 miloatik gorako aurrekontua daukagu. Diru-aguntza publikoak jasoten badoguz be, ordezkaezina da hedabideok euskerearen berreskuratzean beteten daben lekua, eta ezinezkoa da guretzat merkatuaren parametro hutsakaz funtzionetea. Ganera, zergen eta gizarte segurantzaren bidez diru kopuru handia itzultzen dogu, 6 miloa euro baino gehiago hain zuzen be. Gure ustez, apostu estrategiko sendoagoa behar dogu erronka barriak daukaguzalako, batez be krisiaren ondorioz eta komunikazinoan dagozan aldaketa eta teknologia barrian iraultzak eraginda. Gaur egungo egoera barriak inbertidutea eskatzen dau, baina hegoak moztuta daukaguz horretarako.


10.- Gaur egun Topaguneak bazkideak daukaz Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Alde handia dago lurralde batetik bestera?

Lurralde bakotxaren errealidadea guztiz desbardina da. Hedabideei jagokonez, esate baterako, umezurtz egotekotan Araba aitatuko neuke. Momentu honetan Araban ez daukagu euskerazko hedabide bat bera be ez martxan. Nafarroan badira komunikabide batzuk, baina gehienak Bizkaian eta Gipuzkoan dagoz. Euskera alkarteei jagokenez, Gipuzkoa eta Bizkaia pareko dagoz, hogeita hamabosna bazkidegaz; Araban bederatzi dira; eta Nafarroan, hamasei. Alde batetik, egoera soziolinguistikoak eragin handia dauka, eta beste alde batetik erakundeen politikek be pisu handia dauke, Nafarroakoa kasua deigarria da, adibidez. Ezin dira konparau Nafarroako gobernuak eta Eusko Jaurlaritzeak euskerazko komunikabideei emoten deutsen laguntasuna. EAEn, ganera, aldundietatik babes erantsi bat dago. Gipuzkoa eta Bizkaian -batez be Gipuzkoan, euskera alkarteen mobimentua zein diputazinoetako euskera zerbitzuak lehenago sortu ziralako- laguntzinoa garrantzitsua da.


11.- Lapurdi, Behe Nafarroa edo Zuberoako alkarterik ez daukazue, zer dala eta?

Topagunearen jarduna lotuta dago bazkideen izaera tokian tokikoari; hau da, herri eta eskualde mailari. Iparraldean ez dogu ezagutzen gure euskera alkarteen izaera beretsua dauken alkarterik. Egon badagoz alkarteak (kultur alkarteak, aisialdikoak…) eta badaukaguz hartu-emona eurekaz, baina normalean lehen aitatu dodan tokikotasuna gainditu egiten da. Etorriko dira Iparraldeko bazkideak, seguru gagoz. Bienbitartean gure sustapen lanean hango hainbat alkartegaz gabiz beharrean.


12.- Oraintsu osotu dabe Euskararen Aholku Batzordea; Topaguneak egin dau balorazinorik osaketearen edo jardunaren inguruan?

Ez, ez dogu balorazinorik egin. Denpora luzea pasau da martxan ipinteko, baina horrezaz gan ez daukagu balorazinorik. Edozelan be, balorazinorik egitekotan jardunari egingo geunskio, baina oraindino goiz da. Ez, ez daukagu ezer esateko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu